Letren erreinuaren zimendua

Anartz Izagirre 2022ko abe. 8a, 15:24

Gema Lopez Las Heras eta Urko Azpitarte, Kultur Etxearen atarian. (Anartz Izagirre)

Irakurle talde berri bat jaio da Azkoitian. Joan zen ekainean egin zuten estreinako saioa, eta irailean egin zuten bigarrena; Iñigo Aranbarriren gidaritzapean egiten dituzte horiek. Espero gabeko arrakasta izan dute, eta bi hilabetez behin saio bat prestatzeko lanean dihardu taldeak.

Irakurraldi batek sarritan ez du liburu baten ñabardura guztiak hautemateko betarik lagatzen; are gehiago, liburu bera beste behin irakurri, eta xehetasun gehiagoren berri jakiteaz aparte, liburu desberdin bat irakurri duzula pentsa zenezake. Tankerako sentsazioa utz dezake irakurle talde batean parte hartzeak. Sinplea da saio horien dinamika: egun horretan landuko den liburuaren berri ematen dute aurrez –normalean, aurreko saioetan–, eta liburua irakurri ondoren, dinamizatzaile baten gidaritzapean, lan horren gainean hitz egiteko eta iritziak trukatzeko abagunea sortzen da. Azkoitian ere bada halako talde bat, eta bi saio egin dituzte jada.

Urko Azpitarte (Azkoitia, 1982) eta Gema Lopez Las Heras (Azkoitia, 1989) dira Xabier Arenazarekin batera irakurle taldea martxan jarri zutenetako bi. Iñigo Aranbarri idazleari proposatu zioten saioak gidatzea, eta baietz esan zuen hark. Hala, joan zen apirilean, Geure Gelatik liburu azokan eman zuten Azkoitiko Irakurle Taldea sortzearen berri. Ez da herrian irakurle talde bat biltzen den lehen aldia; izan ere, aurrez, esaterako, Zilarrezko Arrantxoak deituriko taldea elkartzen zen Aizkibel liburutegian.

"Ikusten genuen Azkoitian bazegoela irakurle talde bat sortzeko beharra eta euskarazko irakurle dezente bildu ahal zituen potentziala", azaldu du Lopez Las Herasek. Eta datuek erakutsi dute interesa, behintzat, sortu duela taldeak. "Honekin guztiarekin hasi ginenean neu nintzen ezkorrena. Iruditzen zitzaidan gutxieneko jende kopuru bat elkartu behar genuela saioak egiteko, eta lortuko ote genuen zalantzak nituen. Ez nuen uste lehen bi saioetan 15-20 pertsona inguru bilduko ginenik", azaldu du Azpitartek. Aurrez Donostiako irakurle talde bateko kide ere izana da hura, eta gutxi gorabehera han ere jende kopuru bera batzen zirela dio.

Gema Lopez: "Ikusten genuen Azkoitian bazegoela behar bat irakurle talde bat sortzeko"

Lopez Las Herasek gehitu du, gainera, "jende oso diferentea" bildu direla orain arteko saioetan, 20 urte pasatxo dituen jendea zein 70 urte artekoak. Hori bai, gehienak emakumeak: "Denetarik juntatu gara, baina emakumeak gara gehienak. Hori irakurle talde askotan gertatzen da". Horrek asko harritu zuen Azpitarte: "Donostiako irakurle talde batean ibili nintzenean, asko jota, 30 urtez azpiko bi partaide egongo ginen. Beste guztiak 50 urtetik gorakoak ziren".

Nobelak bakarrik ez

Bi hilabetean behin batzen da Azkoitiko Irakurle Taldea, eta momentuz, bi liburu landu dituzte: Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa (Susa, 2021) eta Iker Sanchok itzulitako Anton Txekhoven 31 ipuin (Elkar, 2022). Aranbarri da liburuak hautatzearen arduraduna. "Badaki nondik tira", dio Lopez Las Herasek. Azpitartek dio hainbat irizpide kontuan hartzen saiatzen direla liburuak hautatzerakoan, eta besteak beste, literatur generoaren aldetik denak nobelak izan ez daitezen saiatzen direla, baita idazleen generoaren alternantzia bermatzen ere. Euskarazko itzulpenak ere bultzatu nahi dituzte, adibidez, eta horren erakusle da 31 ipuin hautatu izana. "Jendeari falta zaio euskarazko itzulpenetara jotzea; errazago jotzen dugu erdarara", dio Lopez Las Herasek.

Saioetan parte hartzeko ez dago literatur aditua izan beharrik, antolatzaileen arabera. "Ez dago inondik inora maila jakin bat eduki beharrik. Iritziak, ikuspuntua eta abar partekatzeko gunea da", azaldu du Lopez Las Herasek. Azpitartek irakurketa praktika kolektiboa izan daitekeela aldarrikatu du: "Buruan izan ohi dugu irakurketa bakarkako ariketa bat dela, baina ondo irakurtzen ikasteko garrantzitsua da beste irakurleekin iritzi trukaketa egitea. Horretarako foro aproposa da irakurle taldea".

Urko Azpitarte: "Kultur ekitaldi deitzen ditugunak hiriburuetako kontu ari dira bilakatzen"

"Irakurzaletasuna sustatzeko eta partekatzeko asmoz" sortu dute Azkoitiko Irakurle Taldea, horretarako beharra ikusten dutelako; batez ere, euskaraz. "Iruditzen zait irakurketak gauza positibo asko ematen dizkigula irakurleoi; mundua ezagutzeko bide bat da", arrazoitu du Azpitartek. Lopez Las Herarentzat liburuei "beste ikuspegi batetik heltzeko aukera" sortzen da irakurle taldeetan: "Ikuspegi oso global bat lor daiteke, eta elkarrizketa oso politak sortzen direla iruditzen zait".

Azpitarterentzat garrantzitsua da halako taldeak Azkoitian ere egotea: "Kultur ekitaldi deitzen ditugunak hiriburuetako kontu ari dira bilakatzen, eta alde horretatik oso positiboa iruditzen zait Azkoitian irakurle taldea egotea". Lopez Las Herarentzat modu egokia izan daiteke irakurle taldea irakurzaletasuna sustatzeko: "Dena bat-batekoa izatera ohituta gaude, eta jendeak ez du denborarik hartzen liburu bat lasai irakurtzeko".

Azkoitiko Irakurle Taldearen lehen saioko irudia.

Aranbarrirentzat, "sorpresa"

Donostiako Alde Zaharreko Irakurle Taldea ez ezik, Azkoitikoa ere gidatzen du orain Iñigo Aranbarrik, eta antolatzaileen moduan, hark ere ez zuen espero hainbeste jende juntatzea: "Bazegoen hutsune bat, eta iruditzen zait antolatzaileek asmatu dutela hutsune hori betetzen". Kopuruz, Donostian baino jende gehiago batu da momentuko saioetan Azkoitian, Aranbarriren esanetan. "Gainera, jende gaztea dago tartean, eta profila apur bat desberdina da. Askotan irakurle taldeetako saioetara jubilatzetik gertu dagoen jendea joaten da, eta Azkoitian espektro zabalagoa dago".

Liburuak hautatzeko irizpideei dagokienez, azkoitiarra bat dator antolatzaileekin, eta euskarazko jatorrizko liburuak zein itzulpenak tartekatzen saiatuko direla dio, baita beti literatur genero bera ez hautatzen ere: "Prosa da nagusitzen dena, baina garbi dago beste genero batzuetara ere zabalik dagoela jendea".

Bestalde, Aranbarrik argi utzi du irakurle taldearen saioak ez direla eskolak: "Lagunarteko giroa egoten da, eta inor ez da behartzen zerbait esatera. Inoiz liburua irakurri gabe ere etorri izan da norbait. Jende hori ere ongietorria da". Azkoitiko taldea "dinamikoa" dela gehitu du, eta "eroso sentitzeko giroa" sortzen dutela. Halako taldeen garrantziaz ere aritu da: "Irakurle txokoek dutena da liburu batekin sartzen zarela saiora eta beste batekin ateratzen zarela. Denon artean liburua osatu egiten dugu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide