Ganadua, margolanak eta herri kirolak, Baserritarren egunerako

Julene Frantzesena 2022ko abu. 17a, 14:08

Ganadu erakusketa, XXXIX. Inazio Iriarte margo lehiaketa, herri kirol erakustaldia eta jubilatuen meza izan dira, besteak beste, gaur goizean eta eguerdian. Arratsaldean ere izango da zer egin; besteren artean, umeentzako tailerrak eta jolasak, dantza txapelketa, Marea Urdinaren hitzaldia, bertso afaria, erromeria eta suzko zezena izango dira.

Andremari jaiak hasi dira azken txanpara iristen. Hiru eguneko festak igarota, baina, gaur ere jai giroan murgilduta dira herritarrak, Baserritarren egunaz gozatzen. Goizean goiz, 09:00ak eta 10:00ak bitartean, XXXIX. Inazio Iriarte margo lehiaketarako zigiluak banatu dituzte Portaleburu aretoan; orotara, 22 lagunek parte hartu dute lehian, eta horiek herriko hainbat txokotan aritu dira eguerdian entregatu beharreko lanak egiten.

Giroa alaitzeaz, berriz, tritikilariak eta dultzaineroak arduratu dira, eta Plazaberrin ganadu erakusketa ere izan da; hainbat ganadutegitako abelburuak izan dira ikusgai. Erraldoiek eta buruhandiek ere ez dute hutsik egin, ezta Baserritarren egunez urtero izaten diren elikagaien postuek ere.

12:00etan, berriz, herri kirol jaialdia izan da plazan. Juanjo Sagastibeltzak gidatuta, aizkoran eta harri jasotzen aritu dira hainbat kirolari; Txikia IV.a azkoitiarra, Larrañaga, Mugertza eta Basozabal aizkolariak, eta Goenatxo III.a, Eizmendi nahiz Aroa Sanchez harri jasotzaileak. Plazan hainbat eta hainbat herritar elkartu dira jaialdiaz gozatzeko.

Gainera, jubilatuen eguna ere gaur ari dira ospatzen, eta 12:30ean meza izan da Andre Mariaren Jasokundeko parrokian. Eguerdian, berriz, 90 urte bete dituzten herritarrek nahiz haien familiek bazkaria egingo dute Kiruri jatetxean, eta ondoren, udalaren oroigarri bana jasoko dute horiek.

Arratsaldean ere izango da ekitaldirik; besteak beste, Txiki Chef tailerra, jolasak, dantza txapelketa nahiz pintura lehiaketako sari banaketa izango dira, baita Fan&Go taldearen erromeria eta suzko zezena ere. Txosnagunean ere ekintza ugari egingo dute gaur, hala nola sentsibilizazio jolasak, Iagomagoren emanaldia, Marea Urdinaren hitzaldia eta bertso afaria.

Hona hemen datozen orduetako egitaraua:

Gaur, Baserritarren eguna

16:00. Sentsibilizazio jolasak, txosnagunean.

17:30. Txiki Chef eta jolasak: skate eta 1 Formula simuladoreak. Herriko plazan.

17:30. Iagomagoren emanaldia, txosnagunean.

18:00. Bikote helduen Dantza Txapelketa, Elkarguneko Herriko plaza aretoan.

19:00. Marea Urdinaren hitzaldia, txosnagunean.

19:30. XXXIX. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa, Portaleburun.

21:00. Bertso afaria, txosnagunean.

22:00. Fan&Go taldearekin erromeria, Balda plazan.

23:00. Suzko zezena, Balda plazan. Ondoren, erromeriak jarraituko du.

Abuztuaren 18a, Koadrillen eguna

11:00. Atletismo saioa, Balda plazan. Ondoren, XIX. Andramaixetako Milia eta XVIII. Kale atletismo erakustaldia, Xeye atletismo taldeak antolatuta.

12:30. Koadrillen arteko jolasak, txosnagunean.

14:30. Bazkari herrikoia, herriko plazan.

16:30. Brincadeira batukada taldea, herriko kaleetan.

17:30. Apar festa eta ur jolasak, Balda plazan.

18:30. Zezenak, Plazaberrin.

18:30. Pintxopotea eta otarrearen zozketa, txosnagunean.

22:00. Mariachi Imperial taldearekin dantzaldia, herriko plazan.

00:00. Suzko zezena, herriko plazan.

00:15. Perkulights batukada taldea, herrikokaleetan.

23:00-02:00. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliza atarian, Eusko Jaurlaritzak babestuta.

23:00-02:00. SexuBizi zerbitzua eskainiko da. Informazio, aholkularitza eta genero erasoen aurkako babes gunea.

01:00. Errege Sound Systemen emanaldia, txosnagunean.

Abuztuaren 20a, zapatua

22:00. XII. Diva-Sat idi dema saria, herriko probalekuan.

Abuztuaren 22a, astelehena

22:00. XII. Diva-Sat idi dema saria, herriko probalekuan.