Udalak iaz baino 30 mila euro gutxiago bideratuko ditu Euskara sailera 2016an

Maxixatzen.eus 2015ko abe. 17a, 12:39

Alkateak eta udal batzordeburuek gaur goizean aurkeztu dute 2016rako aurrekontu-proposamena. Argiztapena hobetzea, kaleak txukuntzea eta baserri bideak berritzea izango dira Udalaren lehentasunak. Bestalde, kulturarako eta kirolerako diru gehiago bideratuko dute eta Euskara sailerako, berriz, gutxiago. Azken horretara, 157.755 euro bideratuko dituztela azaldu dute, iaz baino 30 mila gutxiago. Horren barruan, zehaztu gabe dago komunikabideentzako zenbat bideratuko duten. Urtarrilean erabakiko dute.

 

Udalak, guztira, 13.237.000 euroko aurrekontua izango du 2016an. Iazko Udalaren aurrekontua 12.892.000 eurokoa zen. Inbertsioetara, berriz, 1.125.000 euro bideratzea aurreikusi dute.

"Pertsonak hartzen ditugu ardatz eta gure aurrekontu proposamena premiazko beharren arabera landu dugu. Udal kudeaketan ez dago lehenetsi beste erremediorik eta inbertsioen kapituluan urgenteenari helduko diogu", azaldu du Javier Zubizarreta alkateak. Udal gobernuak aurkezturiko proposamenean, inbertsioei dagokienez, "oinarrizko beharrei" erantzuten zaie, hau da, argiteriaren berriztatzea, kale eta espaloien txukuntzea, partida espezifikoekin Iriarte Margolaria eta Ama Josefa kaleetarako, edota baserri-bideen berritzea. 

Azkoitiko Udalak 2016an 13.545.273 euroko aurrekontu kontsolidatua izango du (Elkargunea, Azkoitia Lantzen, San Jose Egoitza eta Udala hartzen ditu barne). Kopuru horretatik Udalari dagozkio 13.237.000 euro. Iazko Udalaren aurrekontua 12.892.000 eurokoa zen. 2016an, inbertsioetara 1.125.000 euro bideratzea aurreikusi da.

"Argiteriaren instalazioak erabat zaharkituak geratu dira eta ezinbestekoa da berritzea. Ez da orain sortutako beharra, baina arduraz jokatu behar dugu eta beraz, ezin dugu ondorengo gobernuentzat utzi". Argiteria hobetzeko 100.000 euro bideratuko lirateke proposamenean aurreikusitakoaren arabera.

Argiteria berritzearekin batera, kaleak eta espaloiak konpontzeko 150.000 euroko partida zehaztu da.

Halaber, martxan dauden proiektuei jarraipena emango zaie. Esaterako, Floreagako igogailuari edota estalitako parkearen eraikuntzari. Udalaren planteamendua da bi urtetan herriko parke guztiak homologatzea egungo legedira egokituz. Bestalde, haurren parkeei dagokienez, estalitako parkea eraikitzeko asmoa dute, baina oraindik zehaztu gabe dute eraikitako parke bat estaliko duten hutsetik ala berri bat eraikiko duten eta parkea non eraikiko duten. 


Baserri bideak ere konpontzea nahi dute eta lan horietarako 225.000 euro bideratu nahi ditu udal gobernuak.

Hizkuntzen ikasketa eta coworking gunea

Hezkuntza alorrean, bideratuta dago hizkuntzen ikasketarako proiektua. 2016ko aurrekontuetan ez da partidarik jarriko horretarako ekimenaren formatua eta funtzionamendua oraindik definitzeko daudelako. Alabaina, udal gobernuarentzat proiektu esanguratsua da, coworking gunea martxan jartzea bezala. Coworking espazio berria Kultur Etxean jarriko da suspertze ekonomikoa bultzatu eta, besteak beste, profesional autonomoei eta ekintzaileei laguntzeko. Udalak alde batera utziko ez dituen egitasmoak dira.
Hasierako fasean daudenez, 2016an, proiektu hauetatik eratorritako beharrak diruzaintzako soberakinarekin finantzatuko dira. "Adituak ari dira esaten enpresek formakuntza espezializatua eta hizkuntzak dakizkiten profilak behar dituztela eta hain justu, horretan ari gara lanean, gure gazteak prestatuta egon daitezen merkatuak eskaintzen dituen lanpostuetarako"

Gizarte larrialdietarako eta babesik gabeko egoeretan daudenentzat esku-hartze laguntzak

Ongizate sailaren zerbitzuetarako aurrekontua mantendu egingo da udal gobernuaren proposamenaren arabera, gizarte larrialdietarako igoera bat gehituz. Babesik gabeko egoeretan daudenentzat esku-hartze programetarako ere 15.000 euro gehitu dira, 70.000euroko partidatik 85.000 eurotara.
Hirugarren mundura bideratzen den laguntza egokitu da, horrela, 27.000 eurokin, integrazio politikak finantziatu ahal izateko. Besteak beste, elkarbizitza eta inmigrazio plana egin nahi ditu udal gobernuak.
Berdintasun sailari dagokionez, aurreko partida bera mantenduko da. Berdintasun Plana amaituta dago eta 2016ko partida planak jasotzen dituen ekintzak gauzatzeko erabiliko da.
Igoera kulturan eta kirol eta kultura elkarteei emango zaizkien laguntzetan

Igoera kulturan eta elkarteei ematen zaizkien laguntzetan
Kultura sailak 67.445 euro gehiago izango ditu 2016an aurreko urtearekin alderatuta. Igoera honekin Azkoitiko kultur eskaintza aberastu nahi da, eta bereziki, antzerki programazioa indartu.
Kirol eta kultura elkarteei ematen zaizkien diru-laguntzetarako ere diru kopurua handitu egingo da, EAJ-k hauteskunde kanpainan iragarri bezala. 34.000 euro gehiago banatuko zaizkie herriko taldeei.

Komunikazioa eta gardentasuna
Udalaren webgunea berritzeko partida bat bideratuko da, zaharkituta geratu delako. Atal bat izango du gardentasunarentzat eta datu irekientzat.

Aurrekontuen hasierako onarpen udalbatza
Udalak abenduaren 23ko udalbatzan bozkatuko du 2016ko aurrekontuen hasierako onarpena.

Amaieran jakinarazi dute "erraza" izan dela sail guztiekin akordiora iristea, aurreneko aldia izateko, eta dagoen aurrekontuak "ondo erabilita" daudela udalean dagoen diruarekin. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide