Xanti Artetxe eta Javier Saenz: "Ardura handiko lana da danborrada zuzentzea"

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 26a, 12:31
Xanti Artetxe eta Javier Saenz, helduen danborradako zuzendariak.

Xanti Artetxe Etxeza (1961, Azkoitia) Ixkitturri taldeko zuzendaria da, eta Javier Saenz Kixona (1966, Azkoitia), berriz, udaleko taldeko zuzendaria. Biak helduen danborradako zuzendari beteranoenak dira. Umetan hasi ziren zuzentzen, eta, ordutik, ardura handiz betetzen dute euren postua. 

 

Noiztik zarete danborradako zuzendari?

Javier Saenz: Sukaldari irteten hasi nintzen ni haurren danborradan, txorizoa lepotik jantzita, saltoka; inoiz ez dut danborrik jo. Handik urte gutxira, nik 5-6 urte nituela, zuzendaria behar zutela esan zion aitari Inaxio Pipixe-k. Orduan Altamiran zegoen kantzelera joaten hasi nintzen, eta han Pipixek erakutsi zidan nola zuzendu behar zen. Ordutik, hiru bat urtean-edo ez naiz irten danborradan, baina gainontzean, urtero.

Xanti Artetxe: Ni 8-9 urterekin irten nintzen aurreneko aldiz haurren danborradan, sukaldari, eta handik bi urtera hasi nitzen zuzentzen. Helduen danborrada, berriz, 1978an zuzendu nuen aurreneko aldiz. Uria zegoen orduan herrian alkate; pentsa noizko kontuak ari naizen kontatzen. Ordutik, urte batzuetan geratu naiz parte hartu gabe: andregaiarekin oporretara joaten nintzelako edota soldadutza egitera joan nintzelako.

Izan ere, garai batean andramaixetan izaten zen helduen danborrada.

X.A: Bai. 2000. urtean-edo hasi ginen San Andres jaietan jotzen; orain beste gauza bat izaten da helduen danborrada. Lehen, bi talde bakarrik irteten ziren: sukaldariak eta barrilleroak.

J.S: Hori da: lehen, 50 lagun bakarrik ateratzen ziren danborradan, eta gaur egun, berriz, 300-400 bat herritar irteten gara, eta ikusleak ere askoz gehiago izaten dira.

Ixkitturriko eta udaleko taldeak zuzentzen dituzue. Zergatik?

J.S: Geuk ere ez dakigu horri erantzuten. Pentsa, ni Ixkitturri elkarteko kidea naiz, eta Xantik zuzentzen du han. Gai horretaz ez dugu inoiz eztabaidatu; ez digu axola taldez aldatzea egoerak horretara behartuz gero.

Giro ona al duzue taldean?

J.S: Taldekoekin baino saltsa gehiago izaten dugu zuzendariok geure artean. Horrez gain, udaleko Kulturako kideekin ere afari eta bilera asko egiten ditugu, eta giro ona daukagu.

Nolatan hasi zineten zuzentzen?

X.A: Txikitan txistua jotzen nuen, eta Manolo Itxulapikoz-ek behin zera esan zidan: “Hik musikari buruz badakik, eta hi zuzendari”. Hark erakutsi zidan niri zuzentzen.

J.S: Lehen, entseguetan ez zen ez megafonorik ez ezer egoten. Orduan, nire aita eta Balentin Kale joaten ziren entseguetara piezak zuzenean jotzera, aita klarinetearekin eta Kale saxofoiarekin. Frontoi erdian jartzen ziren kantak jotzeko. Zuzendari baten beharra zuten, eta aitak semea jarriko zuela esan zuen. Nik orduan 5-6 urte nituen, eta aitak eta Pipixek erakutsi zidaten zuzentzen.

Beteranoek hobeto jotzen al dute danborra?

X.A: Ez du zerikusirik: beterano batzuek oraindik ez dakite danborra jotzen, eta gazte hasiberri batzuek oso ondo jotzen dute, haurren danborradatik datozelako edo.

Zer behar da danborra ondo jotzeko?

X.A: Belarri ona, lehenik eta behin.

Eta zuzentzaile ona izateko?

X.A: Guk musikari jarraitu behar diogu. Erritmoa ondo eramatea da garrantzitsua.

Azpeitiarrentzat eta donostiarrentzat, azkoitiarrek ez dakite danborra hain ondo jotzen.

X.A: Azpeitian, esaterako, askoz jende gehiagok jotzen du danborra, 800 batek, eta jotzen dituzten zenbait pieza konplexuak dira. Baina, hala ere, Azpeitian eta Azkoitian jotzen diren piezak azpeitiarrek baino hobeto jotzen ditugu guk. Azkoitiko plazan zarata hobea ateratzen dugu [barrez].

J.S: Danbor jotzaile denak musikariak izango balira, askoz hobeto joko lukete. Gainera, Azpeitian ere hemengo gauza bera gertatzen da: esku batean makilak eta bestean purua. Horrela zaila da danborra ondo jotzea. Guk hobeto jotzen dugu, haiek ez dute hori esaten baina… [barrez].

Zergatik gustatzen zaizue danborradan irtetea?

X.A: Ohitura bihurtu zaigu azkenerako. Behin hasi ginen, eta hortxe jarraitzen dugu. Baina niri ez zaizkit urte asko gelditzen; erretiroarekin pentsatzen hasita nago. Ba al dakizu zenbat urte egin ditudan?

Gero ez al dizu pena emango?

X.A: Ez dut uste. Egindako dena hor geratzen da. Hori bai: danborrada guztiz utzi aurretik barrika jotzen irtengo naiz. Hori seguru.

Duela bost bat urte pieza berriak sartu zenituzten danborradan.

J.S: Bai, Xoxote eta Azkoitia. Lehena Xoxote elkartekoa da, Kandido Beristainek sortua. Bigarrena, berriz, Miguel Mari Azpiazuren musika da, eta Don Anastasiok sortu zituen hitzak. Biak danborradan jotzeko sortuta zeuden, baina ez ziren jotzen. Orduan, musika eskolara joan nintzen, eta hango irakasle batek, partiturak irakurriz, danborra nola jo behar zen erakutsi zidan.

Kanta berri gehiago jotzeko asmorik ba al duzue?

J.S: Oraingoz, ez. Ez da hain erraza herriko piezak bilatzea, eta guk, behin berriak sartzen hasita, herriko kantak bakarrik nahi ditugu.

Seme-alabei zuzentzen irakasteko asmorik bai?

J.S: Bai, ni ari naiz 14 urteko alabari erakusten, hark ere nahi duelako danborradaren saltsan ibili. Nire ondoan ateratzen da orain. Koskortzen denean, besteren bat sartu beharko dugu.

X.A: Txikiena irtendakoa da nirekin, eta orduan esaten zidan: “Zuk zuzendari izateari utzitakoan ni hasiko naiz”. Baina uste dut ahaztu zaiola hori.

Zuen zeregina taldeari agintzea izaten al da?

X.A: Bai. Bestela, nahaste-borrastea izango litzateke. Norbaitek agindu behar du. Guk ardura bat hartzen dugu, eta lan hori ahalik eta ondoena egiten saiatzen gara. Ardura handiko lana da danborrada zuzentzea. Nik beti esaten diet taldekoei: “Kalean nahi duzuena egin, baina plazan txintxo egon”.

J.S: Guk ere danborrada eguneko afarian kopa hartzen dugu, baina zuzendari guztiok gure rolean joaten gara beti kalean. Diziplina militarra jartzen ez gara hasiko, baina batzuei errieta pixka bat egin behar izaten zaie. Taldeak 20-30 metro izaten ditu, eta zaila izaten da batez ere atzekoak kontrolatzea.

Oinez atzeraka denbora asko pasatu behar izaten duzue.

J.S: Bai, baina erraza izaten da. Azkenerako, ohitu egiten zara.

X.A: Atzeraka joatean arazo bat gertatzen da: zaldiaren kaka zapaltzeko arriskua [barrez]. Danbor jotzaileek abisatzen digute: “Kontuz, e, kaka!”.

Urduri egoten al zarete egun horretan?

X.A: Ez. Lehen, sasoi batean, bai, baina orain ez. Kailu hori egina daukagu.

J.S: Ezta batere.

Hanka sartu al duzue inoiz zuzentzean?

X.A: Bai, noski [barrez]. Hori normala da gainera, ezta?

J.S. Bai [barrez]. Askotan, entseguetan neuk botatzen diet begirasuna gaizki jotzen dutenean, eta, neuk hanka sartzen dudanean, laster esaten dizkidate gauzak.

X.A: Erraza izaten da arreta galtzea, gaizki jotzen duen bati begira egoten bagara entseguetan; azkenerako, geu ere nahastu egiten gara. Horregatik, kontzentrazioa ez galtzeko, askotan gora begira egoten gara. Nik beti esaten dut frontoiko “Azkoitiko Udala” hizkiak begietan gastatuak izaten ditudala azkenerako.

Danbor jotzaileak, kalean hanka sartzen badute, asko nabarmentzen dira.

J.S: Hori, batez ere, plazan gertatzen da, denok batera gaudenean. Norbaitek isildu behar denean jotzen badu, denok batera okertzen dugu lepoa hari begiratzeko: “Hura izan da”.

Beraz, nahiz eta danborra nola jo ikasita egon, beti zuei begiratzea komeni izaten al da?

X.A: Bai, komeni da. Plazan normalean denek begiratzen digute, baina kalean ezberdina izaten da, han albora begira joaten dira-eta gehienak.

J.S: Hori da. Plazan taldea zurekin dagoela sentitzen duzu. Niretzat, plazako une hori izaten da bereziena; asko gustatzen zait.

X.A: Niretzat ere bai. Oso ezberdina izaten da, bandarekin jotzen dugulako eta berriz kanta guztiak jotzen ditugulako. Baldan ere bandarekin jotzen dugu, baina han ez da ondo entzuten musika. Plazako momentua da ederrena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide