Ibilbide ezberdina izango du aurtengo rally lasterketak

Maxixatzen.eus 2016ko ira. 1a, 12:33
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Larramendi Torrean aurtengo Azkoitiko Rallysprint lasterketa.

VIII. Rallysprint lasterketa izango da zapatu honetan, hilak 3, Azkarateko bide zaharretik barrena, Errebueltie Eskudeixek antolatuta, bigarren urtez jarraian. Aurten ibilbidea aldatu behar izan dute antolatzaileek, eta horrenbestez, Elgoibarko Ziorra bidegurutzetik irtengo dira autoak. Guztira, 54 bikote lehiatuko dira, eta horietako bat Iraitz Olariaga eta Xabier Lizarralde azkoitiarrek osatutakoa izango da. Bederatzi kilometroko ibilbidean, hiru aldiz igaroko dira autoak.

 

Egiaztapenak 10:00etatik 12:00etara bitartean egingo dituzte zapatuan, eta gero, 14:00etik aurrera parte hartuko duten auto guztiak Herriko Plazan izango dira ikusgai. Lehendabiziko autoa 14:30ean aterako da. Haren ondoren, gainerako guztiak irtengo dira banan bana. Guztira, bederatzi kilometro egin beharko dituzte. Hiru txanda izango dira, eta hiru denboren batura hartuko dute kontuan. Lasterketa 19:30ak inguruan amaitzea aurreikusten dute Plaza Berrin, eta 20:00etan sari banaketa izango da Balda Plazan. 

Gainerako ibilgailuentzat, berriz, errepidea itxiko dute 13:30ean, eta oinezkoek ezin izango dute gunera sartu 14:00etatik aurrera. Aparkalekua jarriko dute gainerako ibilgailuentzat Azkarateko errepidean (errail makalean) Marixaraino eta Elgoibarko San Lorentzo industrigunean.

Ikusleentzat prestatutako guneak jarriko dituzte, eta arduraz jokatzeko eta zaborrik ez uzteko eskatzen dute antolatzaileek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide