Juanjo Sagarna: "Inoiz ez zait espiriturik azaldu; fantasma batzuk bai"

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 17a, 10:57
Juanjo Sagarna Albizu, Azkoitiko hilerriko lurperatzailea.

Zertan lan egiten duzu? "Enterradorea" naiz. Zer? Entrenatzailea? Bai, badmintonekoa [barrez]. Umorearekin hartzen du bere lana Juanjo Sagarna Albizu lurperatzaileak (Zestoa, 1968); izan ere, ez da ohikoa lurperatzaile ofizioa. Formazioz lorezaina bada ere, lurperatzaile hasi zen, kasualitatez, eta 2007tik ari da lanean Azkoitiko kanposantuan.

 

Gustuko al duzu zure lana?

Ia lan guztiak bezala, alde onak eta txarrak ditu. Hala ere, tailer batean lan egitea baino askoz nahiago dut kanposantuko belardietan lan egitea. Oro har ez da hain lan txarra. Ni gustura aritzen naiz, baina ez da inoiz izan nire bizitzako lana; ez nuen inoiz pentsatuko lurperatzaile izango nintzenik.

Nolatan hasi zinen lurperatzaile?

Lorezaintza eta baratzezaintzako heziketa zikloa ikasi nuen, eta lorezaina nintzen Zestoako brigadan. Orduan, Zestoako lurperatzaileari laguntzen aritzen nintzen tarteka, eta, langabezian gelditu nintzenean, Lanbiden lurperatzaile gisa eman nuen izena, erdi brometan egia esan. Gerora, Azkoitiko lurperatzailearen lan eskaintza atera zenean, lurperatzaile bakarra ni nintzen Lanbideko zerrendetan, eta neu hartu ninduten.

Zein da zure lanaren alderdirik txarrena?

Lurperatzeko momentua gogorra izaten da, hildakoaren senitartekoak oso hunkituta ikusten ditudalako. Horretan, etorkinak, esaterako, euskaldunen aldean oso ezberdinak dira: azken palakada egin arte ez dira joaten kanposantutik, eta tentsio handiagoa izaten dut. Euskaldunek, berriz, galdetu egiten didate ea laguntzarik behar dudan, eta ezetz erantzutean kanposantutik joaten dira.

Horrez gain, asteburu guztietan lotuta egoten naiz, igande eta jaiegun askotan ere lurperatzea egokitzen delako. Aizpurutxoko kanposantuko lurperatzailea ere neu naiz, eta, han lurra ateratzeko makinarik ez dagoenez, neuk egin behar izaten dut bi metroko zuloa, eskuz; hori ere lan gogorra izaten da. Hala ere, oraingoz hiru hilotz bakarrik tokatu zait han lurperatzea.

Zein izaten dira zure eguneroko lanak?

Nire eginkizuna da kanposantua ondo edukitzea eta hileta elizkizunaren ondoren hildakoak lurperatzea. Gainontzean, lorezaintzako eta igeltserotzako mantentze lanak ere egiten ditut.

Jendeak ba al du kanposantura joateko ohiturarik?

Gutxi batzuek, baina bai. Andre batzuk egunero-egunero etortzen dira familiako kidearen lur eremua garbitzera eta loreei ura botatzera. Hori bai, jubilatuak gehienak; gazteak hilberriak dituztenean bakarrik etortzen dira. Eskerrak gutxi badira ere batzuk egunero etortzen diren; izan ere, batzuetan, isiltasuna puskatzeko, norbaitekin hitz egiteko beharra sentitzen dut.

Bakarrik denbora asko pasatu beharko duzu.

Bai, eta hori egiten zait gogorrena gehienetan. Irratia jartzen dut egunero konpainia egiteko.

Beldurrik sentitu al duzu inoiz kanposantuan?

Bai, hasiberritan beldurra pasatzen nuen gauean lurperatzean, eta ilunpetan kanposantura etorritakoan, aurrena, argi guztiak pizten nituen. Jada ohitu naiz, eta orain lurperatu behar den lekuko argiak bakarrik pizten ditut.

Amets txarrik egin al duzu noizbait?

Kanposantuarekin, egia esan, inoiz ez; ez onak eta ez txarrak. Inoiz ez zait espiriturik azaldu; fantasma batzuk bai [barrez].

Azaroaren 1a Santu Guztien Eguna izaten da. Urria izaten al da hilabeterik jendetsuena?

Bai, eta garai horretan izaten da kanposantua politena, oso koloretsu egoten delako. Arauari dagokionez, lurperatutako gorpu bakoitzaren gainean loreontzi batek egon behar du, nahiz eta askotan ez den horrela izaten. Horrez gain, kandelak ere ezin dira piztu, segurtasunagatik. Egun horren aurretik lan asko egin behar izaten dut dena txukun egon dadin.

Zer joera dago gaur egun: gorpua lurperatzekoa ala erretzekoa?

Gaur egun gorpu gehiago erretzen dira lurperatu baino. Asko areagotu da erretzeko joera. Gainera, Azkoitiko kanposantuan dago bailarako labe bakarra, eta, beraz, Zestoako, Azpeitiko, Azkoitiko, Zumaiako, Errezilgo eta Beizamako gorpu guztiak Azkoitiko kanposantuan bakarrik erre daitezke. Gainera, 10 urteren ondoren lurpetik ateratako hilotz gehienak erre egiten dira gaur egun, eta errautsak familiari ematen zaizkio. Lehen, berriz, bota egiten ziren hezurrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide