Jose Antonio Zulaika: 'Azkoitian inoiz izan den lasterketarik jendetsuena izatea nahiko nuke bularreko minbiziaren aurkakoa'

Maxixatzen.eus 2015ko ira. 2a, 12:47
Proba Herriko plazatik abiatuko da 18:00etan, hilaren 26an.

Ttipi Ttapa Azkoitiko emakumezkoen korrikalari taldeak bularreko minbiziaren aurkako lasterketa solidarioa antolatu du irailaren 26rako. Bildutako dirua onkologikoko elkarte bati emango diote, gaixotasuna ikertzen jarrai dezaten. Lasterketan Gipuzkoako edonork parte har lezake, eta antolatzaileek herrian inoiz egin den lasterketarik jendetsuena izatea nahi dute.

 

Jose Antonio Zulaika eta haren seme Aitor Zulaika aritzen dira entrenatzen Ttipi Ttapa taldeko 50 bat emakume, asteko bi edo hiru egunetan. Iaz hasi ziren ekimen horrekin, eta izandako arrakasta ikusirik, aurten ere entrenatzen jarraituko dute. Denboraldia irailaren 22an hasiko dute, baina horren aurretik ideia bikaina iruditu zitzaien lasterketa bat antolatzea: "Taldean emakumeak dira denak, eta bularreko minbizia gero eta gehiago entzuten dugun gaixotasun bat denez, horren aurkako diru bilketa bat egitea aproposa iruditu zitzaigun", azaldu du Jose Antonio Zulaikak.

Hamalau urtetik gorako edozeinek parte hartu lezake lasterketan, eta guztira, lau kilometro egin beharko dituzte Azkoitiko kaleetan zehar. Bi lasterketek irauten duten bitartean, Trikilintxo trikiti taldeak joko du, giroa alaitzeko.

Ttipi Ttapako taldekide guztiak ariko dira antolatzaile lanetan. Orain arte, Donostian bakarrik egiten zen bularreko minbiziaren aurkako lasterketa solidarioa, eta Azkoitikoa izango da bigarrena. Zulaikak adierazi du lasterketa honen helburu nagusia ahalik eta jende gehiena biltzea dela. "Oinez ere egin daiteke norbaitek hala nahiko balu, kontua parte hartzea da, denon artean gaixotasun horri aurre egiteko. Azkoitian inoiz izan den lasterketarik jendetsuena izatea nahiko nuke bularreko minbiziaren aurkakoa", gaineratu du Zulaikak. 

Izena eman nahi dutenek azkoitia.eus webgunean, Azkoitiko udalean edo Torre zuri erakusketa gunearen aurrean jarriko duten mahaian eman daiteke irailaren 21etik 25era, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Txikiek hiru euro ordaindu beharko dute, nagusiek 8 euro eta egunean bertan hamabi euro. Jasotako diru guztia Katxalin elkarteari emango diote, eta bularreko minbiziaren ikerketarako erabiliko dute.

Lasterketa nagusia 18:00etan hasiko bada ere, aurretik, 17:00etan, gaztetxoen hiru lasterketa izango dira. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide