Dantza, batukada, autodefentsa edota barne ezagutza, aurtengo ahalduntze ikastaroetan

Maxixatzen.eus 2016ko ira. 26a, 10:51

Aurten ere Emakumeok ahalduntzeko ikastaroak antolatu ditu Udaleko Berdintasun sailak. Ikastaroen xedea da emakumeen topaleku bihurtzea, kezkak eta interesak partekatzeko eta errealitate pertsonal, sozial eta politikoari buruz hausnartzeko. Guztira lau ikastarok osatzen dute aurtengo eskaintza: dantza, batukada, autodefentsa edota nor bere burua ezagutzen eta maitatzen ikasteko saioak. Izena emateko epea irailaren 30ean amaituko da, eta ikastaroak urritik abendura bitartean izango dira.

 

Ikastaro sorta horri batukada saioak emango dio hasiera urriaren 5ean, Ainara Sarasketa eta Arantxa Vicedo irakasleen eskutik.

Urriaren 10ean, "Dantza-Adierazpena eta Erlaxazioa" ikastaroari hasiera emango zaio. Karmele Gurrutxaga irakasleak modu aktiboan meditaziora iristeko teknikak irakatsiko ditu, gorputzaz eta mugimenduaz baliatuz.

Azaroaren 5etik aurrera, autodefentsa ikastaroan parte hartzeko aukera izango da, topagunea indarkeria egoerak identifikatu, partekatu eta iritziak elkartrukatzeko aprobetxatuz.

Laugarren proposamena Ianire Estebanezena izango da, "Nik nire bizitza kontrolatzen dut. Neure burua maitatzeko ikastaroa" lemapean. Bereziki neska gazteei zuzendutako saioak dira. "Gure maitasunari buruzko mikrotxipetan txertatuta ditugun estereotipo eta maitasun erromantikoari buruzko mitoak landuko ditugu, eta berdintasunean eta tratu onetan oinarrituz harremanak izaten ikasiko dugu", dio.

Ikastaroetan parte hartzeko udaletxeko arreta bulegoan eman behar da izena.

Informazio gehiago: berdintasuna@azkoitia.eus – 943 85 71 74

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide