'Artxipielagoa' emanaldiarekin hasiko dute 26. Udaberriko Musikaldia

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 4a, 13:11
Andoni EgaƱa bertsolaria eta Sonia Vazquez kultura zinegotzia aurkezpenean.

Datorren zapatuan, 18:30ean, Santa Kutz komentuan, Artxipielago ikuskizuna eskainiko dute.

 

Artxipielagoa izena zergatik duen adieraziz hasi du prentsaurrekoa Egañak. "Artxipielagoa elkarrengandik bereizita baino elkarren ondoan dauden irlek osatzen dute", azaldu du bertsolariak. "Bakoitza bere irlako hondartzara joan, eta hodei ertzean beste irla bateko hondartza ikusten denean, jakinmina sortzen da. Irla desberdinetako artistak elkarrekin bidaia bat egingo dugu", adierazi du Egañak. Ainhoa Garmendia sopranoak, Andoni Egaña bertsolariak, Pello Ramirez txelo eta eskusoinu jotzaileak, Garikoitz Mendizabal txistulariak, German Ormazabal piano jotzaileak eta Belen Ibarrola artistak hartuko dute parte Artxipielagoa ikuskizunean.

Egañak esatari lanetan irla eta artxipielagoen inguruko erreflexio-hizketaldia eta musikaren nahiz kulturaren inguruko beste hainbat gogoeta eskainiko ditu, "bertsolariek egin ohi duten inperfekzioaren apologia" egingo du adierazi duenez. Bertsolariaren hitzekin batera, beti ere Garmendia, Ormazabal, Mendizabal eta Ramirezen musika, eta Ibarrola arte zuzendariaren irudi eta bideoen proiekzioa egingo da.

Ukitu klasikoa izango du egitarauaren lehen atalak, eta euskal kultura-ondare klasikoko abestiak eta abesti herrikoiak eskainiko dira. Bigarren atalean, berriz, gaur egundik gertuago dauden sei-zazpi kanta eskainiko dituzte. "Publikoak gurekin batera kantatzea da gure asmoa", gehitu du Egañak. Ordu eta erdi inguru iraungo du emanaldiak.

Sonia Vazquez kultura zinegotziak jakinarazi duenez, Eroski Txiki parean autobusa egongo da 18:00etan Santa Kutz komentura joateko. Arxtipielagoa ikuskizunaz gain, Maiatzaren 13an BAY Trio taldearen emanaldia izango da, maiatzaren 20an Donostiako Orfeoi Txikiaren eta Bartzelonako Palau haur abesbatzaren emanaldia izango da, eta 26. Udaberriko Musikaldia Musbika talde instrumentalak itxiko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide