Non daude San Jose egoitzako arduradunak?

Luis Mari LarraƱaga 2022ko api. 12a, 10:31

San Jose egoitzaren inguruko honako gutun hau igorri dio Maxixatzeni Luis Mari Larrañagak.

Azkenengo bi urteetan pandemiaren eta ziurtasunaren aitzakia zen, eta aurtengoa, zein?

Erramu Igandea. Goizean San Jose egoitzara joan naizenean erramu bedeinkatu adartxoekin, ikustekoa zen gure egoiliarren poza, norbait beraiekin akordatu delako. Niri, berriz, sekulako pena eta amorrua eman dit, arduradunak ez dituztelako gauza hauek guztiak kontutan hartzen.

Adineko hauentzat oso garrantzitsua da txiki-txikitatik bizi izandako ohiturekin jarraitzea, eta zer esanik ez, Aste Santu inguruko bizipen erlijiosoak mantentzea. Gauza hauek oso barneratuta dituzte, bizipoza ematen die eta herri-komunitatean oraindik hor daudela sinetsi arazten die.

Ez da bada oso gauza zaila behar denarekin harremanetan jarri eta zeremoni txiki bat prestatzea Aste Santuak beren gain duen eragin hori betetzeko! Kontuan izanda beraientzako hain ederrak diren prozesioak zuzenean ikusteko aukerarik ez dutela.

Non dago egoitza gestionatzen duten pertsona horien sentiberatasuna? Ziur burutik pasa ere ez zaiela egin horrelako ekintza txiki batek zenbat balio duen adineko jende horrentzat. Ardurarik ez? Inportarik ez? Kamera eta publikorik ez txaloak jasotzeko? Aintzakotzat hartu ere ez gure egoiliarren nahiak. Gero esateko egoitzetako eredua "pertsonetan" zentratua dagoela. Ez dago itxura handirik!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide