Udal eta Foru Hauteskundeak

Xabier Olano: 'Aldaketaren bidea edo Aranbarriren eredura itzultzea aukeratu behar dute herritarrek'

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 21a, 09:07
Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusigaia, Elkargunean.

Urrategi Alberdi EH Bilduren alkategaiak  aldaketaren bideari eusteko konpromisoa berretsi zuen. "Herri anitz, aske eta solidario bat lortzeko, herri aktibo bat behar dugu", esan zuen.

 

 

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen atzo arratsaldean, Elkarguneko Oteiza aretoan. Azkoitiko hautagaitzako kideekin batera, Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusigaia, Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkidea eta EAko idazkari nagusia eta Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea izan ziren ekitaldian. Azpeitiko EH Bilduko hautagaitzako ordezkaritza zabala ere, tartean Eneko Etxeberria alkatea, Elkargunean izan zen, Azkoitiko hautagaitzari babesa adieraztera.

Ekitaldiari hasiera emateko, Pello Bastarrika Azkoitiko alkate ohiak EH Bilduko lan-taldeari igorri dion gutuna irakurri zuen Jesus Mari Oteizak. Duela lau urte alkatetzara iritsi zeneko momentu "ederra bezain gogorra" gogoratu eta bere taldeak azken lau urteotan egindako lana txalotu du alkate ohiak.

Hain zuzen, Xabier Olano ahaldun nagusigaiak Pello Bastarrikaren lanari aipamen berezia eginez hasi zuen bere saioa. Olanok  "Azkoitia Lantzenen negozioak" izan zituen hizpide eta Azkoitian datorren igandean "bi aukera garbi" daudela esan zuen: "aldaketaren bidean jarraitu, EH Bilduren eskutik” edo "Asier Aranbarriren ereduetara itzuli”.  "Zorren ereduak badu izen bat herri honetan: Asier Aranbarri, Erkorekaren aholkularia. Eta  hau da ez da kanpainako akusazio merke bat. Azpeitiko Auzitegiak deklaratzera deitu du diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik", nabarmendu zuen Olanok.

EAJren ereduan "berriro porlana, azpiegitura handiak eta errepideak handik eta hemendik" sartzen direla esan zuen; "Zertarako? Batzuen poltsikoak asebetetzeko? Beste lehentasunik ez al dugu?", galdetu zuen. EH Bilduk azpiegitura handietan baino, pertsonetan inbertitzen duela, eta horretarako, koalizioak "kristalezko poltsikoak, gardenak" dituela gaineratu zuen. Duela lau urte martxan jarritako aldaketaren adibide garbia Azkoitia dela eta oinarriak jada finkatuta daudela azpimarratu zuen.  

Urrategi Alberdik ere aldaketaren bideari eusteko konpromisoa berretsi zuen. "Dena emateko prest" daudela, baina "lanerako herri aktibo bat" behar beharrezkoa dela esan zuen. "Denon inplikazioarekin lortuko dugu herri anitz, aske eta solidario bat". Duela lau urte hasitako bideak "ez duela atzera bueltarik" adierazi zuen. "Oinarriak jarri ditugu eta bide horri eutsiko diogu", zehaztu zuen. Azken urteotako lana gogora ekarrita, Alberdik ere Azkoitia Lantzen aipatu zuen, "asko baldintzatu duelako" euren lana.

Pello Urizar legebiltzarkideak ere hartu zuen hitza. EH Bilduk erakunde guztietara lau oinarri eraman eta eramango dituela esan zuen: parte-hartzea, erabakitzeko eskubidea,  ustelkeriaren kontrako jarrera eta justizia soziala. "EAJri botoa ematea PSEri eta PPri ematea da. Jada akordioetarako prestutasuna agertu dute. Beraz, euskal erakundeen erabakigunea Madrilen jarriko dute", Urizarren esanetan.

Azkoitiko EH Bilduko gainerako hautagaiak ere banan bana igo ziren oholtzara, hainbat herritarrek lagunduta, eta bakoitzak bere lan-esparruko ildo nagusiak azpimarratu zituen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide