XVII. Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloak hiru kontzertu eskainiko ditu parrokian

Maxixatzen.eus 2016ko urr. 6a, 10:55

Beste behin Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloak musika maitaleak erakarriko ditu antolatu ohi den hiru herrietara, Bergara, Azpeitia eta Azkoitia, hain zuzen. XVII. edizioa aurkeztu dute Esteban Elizondo eta Jose Luis Frantzesena organistek, Bergarako eta Azkoitiko Kultura zinegotziekin batera, Maite Agirre eta Sonia Vázquez, hurrenez hurren. Azkoitiko parrokian hiru kontzertu eskainiko dituzte, hiru larunbatetan: hilaren 8an, 15ean eta 22an izango dira emanaldiak, 20:00etan.

 

"Musika zaleak herrira erakartzea gutxi balitz, dugun organo ondarea ezagutzera emateko eta balioan jartzeko aukera aparta eskaintzen digu zikloak, zeren oraindik merezi duen adina ez da ezagutzen gure ondare organistikoa, gure herrietako Cavaillé Collak", esan du Sonia Vázquez zinegotziak.

Donostiako San Ignacio elizako organojole Gerardo Rifónek inauguratuko du zikloa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoarekin eta Francisco Herrero biolinistarekin batera.

Bigarren kontzertua Roberto Bonettoren eskutik eskainiko da. 2007an, Jean Guillou eta beste zazpi organistarekin batera, "La Révolte del Orgues" lanaren estreinaldi mundiala interpretatu zuen.

Óscar Candendo organistak eta Easo Abesbatzak, Xalba Ralloren zuzendaritzapean, emango diote zikloari itxiera Azkoitian, urriaren 22an.

Hiru herrietako Udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolaturiko zikloaren bultzatzaileek herritarrak musikaz gozatzera animatzen dituzte. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide