Udal eta Foru Hauteskundeak

Javier Zubizarreta: 'Guk pertsonak lehenetsiko ditugu, horretarako kudeaketa lan ona eginez'

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 21a, 10:25
Javier Zubizarreta Maxixatzenen bulegoan.

Javier Zubizarreta Anaitasuna futbol taldetik eta Parrokiako abesbatzatik aurpegi ezaguna da hainbat azkoitiarrentzat, baina azken hilabete hauetan ezagunago bihurtu da Azkoitiko EAJko alkategai aurkeztu delako.

 

Enpresa gerentea da gaur egun, eta 40 urteko ibilbide zabala du mundu horretan. Maxixatzeni azaldu dio oso gustura dagoela osatu duten taldearekin, eta azkoitiarrei erakutsi nahi die asko dutela emateko datozen lau urteetan. Politika egiteko modua aldatu beharra dagoela uste du, elkarbizitza aldarrikatuz.

Zerk bultzatu zintuen alkategai izatera?

Azkoitiarrentzat ona izango zen alternatiba bat izateko aukera ikusten genuen. Hasieran zalantza asko izan nituen noski, baina talde sendoa osatu dugu, eta horrek ikaragarri animatzen nau, hasitako bide honekin aurrera egiteko.

Aldaketa aldarrikatzen duzue. Zein alorretan?

Herrigintza egin nahi dugu. Herritarrekin herriarentzat lana egin. Partaidetza indartu, akordioak egin, asko hitz egin, hurbilekoa izan, beso zabalik hartu eta tratu berezia eman. Pertsonak dira guretzat garrantzitsuenak. Adin guztietakoak, etapa denetan behar ezberdinak ditugulako. Herritar guztiek bizi kalitate hobea izatea nahi dugu. 

Hainbat aholku jasoko zenituela pentsatzen dut azken hilabeteetan. Bat aukeratzekotan zeinekin geratuko zinateke?

Naizena izaten jarraitzeko. Aldaketa gogorrak pasa daitezke. Gu izaten jarraituko dugu.

Nolako taldea osatzen duzue?

Arlo ezberdinetan esperientzia dugun taldea gara, Udaletxe baten beharrei erantzuteko ondo formatutako jendea. Denok batera lana ondo egiteko, Udaletxeko langile eta teknikoei balorea eta auto-estimua eman behar zaie. Herritarrak joaten direnean ere konturatuko dira gauzak aldatu direla, ziur dakigu.

EAJkoa baina aldi berean independentea zarela diozu. Nolatan?

Gu nondik gatozen garbi izanda ekingo diogu politika egiteko moduari, zerrendako lehen hamarretatik zortzi afiliatu gabe gaude, guk gure politika bat daukagu. Sigla batzuen atzetik gaude, ordea, eta EAJren babesa dugu noski; haien esperientziarekin gure proiektu berria aurrera ateratzeko laguntza daukagu.

Nolako programa aurkeztu duzue?

Osoa eta zabala. Guk pertsonak lehenetsiko ditugu, horretarako kudeaketa lan ona eginez.

Lan asko egin dugu, eta herria osatzen duten guztiekin egoten saiatu gara. Guk ezin dugu besteen beharrik jakin, galdetu egin behar gertutik. Auzoz auzo, elkarteekin, merkatariekin, San Jose egoitzan, gazteekin… Jardunaldi irekiak ere antolatu ditugu, helbide elektroniko bat ere bai, nahi duenak bere iritzia emateko. Urtebete daramagu prozesuan. Programa egin aurretik azterketa lan handia egin dugu, aldaketa beharrak non dauden jakiteko.

Zein aukera dauden ikusi eta posible diren proiektuak bideratuko ditugu. Markel Olanorekin ere egon ginen Zumarragako bidea berritzeko. Aldundiaren esku dago hori, eta ez Udalaren esku, baina haien gainean egon behar da. Proiektua eginda dago, orain, animatu egin behar du interesa duen alderdi batek, eta guk hori aldatzeko lana egingo dugu. 

Zein proiektu dira zuretzat garrantzitsuenak?

Banaketak saihestu, alderdikoikeria kendu. Azkoitiarentzat denok zerbait ona nahi badugu, akordioak bilatu behar ditugu, herritarrekin pentsatuz, pertsonak dira proiektuaren oinarria. Heldu eta haurrek badituzte beharrak, baina gazteen langabezia da arazo handiena. Hizkuntza eskola gune bat herrian eraikitzeko lana egingo dugu. Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin genuen horretaz, eta oso proiektu interesgarria izan daiteke. 

Zein dira zuen lehentasunak?

Herri txukunago baten alde lana denok batera egitea. Bakoitzak ditu bere arazoak, eta denei laguntzen saiatuko gara. Kudeaketa egin beharra dago, premia bada. Haurrentzako parkeak, espaloiak… mantentze lan handia behar da. Kexa asko daude, eta horiei erantzuten saiatuko gara. Herriko enpresekin nahiz eskolekin harremanetan jarriko gara.

Meskitaren gaia ahoz aho dabil. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Bertan bizi den batek ez badu nahi halakorik, bere iritzia defendatzeko eskubide osoa du. Epaileak erabakiko du zer egin, berea da azken hitza. Udalak lehenago aipatu behar zien hango bizilagunei, ordea; albistearekin gero ustekabekorik ez izateko. Hala ere, gehiegizko oihartzuna izaten ari da kontu hau, geroz eta zurrunbilo handiagoa sortuz.

Herriko langabezia tasa jaisteko, zeintzuk dira zure asmoak?

Udaletxeak hainbat proiektu bultzatu behar ditu. Askotan Udalaren esku bakarrik ez dauden arren, ez da beste aldera begiratu behar. Herriko enpresa eta erakundeekin harreman handia izan behar da, eta lan poltsa bat sortu lana bilatzeko. Denean dago beti zerbait hobetzeko.

Gainera, Coworking guneak bultzatuko ditugu, herriarentzat ona dela uste dugulako. Autonomoei laguntzeko gune aproposa izan daiteke.

Nekazaritzari dagokionez, zeintzuk dira zure proposamenak?

Berpiztu aktibatu nahi dugu. Oso gutxi ari dira geratzen beraiek egindakotik bizi direnak. Baserritarrak baserrian jarraitzea nahi badugu, baserri-bideak konpondu eta irisgarritasuna hobetu behar da. 

Zaborraren sistemarekin nolako neurriak hartuko dituzue?

Jendeak banaketa ondo egiteko kontzientziatu behar du, edozein sistemak funtziona dezan. Baina noski, ezartzen den sistemak erraztasunak eman behar ditu. Zintzilikarioak baino hobeagoa da bosgarren edukiontzia txiparekin. Jendeari galdetu egin behar zaio. Galdeketako emaitzetan oraingo sistema ez dutela nahi erabaki zen, eta guk herritarren iritzia errespetatuko dugu. Inposaketarik ez dugu nahi, jendea kontzientziatzen saiatzea bakarrik nahi dugu.

Eguneko Zentroa herriaren erdigunera ekartzeko proiektua babesten al duzue?

Guk bertako zuzendari teknikoari galdetu genion, eta esan zigun Eguneko Zentroko plazak libre daudela, tutelatu gehienak hutsik daudela eta psikogeriatrian lekurik gabe daudela. Orain, medikua, erizaina, jangela… dena bertan dute. Hori jakinda, ez dugu uste ideia ona denik Eguneko Zentroa behera jaistea. Azterketa hobeago bat merezi du horrek. Momentuz, tutelatuak herrira gerturatzeko eskaera dago, eta hor badago zer egina. 

Euskararen presentzia eta erabilera nola indartu daiteke?

Gure hizkera da, eta beti izango du gure babesa. Azkotiarrez hitz egitea ere gustatzen zaigu, eta hori mantentzen ahaleginduko gara. Euskara, batez ere, lan munduan sustatu behar da, ez delako gehiegi erabiltzen. Aktibitateak sortu behar dira, ideia berriak behar dira. Maxixatzen herri komukabidea ere beharrezkoa da arlo horretan, azkoitiarrek euskaraz irakurtzea ahalbidetzen duelako.

Eliz atariko eraikinarekin zer egingo duzue?

Epaiketaren zain gaude. Patrimonioarekin egon gara, eta fatxadako hainbat zati mantendu behar dira. Zain egon behar da epaileak erabaki arte. Epaiketa etxe zainek edo Udalak irabazi dago jokoan. Momentuz, presionatzea bakarrik geratzen zaio Udalari. 

Batentzat edo bestearentzat ez da gustuko erabakia izango epailerena, beraz bien artean akordio batera iritsi beharko da. Guk baditugu gure ideiak leku horretan eraiki daitezkeenak: apartamentu tutelatuak, Kultur Etxeko zaharren taberna behera eraman etabar.

Noren botoa zeuenganatu nahi duzue?

Guri konfiantza ematea nahi digunarena; guri botoa emanda, gauzak aldatu daitezkeela ziur ikusten duenarena.

Zalantzan dagoenak zergatik bozkatu behar du EAJ?

Herritarrentzat lana egingo dugulako, hurbiltasunetik eta umiltasunez. Herritar guztiak berdin babesten saiatuko gara.

Maxixatzenek gonbidatutako mahai-ingurura ez zinen aurkeztu.

Gure komunikazio plan propioa landuta dugu, eta ez dugu hortik irten nahi. Arrazoi nagusia bat da. Aukera dugun guztietan esan dugu ez gatozela sesioan eta mutur joka ibiltzera, herrigintzara baizik. 

Mahai baten inguruan eztabaida bilatzen hastea hauteskunde bezperetan ez da koherentea orain arte guk mantendu dugun jarrerarekin.

Noski, adostasuna eta elkarrizketa aldarrikatzen ditugula, bai herritarrekin, bai beste alderdi politikoekin. Baina hori maiatzaren 24aren ostean izango da. Lanari ekiten diogunean.

Bideak jarri ditugu herritarrak gurekin harremanetan jartzeko eta antolatu ditugu topaguneak, ekitaldiak, prentsa oharrak, eta abar komunikatu beharra izan dugunean. Uste dugu nahikoa dela. Esateko duguna esan dugu. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide