40 taldekide ingururekin hasi du denboraldia Azkoitri Triatloi Klubak

Maxixatzen.eus 2017ko ots. 25a, 10:40
Argazkian, 2017ko Azkoitiko triatloi taldeko kide batzuk.

Gaur goizean Azkoitri Trialtloi Klubak taldeko argazkia atera du Oteiza pilotalekuan. 2017 denboraldian, guztira, 40 taldekide inguru lehiatuko dira. Aurten, gainera, bederatzi taldekide berri batu zaizkie klubera.

 

Taldean 10 kide daude azkoitiarrak, bi errezildar eta bi zestoar eta Albisturko, Elgoibarko eta Bergarako kide bana, eta gainerako guztiak azpeitiarrak dira. Aurten bederatzi kide berri batu zaizkie taldera. Honako hauek dira: Aitor Andreu eta Manex Larrañaga azkoitiarrak; Aitor Azpiazu, Iban Amenabar, Julen Lopetegi, Joxe Circujano, Ander Ostolaza eta Iban Pineda azpeitiarrak, eta Iñaki Gabilondo elgoibartarra.

Bestalde, apirilaren 9an Azkoitiko XVIII. Duatloia izango da, eta aurten, aurreneko aldiz, ekainean izaten zen duatloi herrikoia egun berean egitea pentsatu dute. Berez, bi duatloi izango dira apirilaren 9an Azkoitian. Bata, Azkoitiko IV. Duatloi Herrikoia, federatu gabekoentzat izango da, eta bestea, aldiz, federatuentzat.

Herrikoia 10:00etan hasiko da, eta parte hartzaileek egin beharrekoa hau da: Bi kilometro korrika, zortzi kilometro bizikletan eta bukatzeko beste kilometro bat korrika. 11:30ean, berriz, Azkoitiko XVIII. Duatloia hasiko da. Beste urtetan baino motzagoa izango da aurtengoa: bost kilometro korrika, hogei kilometro bizikletan eta azkenik, beste bi kilometro eta erdi korrika.

Aitor Beneitez triatloi taldeko ordezkariak azaldu du 25. urteurrena dela-eta, zerbait desberdina antolatu nahi zutela eta horregatik aurten bi probak egun berean jartzea erabaki dutela.

Argazkian, Aitor Beneitez Tertzio, triatloi taldeko ordezkaria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide