Udal eta Foru Hauteskundeak

Udalaren funtzionamendua zeharo aldatu nahi du Azkoitia Baik

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2015ko api. 28a, 16:17

Azkoitia Bai koalizioak Udal Hauteskundeetarako taldea aurkeztu zuen atzo arratsaldean Elkargunean. Jose Joakin Etxaniz izango da koalizioaren zerrendaburua, eta aurreratu zuen datorren agintaldian Udalaren funtzionamendua erabat aldatu nahi dutela eta Eliza atarian aldamioez estalita dagoen eraikina eraberritzeari emango diotela lehentasuna.

Atzoko aurkezpenera honako hauek bertaratu ziren: Jose Joakin Etxaniz, Ana Albizuri, Jose Antonio Hidalgo, Ana Zubizarreta, Julen Garate, Olalla Epelde eta Modesto Larrañaga.

Koalizioaren zerrendaburu den Etxanizek azpimarratu zuen datorren agintaldian udalaren funtzionamendua "goitik behera" aldatu nahi duela bere lantaldeak, horretarako "planteamendu berritzailea" plazaratuz. Besteak beste, udaleko batzordeetan parte hartzeko zinegotzi izateko derrigortasuna kendu nahi dute, interesa duten edo adituak diren herritarrei ere taldeko kide izateko aukera emanez: "Udaleko batzordeak soilik zinegotziek osatzeak asko mugatzen du parte hartzea, eta bereziki ordezkaritza txikiagoa daukagun taldeak (azken agintaldian Azkoitia Bai eta PSE-EE) kaltetzen ditu". Koalizioaren ustez, beraz, batzordeek udal hauteskundeen araberako ordezkaritza izan beharko lukete, eta herritar guztiei ere aukera eman beharko litzaieke. 

Bestalde, parte hartzea sustatu nahi du Azkoitia Baik, eta herrian "aholkulari sarea" osatzeko asmoa daukate, hilero udaleko gai garrantzitsuenen informazioa jaso eta udalari ekarpenak egin diezazkion. Hain zuzen, Parte hartze batzordean urtarrilean proposatu zuten Udalak sarea osatzea, eta 2015ean 500 aholkulari lortzeko helburua daukate. Horrez gain, Udalak herri galdeketak urtero egin ditzan nahi dute. "Hondakinen bilketaren gainean egindako galdeketak izan dituen zailtasun formalak ikusita, beste era batera egin behar direla uste dugu". Galdeketa egitea baino, herritarrei "informazioa" eskatzea proposatu dute, parte hartzea errazteko asmoz.

Oraindik itxi gabe daukate hauteskundeetako programa, eta herritarren ekarpenetara zabalik daudela adierazi dute. "Programa beti herritarrei irekita egongo da". Dena den, aurreratu dute datorren agintaldian Nagusia 80.eko eraikina eraberritzeari emango diotela lehentasuna. Eliza atarian aldamioez estalita dagoen eraikinaren egoerari irtenbidea emateko, zinegotzi bat bideratzea eta, ahal bada, "alkatearen ardura" izatea proposatu dute, eta eraberritzearen jarraipena egiteko prest azaldu da koalizioa bera.

Irabazi koalizioak eta Batera herri plataformak osatzen dute Azkoitia Bai taldea, eta adierazi dutenez, oraindik ez dakite Podemos alderdiak babestuko al dituen; erantzunaren zain daude.

Hemen koalizioaren zerrenda-kideak:

IRABAZI-AZKOITIA BAI

1. JOSE JOAQUIN ETXANIZ

2. ANA ISABEL ALBIZURI AZKARATEASCASUA

3. JOSE ANTONIO HIDALGO MANGAS

4. ANA JESUS ZUBIZARRETA GOYA

5. JULEN GARATE AZPITARTE

6. NEREA MACHADO IPARRAGIRRE

7. OLALLA EPELDE AYERDI

8. JOSE JAVIER ALBIZURI AZKARATEAZKAZUA

9. ESTHER GANTZARAIN URIA

10. MIGUEL ANGEL ARRIETA SARASOLA

11. FELISA GOYA ARTOLA

12. IGNACIO CRUZ LARRAÑAGA LIZARRALDE

13. MIREN NEKANE SORALUZE BERISTAIN

14. JULIAN RUIZ REQUENA

15. MARIA JESUS ETXANIZ PEÑA

16. MIREN AZKUE GARATE

17. MARIA CONCEPCION GRANADO HORRILLO

Ordezkoak:

1. IÑIGO GARATE ARACAMA

2. MARIA LUISA IRIZAR SEGUROLA

3. MIREN SORKUNDE GARATE AZPITARTE

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide