Ibon Arrieta 'Aitza': 'Euskal Herria Nafarroaren barruan kokatzen dugu; Nafarroa, Euskal Herria baino handiagoa da'

Maxixatzen.eus 2015ko aza. 6a, 13:22
Ibon Arrieta 'Aitza' aukeztuko da Gipuzkoatik Libertate Nafarra, LN alderdiko zerrendaburu.
Libertate Nafarra, LN izeneko alderdia sortu dute euskal herrialdeetako hogei lagunek, eta datozen hauteskunde orokorretara aurkeztea nahi dute. Horretarako, datozen egunetan sinadurak biltzen ariko dira kalean. Gipuzkoako zerrendaburua izango da Ibon Arrieta Aitza, eta berarekin izan da Maxixatzen.
 
Zergatik ikusi duzue alderdi politiko berri bat sortzeko beharra?
Gaur egungo partidu politikoak folklorismoan oinarritzen dira, eta akziora pasatzeko garaia da. Gizarte honek independentzia lortzeko benetako bide bat eraiki behar du, gizarte anitz honen sektore desberdinak bilduz.
 

Zenbat lagunek osatzen duzue taldea?

Nafarroa osoko hogei lagunek eratzen dugu zuzendaritza taldea. Baina horiez gain, hainbat kideren babesa daukagu.  

 

Zer defendatu nahi duzue?
Nafar Estatuaren berreskuraketa defendatzen dugu polarizazio guztien gainetik; Nafar gizartea bere libertatera eramango duen erreminta bat, Espainia eta Frantziaren konkistatik askatzeko.
 
Ikurrinaren barruan ez dago nafar bandera. Nafar banderaren barruan askotariko banderak sar daitezke. Nafarroa da Euskal Herriaren ama. Ikurrina da gure komunitatearen bandera, baina gure estatuarena nafarra da.  
 
Zein da zuen oinarrizko ideia?

Euskal Herria Nafarroaren barruan kokatzen dugu; Nafarroa, Euskal Herria baino handiagoa da. Noski, Euskal Herria da Nafarroako erkidego garrantzitsuena, baina ez bakarra. Gizarte anitz bat ikusten dugu, non multzo garrantzitsuena euskaldunek osatzen duten. Ez dugu mapa finkorik, guretzat nafarra da nafarra sentitzen dena, eta horretarako jendea informatu egin behar dugu lehendabizi. Pedagogia lan handia dago aurretik. Hala ere, Gipuzkoan, jendea sentsibilizatuagoa dago nafar kulturaren inguruan beste zenbait herrialdetan baino. Kultur elkarte nafarzale asko daude. Azkoitian ere badaukagu.

Nafarroa, Europako estatu modernoetako bat izan zen garai batean, eta guk estatu hori berreskuratu nahi dugu. Ez nazioa, baizik eta estatua. Kontzeptu juridiko politikotik goaz, estatu nafar baten bila.

 
Noiz hasi zineten ideia horri bueltaka?
Alderdi politiko hau 2012an hasi zen eratzen, Gaztelak Nafarroa suntsitu zuenetik 500 urte bete zirenean. Orduan, Iruñea inguruan manifestazio asko egin ziren; urte oso folklorikoa izan zen. Urte hartan jende multzo bat bildu ginen nafar zaletasuna bultzatu nahi genuena, eta horretarako geure alderdi politiko bat sortzea erabaki dugu; Zazpiak Bat-etik aldenduz.
 

Zenbat sinadura bildu behar dituzue hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko? 

Gipuzkoan 600, Bizkaian 1.000, Araban 400…  Oraintxe hasi gara, eta azaroaren 16a dugu sinadurak aurkezteko azken eguna. Bitartean, ni neu Azkoitian ibiliko naiz sinadurak biltzen, gure alderdikideak Nafarroa osoan ibiliko diren bezala. Bihar, hilak 7, esaterako, mahaia jarriko dut Kale Nagusian 12:00ak aldera, eta Txalintxo tabernan ere sinatzeko aukera izango da.

Oso talde berria gara jendearentzat, eta aurpegi ezagunik ere ez daukagu oraingoz. Horregatik, jendearengana hurbiltzeko lanean ari gara. Gainera, talde askorekin ari gara harremana izaten, eta batzeko prest gaude. Baina guk garbi daukagu jarraitu nahi dugun ildoa: Nafar estatua berreskuratzea. Hori guztia azaltzeko webgunea ere badaukagu nahi duenarentzat.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide