'Coco, un poco Loco' musikala aurkeztuko dute larunbatean Baztartxon

Andoni Elduaien 2022ko abe. 6a, 11:00

'Coco, un poco loco' ikuskizuneko irudi bat. (AMB)

18:00etan hasiko da ikuskizuna datorren larunbatean, Baztartxo antzokian. Miguel izeneko pertsonaiaren istorioa kontatuko dute oholtzan, eta hark desio duen amets bat betetzeko bidaia egingo du. Sarrerak oraindik eskuragarri daude Interneten, 14 euroan.

Datorren larunbatean, abenduak 10, Coco, un poco Loco ikuskizuna aurkeztuko dute Baztartxo antzokian. Pedro Pomaresek —Ederra eta Piztia, Miserableak, eta Operaren mamua bezalako filmak zuzendu ditu— zuzenduta, Disneyk ekoitzitako Coco filmean eta Gizateriaren Ondarea bezala izendatuta dagoen Mexikoko tradizioko Hildakoen Egunean oinarritutako lana taularatuko dute han.

Ikuskizunak Miguel izeneko pertsonaiaren istorioa kontatuko du flashbackean. Protagonistak, bere lagun Frida Kahlorekin batera, hildakoen mundura magikoki egingo du bidaia musikari izateko duen ametsa betetzeko asmoz. Bide horretan hainbat abentura biziko ditu hark, eta bere familiaren zati bat nahiz "azken heriotza" izateko zorian dagoen ustekabeko bidelagun komiko bat aurkituko ditu. Hain justu, bidelagun horri bere argazkia Hildakoen Egunean aldarean jartzea ahaztu baizitzaion.

Bide batez, Miguelek mundu horretako mariatxirik ospetsuena ere ezagutuko du, bere herenaitona. Pedro Infante edo Jorge Negreteren estiloan, Mexikoko folklorerik dibertigarrienetan murgilduko dute bidaia. La Adelita edo Cielito lindo abesti mexikarrez eta Coco filmeko beste zenbait abestiz gozatzeko aukera izango dute familiek ikuskizunean zehar.

Aretoko ateak 17:30ean irekiko dituzte, eta emanaldia ordu erdia beranduago hasiko da, 18:00etan. Ikuskizunerako sarrerak salgai daude oraindik Enterticket atarian. Sarreren prezioa 14 euroan finkatu dute ikuskizunaren antolatzaileek, bai beheko eserlekuetan eta bai anfiteatroko eserlekuetan ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide