Udal eta Foru Hauteskundeak

Herritarrekin argazkia EH Bilduk bihar, Josu Juaristiren babesarekin

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2015ko mai. 8a, 16:40
Azkoitiko EH Bilduko lan taldea

Azkoitiko EH Bilduk agerraldia egin zuen atzo, hauteskunde kanpainara begira. Gaztanenea eraikin ondoan elkartu zen lan taldea, eta Urrategi Alberdi alkategaiak "ilusio handiz eta lan egiteko gogoarekin" daudela adierazi zuen.

 

"Herri eredu desberdina amesten duten guztiek" eurekin bat egingo dutela espero dute, eta datozen egunetan egingo dituzten ekitaldietara gonbidatu dituzte. Hainbat ekitaldi egingo dituzte hauteskundeetara bitartean, eta bihar goizean, esaterako, informazio gunea jarriko dute eliza atarian. 13:00etan, berriz, "argazki erraldoia" aterako dute, eta Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria izango da bertan, Azkoitiko zerrenda babesteko.

Hauteskunde programa ere prest du koalizioak, eta etxez etxe banatuko dute gaurtik aurrera. Hainbat arlotan banatu dute herri programa: euskarari dagokionez, doako euskalduntze alfabetatzea bermatzea, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea eta "herrian euskaraz bizitzeko dauden hutsuneei" aurre egiteko planak diseinatzea proposatu dute. Kulturan, berriz, kultur mahaia indartu, kultura plan integrala diseinatu eta martxan jarri, liburutegiko zerbitzua erabiltzaileekin elkarlanean hobetu, herriko kultur programaren agenda bateratua osatu eta euskarazko kultur kontsumoan eragiteko estrategiak abiatu nahi dituzte. Kultur aniztasunerako ere hainbat proposamen dituzte; hala nola, aniztasun plan integrala garatzea, Ipaka astea indartzea, zurrumurruei aurre egiten jarraitzea, aniztasun kontseilua indartzea eta "aniztasunaren ikuspuntua alor guztietan" lantzea.

Nekazaritzari eta ingurumenari dagokionez, "nekazariekin harreman iraunkorra izatea" izango da neurrietako bat, eta baserritarrei obren zergak itzultzen jarraituko dutela agindu dute. Era berean, hondakinen kudeaketa arduratsuarekin jarraitzeko asmoa dute, “errauskailuaren alternatiba bakarra" delako. Herri barruan, bizikleta eta oinezkoei lehentasuna eman nahi diete, eta energia murrizteko planak jarri nahi dituzte martxan.

Sozioekonomiaren arloan, batez ere emakume eta gazteengana jo nahi dute, eta "eskualdeko beharretara egokitutako enplegu nitxo berrien inguruko proiektuen bideragarritasuna" aztertzeko bitartekoak jarri nahi dituzte. "Enplegu berdea" sortuko duten proiektu industrialak bultzatzeko asmoa ere badute. Urola saretzen proiektua bultzatu nahi dute, eta udalak egiten dituen kontratazioetan eta ematen dituen laguntzetan irizpide sozialak ezartzeko plangintza diseinatu nahi dute. Hirigintzari dagokionez, "Azkoitia Lantzenen auzien jarraipen zorrotza" egin asmo dute, eta irisgarritasuna bermatzeko plana diseinatzea proposatu dute.

Kirolari dagokionez, berriz, herriko kirol kontseilua sortu nahi dute, eta emakumeak kirolera gerturatzeko programa zehatzak garatu. Badute asmoa herri kirolak sustatzeko plan estrategikoa garatzeko ere. Gazteen beharrei aurre egiteko, berriz, langabeziari erantzuteko lan poltsa publikoa osatu eta etxebizitza arazoei aurre egiteko alternatiba errealak sustatu nahi dituzte, eta gazte lokaleko araudia osatzea proposatu dute.

Gizarte ongizatearen arloan, gizarte erakundeen arteko mahai soziala sortu, eta etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetu nahi dute. Horrez gain, etxe-kaleratze egoeran daudenei babesa ematen jarraitzeko asmoa dute. Azkenik, politika feministan, hezkidetza, ahalduntze egitasmoak, sentsibilizazio kanpainak eta berdintasun planak indartzeko eta martxan jartzeko proposamena egin dute.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide