Santos Muñoz, Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketako txapeldunorde

Andoni Elduaien 2022ko aza. 23a, 13:30

Santos Muñoz, erdian, txapeldunordearen garaikurrekin. (Floreaga bolo taldea)

Guztira, 25 txirlo bota ditu Floreaga taldeko bola jaurtilari azkoitiarrak txapelketak iraun duen sei asteetan. Bosgarren jardunaldian lehen postuan jarri bazen ere, Aramaion (Araba) jokatutako azken jardunaldian ihes egin dio txapelak.

32. Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketako txapeldunordea da Floreaga taldeko Santos Muñoz bola jaurtilaria. Joan den larunbatean, Aramaioko (Araba) Etxaguen bolatokian jokatu zuten txapelketaren azken jardunaldia, baina emaitza gazi-gozoarekin itzuli ziren etxera azkoitiarrak. Izan ere, sailkapeneko liderra zela joan zen hara Muñoz, baina bi txirlo bota zituen hark, eta sailkapenean atzetik zuen Jose Angel Ogizak sei txirlo. Gutxigatik, baina ez zen txapela lortzeko gai izan Muñoz.

Urriaren 8an hasi zuten txapelketa Eibarko (Gipuzkoa) Asola Berri bolatokian, eta harrezkero, larunbatero-larunbatero jokatu dituzte jardunaldiak. Bigarren saioa, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Barinaga bolatokian jokatu zuten, eta orduan, Gorka Etxaniz Muñozen taldekideak irabazi zuen lehia. Muñozek bost txirlo zituen botata bigarren jardunaldirako, eta sailkapeneko hamalaugarrena zen.

Aramaioko (Araba) Untzillan, Ziortza-Bolibarko (Bizkaia) Iruzubietan, Leintz Gatzagan (Gipuzkoa) eta Aramaioko Etxaguenen jokatutako azken probetan, ordea, gorabehera handiak izan dira sailkapenean. Muñozek, esaterako, jauzi handia egin du sailkapen orokorrean; izan ere, txapelketa guztian zehar bota dituen 25 txirlotatik hogei azken lau asteetan bota ditu azkoitiarrak. Gainera, Leintz-Gatzagan txapelketaren buruan jartzea lortu zuen hark, zazpi txirlo bota eta proba irabazita. Aramaion, ordea, Ogizak hartu zion aurrea sailkapenean.

Muñozek bigarren postuan amaitu du txapelketa, Ogiza txapeldun mallabitarrak (28 txirlo) baino hiru txirlo gutxiago botata, eta hirugarren sailkatu den Sebastian Arantzabal elgetarrak (23 txirlo) baino bi txirlo gehiago botata. Jubilatuen sailkapenean ere bigarren postua lortu du Muñozek. Hain zuzen, sailkapen orokorreko lehen laurak dira jubilatuak.

Txapelketako parte hartzaileak eta antolatzaileak, Aramaioko Etxaguen bolatokian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide