Azaroaren 25a

Emakumeek "lan munduan bizi duten zapalketaz" hitz eginez hasi ditu Itaiak A25aren bueltako ekintzak

Nerea Uranga 2022ko aza. 19a, 20:32

Azaroaren 25aren bueltan Urola Erdiko Itaiak gaur Elkargunean egin duen hitzaldia. (Argazkia: Urola Erdiko Itaia)

Gaur, zapatua, mahai ingurua egin dute Azkoitiko Elkargunean. Urola Erdiko Itaiako kideez gainera, zaharren egoitzetako langileek parte hartu dute solasaldian.

Urola Erdiko Itaiak gaur, zapatua, hasi ditu Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu dituen ekintzak. Hain zuzen, mahai ingurua egin dute Elkargunean, 11:30ean hasita. Itaiako zenbait lagunek eta adinekoen egoitzako langileek parte hartu dute solasaldian.

Gaur egun gizartean "klase bereizketa" ematen dela azaldu dute gaurko solasaldian parte hartu dute Itaiako kideek: "Klase bereizketa badago, eta hori sostengatzen duena gizarte kapitalista da. Gainera, klase bereizketa antagonikoa da, zapalkuntzan oinarritua". Lan banaketaz ere jardun dute hizlariek, eta besteak beste, "lan banaketa sexuala" gertatzen dela nabarmendu dute: "Emakumearen lan indarrak balio gutxiago dauka gizartean, eta horrek lanaren prekarizazioa dakar, baita lanbideen feminizazioa ere. Horrek, kapital metaketa ahalik eta handiena izatea ahalbidetzen du".

Itaiako kideez gainera, adinekoen egoitzetako langileek ere hartu dute hitza gaurko solasaldian. Behargin horiek beren lan eta bizi egoeraren berri eman dute, Elkargunean bildutakoen aurrean. Egoitza kudeatzen duen enpresak "langileen bajak ordezkatzeko langilerik ez" duela jartzen salatu dute, eta horregatik lan bera langile gutxiagoren artean egin behar izaten dutela. "Horrek lan denak egitera iritsi ezina eta lan karga handiak eragiten dizkigu, eta egoiliarrei arreta duin bat emateko zailtasunak izaten ditugu", adierazi du hitzaldian parte hartu duen egoitzako langileetako batek. Dituzten lan baldintza "eskasen" ondorioz, lana "nekagarria eta gogorra" egiten zaiela gaineratu dute.

Urola Erdiko Itaiako kideek adierazi dutenez, egoitzako langileek gaur mahai inguruan azalduta dituzten egoerak "larriak" dira: "Lanean dituzten lan baldintzak eskasak dira oso; gehienek lan partziala dute, ez dute ordutegi fijorik ezta egonkortasunik ere. Ezjakintasunean eta ezinegonarekin bizi dira, ez dakitelako lanera joatea noiz tokatuko zaien". Horrez guztiaz gainera, "egoiliarrengatik eraso matxistak jasan behar" izaten dituztela salatu dute Itaiak antolatutako mahai inguruan parte hartu duten egoitzako langileek: "Ukitzeko saiakerak, irainak, gaizki tratatzea eta abar". Horrelako kasu baten aurrean, egoilarrarekin psikologo saio bat egin ohi dela azaldu dute, "baina jarraipenik ez dutela izaten saio horiek".

Egoiliarren senideekin langileak egon izan direla aipatu dute mahai inguruan, beren lan baldintzen inguruan hitz egiteko. Udalaren aldetik, ordea, egoitzako langileek "inolako laguntzarik ez" dutela jaso adierazi dute gaurko hitzaldian.

Azaroaren 25erako ekitaldiak

Gaurko mahai inguruaz gainera, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean bertan ere egingo dituzte ekintzak. Hain zuzen, datorren ostirala da Azaroaren 25a, eta orduan, kafe tertulia eta mobilizazioa egingo dituzte Urola Erdiko Itaiako kideek. Kafe tertulia 17:30ean hasita egingo dute, Elkargunean. Ondoren, 19:00etan, mobilizazioa egingo dute herriko plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide