Mikel Larrañaga: 'Atzerritarra zara hemen, eta lana ez-kualifikatua da atzerritarrentzat'

Argazkian, Mikel Larrañaga azkoitiarra Berlinen.

Martxoan Ingeniaritza ikasketak bukatzeko proiektua egiten hasiko da Leipzigen (Alemania), baina bitartean Berlinen bizi da Mikel Larrañaga (Azkoitia, 1992). Duela hiru hilabetetik alemana ikasten ari da Berlingo hizkuntza eskolan, Leipzigeko unibertsitatean egin beharreko ikasketak jarraitu ahal izateko, eta bitartean lanean ere ari da. "Minilan horietako batean", azaldu du.

 

Lana, Berlinen, soberan dagoela dio. Atzerritar ugari bizi da han —”batik bat espainiarrak eta italiarrak, euskaldunak gutxiago”— eta lana egin nahi duenak aurkitzen du. “Baina lan prekarioa izaten da, kualifikatu gabea; batzuetan minilanak dira, baina baita kontratu gabeko lanak ere, gero eta gehiago; adibidez, jatetxe batean platerak garbitzen”.

Larrañagak erabilera anitzeko estadio batean lan egiten du. Hockeyan eta saskibaloian jokatzen da bertan, eta jaialdiak ere egiten dituzte. Baterako edo besterako prestatzen dute estadioa Larrañagak lan egiten duen enpresakoek. “Lana fisikoa da, oso fisikoa”.

Gehienezko ordu kopuru bat egin daiteke minilan batean, baina soldata ere horren araberakoa izaten da: gehienez, 450 euro hilean. “Niri ondo egokitzen zait; hilean bost-sei egun lan egiten ditut, 12 orduko lanaldian, hori bai, eta gero libre nago ikasteko. Baina horrekin ezin zara bizi, jendeak bi eta hiru minilan egiten ditu, bizimodua ateratzeko. Gainera, Berlinen alokairuak garestiak dira”. Partekatutako pisu batean bizi da Larrañaga.

Gabonetan da Euskal Herrira itzultzekoa. Izan ere, Pello Gibelaldek esandakoaren kontra, Europan egonagatik ere asteburuetan etxera itzultzea ezinezko jotzen du Larrañagak. “Nola joango zara, ba, asteburuetan? Pentsa, hegaldi batek 200-250 euro balio du, eta 450 euroko soldatarekin… Eta minilan hauetan, gainera, asteburuak libre izatea ere ez da ohikoena”.

Jarraitu irakurtzen Mikel Larrañagaren erreportaje zatia hemen.

Irakurri Eider Goenagaren 'Hemen lan egiteko lanean' izenburua duen erreportaje osoa.