Imanol Aparicio: "Ikurrinaz gain, soinean eramango dut Eurovisionen logoaren barruan ikurrina daraman kamiseta"

Maxixatzen.eus 2016ko mai. 13a, 09:53
Argazkian, Imanol Aparicio ikurrinarekin.

Imanol Aparicio (1991) azkoitiar sortzailea Stockholmen dago, bihar, maiatzak 14, ospatuko duten Eurovision musika jaialdia bertatik bertara jarraitzeko. Besteak beste, handik kolaborazioak egingo ditu Gaztea irratirako. Biharko jaialdia "zerbait handia" izango dela nabarmendu dio Maxixatzeni. 

 

Gaztean Eurovisionen inguruko kolaborazioak zuzenean egiten dituzu, ezta?

Bai, hala da. Gazteako Dida saioan Eurovisionerako aukeratutako abestien aurkezpenak eta horien inguruko iruzkin laburrak egiten ditut; lehiaketa horren aurrekari lanetan nabil Gaztearekin elkarlanean. Astero, gutxi gora-behera, kolaborazio bat egin izan dut.

Eurovision jaialdia betidanik jarraitu izan dut; erakargarria iruditzen zait formatua, batez ere duen ikuskizunarengatik (montajea, diseinua, eszenografia...).

Nolatan ezagutzen zintuzten Gazteakoek?

Gazteari nik luzatu nion proposamena, eta eurek segituan eman zidaten baietza. Lehenagotik ere ezagutzen ninduten, ordea; hainbat saltsatan parte hartu dut ETBrekin (Goenkale, Go!azen, Gaztea, Jatearen Egiak...). Gainera, Eurovision jaialdian egon diren hainbat artistekin (Edurne, Barei...) lan egin dut diseinu lanetan. 

Zer du berezia Eurovisionek? 

Betidanik jarraitu izan dut nik; uste dut familiarekin guztiok ikusi dugula bizitzan behin gutxienez. Familia giroko formatu duela iruditzen zait, baina orain, barrutik lan eginda, pauso bat gehiago ematea gustatuko litzaidake. Joan den urtean Idoiaren singlea aurkeztu genuen, eta neuk bideratu nuen abestiaren sormena, diseinua, bideoklipa, muntaia eta promozioa. Aurreneko astean, esaterako, Espainia mailan, 30. salduenen zerrendan egon ginen iTunes plataforman. Horrek Eurovision jaialdirako zerbait proposatzeko grina piztu zidan, eta jada baditut ideia batzuk datozen urteetan gauzatzeko. Nork daki, beharbada etorkizunean jaialdira aurkeztuko naiz sortzaile moduan beste abeslari batekin. 

Gustura al zaude aukera hori izateagatik?

Noski, oso gustura. Izugarrizko esperientzia izatea espero dut. Ikaragarrizko aukera eduki dut jaialdia barrutik jarraitzeko, eta etorkizunean ateak irekitzeko baliogarria izango zait. Dimentsio horietako jaialdi batean parte hartuko dudan aurreneko aldia izango da gainera. Hala ere, Euskal Herriko Euskal Herri Txapelketan hiru aldiz parte hartu izan dut.

Zer espero duzu? Nolako festa izango da?

Telebistan ikusten den bezalakoa, zerbait handia; azken batean, 197 milioko audientziari buruz ari gara hitz egiten. Kontaktuak egitea gustatuko litzaidake, eta artistekin solasaldiak izatea.

Zein izango da biharko zure betebehar nagusia?

Eurovisioneko partaide batzuk elkarrizketatzea, batez ere. Horrez gain, bideoak grabatu eta editatuko ditut, gero Eitbko eta Gazteako web atarietan zintzilikatzeko.

Norekin joan zara Stockholmera?

Eibarko eta Gernikako bi lagunekin etorri naiz.

Eurovisionen "zerrenda beltzean" agertu zen duela gutxi ikurrina. 

Hasieran asko haserretu nintzen, eta damua publikoki ez aurkeztekotan, gure emankizuna bertan behera uztekotan izan ginen. Behin damua publikoki aurkeztu zutenean, ordea, desinformazioaren ondorioa izan zela agerian gelditu zen. Azkenean eman zuten euren azalpena eta baita damua publikoki azaldu ere. Orain, baimenduta daude eskualde guztietako ikurrak, horien artean euskalduna. Inoiz ez da egon arazorik ikurrinarekin; ia urtero ikus zitekeen bat.

Maletan eraman al duzu ikurrina?

Noski, eta ez hori bakarrik; ikurrinaz gain, soinean eramango dut Eurovisionen logoaren barruan ikurrina daraman kamiseta bat ere. 

Nork irabaztea nahiko zenuke?

Frantziak; abesti alaia eta komertziala da, eta, gainera, lehiaketa irabaziz gero, etxetik gertu dago. Dena den, zapatura arte ezingo nuke bat aukeratu, oso garrantzitsua iruditzen zaidalako eszenografia eta telebistan emititzen diren irudiak ezagutzea.

Zein ikasketa dituzu? Musikarekin nolako harremana izan duzu orain arte?

Publizitate eta Harreman publikoetako titulua, Komunikazio Sozialean masterra eta Teknikari ikasketak ditut irrati zein telebistan. Horrez gain, Diseinu eta Sorkuntza karrera amaitzen ari naiz. Musika sortzea baino interesgarriagoa iruditzen zait euren post-prozesua jarraitzea eta ezagutzea: bideoklipa, promozioa, diseinua... Bide horretan jarraitzea gustatuko litzaidake. Dena den, aita musikaria dut, eta txikitatik hezi naute musikaz inguratuta.

Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua? Komunikabideren batean lanean, adibidez?

Ez nuke ezetzik esango. Azkenaldian eroso sentitzen naiz pantailaren atzealdean lanean, duela urte asko pantailaren aurrean lan egitea nahiago nuela esaten nuen arren. Orain gustura lan egiten dut bideo muntaketan. Hala ere, nire ibilbidea eremu teknikotik haratago ikusten dut: sortzailea naiz, beraz, sormena garatzea beharrezkoa dut, eta hori zaila da komunikabideetan lan eginda, sormenaren garapena asko murrizten baita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide