Anaitasuna garaipenaren bidera itzuli da Urdulizi irabazita

Andoni Elduaien 2022ko aza. 28a, 09:13

Anaitasunako jokalariak larunbatean erdietsitako goletako bat ospatzen. (Anaitasuna)

Hasi eta berehala, neurketa maldan gora jarri zitzaion Xabi Artetxek zuzentzen duen taldeari, baina gorritxoen erreakzioa azkar iritsi zen, eta atsedenaldirako markagailuan aurrea hartu zuen. Neurketaren hondarrean lortu zuten etxekoek hirugarren eta azken gola. Emakumeen Euskal Ligako taldeak, berriz, bana berdindu zuen Zarautzen.

Anaitasunaren gizonen lehen taldeak 3 eta 1 irabazi zion Urduliz taldeari herenegun, larunbata, Txerloian. Xabi Artetxeren taldea galtzen hasi baldin bazen ere, Ander Arabaolazak eta Xabi Soraluzek lortutako golei esker atsedenaldira aurretik iritsi zen taldea. Gehiago izan ziren berdegunean gorritxoak, eta bigarren zatiko luzapenean Dani Marinek lortutako hirugarren golarekin borobildu zuen festa taldeak. Hiru jardunalditan garaipenetik eskuratu gabe egon ondoren, arnasa berreskuratu du Artetxeren taldeak Lagun Onaken aurkako derbiaren aurretik.

2. minutuan, Urdulizen aldeko korner jokaldi batean egin zuten bisitariek huts eta batekoaren gola Txerloian. Kornerra urrundu osteko jokaldian baloiak gorritxoen atzelari bati jo zion, eta zuzenean sareetara zuzendu zen baloia. Berehala erreakzionatu zuen Anaitasunak. 11. minutuan, Ander Arabaolaza aurrelariak Julen Aramendik azpitik eta indartsu erdiratutako baloia lehen ukituan bidali zuen ate barrura, berdinketa lortzeko. Bi eta batekoaren gola, berriz, ordu erdia bete aurretik egin zuen Anaitasunak. Xabi Soraluzek area ertzean oinetan jaso zuen baloia gogor astindu zuen, baina Urdulizeko atzelari bati jo ostean, baloia desbideratu eta ate barruan sartu zen.

Bigarren zatian, abagune gutxi izan ziren bi aldeetan. Anaitasunarena izan zen jokoaren ekimena, baina aurrean berdegunean ondo kokatutako taldea izan zuten gorritxoek. Dena den, Urduliz gizon bat gutxiagorekin gelditu zen amaierarako hamazazpi minutu falta zirenean. Bizkaitarren atzelari batek neurketako bigarren txartel horia ikusi zuen jokaldi bat mozteagatik. Artetxeren taldeak pazientziaz aritu zen, oker gutxi egiteko asmoz, eta saria 90. minutuan lortu zuen. Urdulizeko atezaina bere areatik atera zen baloiaren bila, kontrolak ihes egin zion hari, eta baloiak zelai erdian zegoen Dani Marinen oinetan amaitu zuen. Zarauztarrak jaso zuen leku beretik egin zuen jaurtiketa atera, eta hala lortu zuen Anaitasunaren aldeko gola. Segituan, gainera, Urdulizeko beste jokalari batek txartel gorria ikusi zuen.

3 eta 1 irabazi zuen Anaitasunak; "beharrezko garaipena" eskuratu zuten gorritxoek. Datorren larunbatean, abenduak 3, Anaitasunako gizonen lehen taldeak Azpeitian jokatuko du Lagun Onaken aurkako derbia. Gaur-gaurkoz, Anaitasunak 13 puntu ditu, eta hiru gutxiago, 10 puntu, Lagun Onakek. Neurketa 17:00etan hasiko da Garmendipe zelaian.

Azken unean, berdinketa

Emakumeen lehen taldeak, berriz, bana berdindu zuen larunbatean Zarauzko Asti futbol zelaian. Atsedenaldira hutsean iritsi ondotik, neurketa amaitzeko hogei minuturen faltan lortu zuen Anaitasunak aurretik jartzea. June Diazek egin zuen gola. Hiru puntuak Anaitasunarentzat izango zirela zirudienean, ordea, zarauztarrek berdinketaren gola egin zuten.

Dena den, Mikel Barkeroren taldeak puntua urratu zuen Zarautzen. Datorren asteburuan, Añorga 'B' taldearen aurka jokatuko dute gorritxoek. Txerloian arituko dira, 16:30etik aurrera.