ELKARRIZKETA MAXIXATZENEKO NAROA OLALDERI

Maxixatzen.eus 2013ko abe. 3a, 06:15

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Maxixatzeneko lehendakari Naroa Olalderi elkarrizketa egin diogu, gure herriko euskararen ingurukoak jorratzeko.

Euskararen egunaz gogoetan

Nola hartuko du parte Maxixatzenek Euskararen egunean?

Maxixatzenek berak bakarrik ez du ekintza berezirik antolatu euskararen egunerako. Udazkenetik edo euskararen inguruan lanean gabiltzan herriko eragileak Euskararen mahaian elkartzen ari, gara elkarren berri izan eta herrian eragiteko asmoz. Taldearen lehen ekintza abenduaren 3rako prestatu dugun egitaraua izango da. Euskararen Mahai horretan, herriko ikastetxeak, AEK, Auzoko, Banaiz Bagara, Udala, Xirikatzen, Erniarraitz, Hitza eta Maxixatzen dira partaide. Guztion artean osatu dugu Euskararen egunerako egitaraua.

Goizean ikastetxeetako ikasleak kalejiran plazara jaitsiko dira, eta bertan ekitaldi bat egingo dute, tartean Euskara Mahaiak egun  horretarako sortu duen manifestua irakurriko da. Arratsaldean mural bat margotu eta ondoren berriro manifestua irakurriko da.

Nolako eragina izaten dute zure ustez horrelako ekitaldiek hizkuntza dinamiketan?

Ekintzaren helburua egun batez plaza hartzea dela esango nuke, euskarari ere ikusgarritasuna ematea. Aldarrikapena eta festa lotzea… ondoren, hizkuntza dinamiketan izango duen eragina kalkulatzea ariketa zaila iruditzen zait.

Zein da gaur egun euskararen egoera Azkoitian? 

Iazko urtean Maxixatzenen ikerketa lan bat egin genuen, egoera hori zer nolakoa den jakin nahian.  Datuei erreparatzen badiogu, ezagutza maila altua da. Erabileran gauzak aldatu egiten dira. Arlo informalean, etxean, lagunekin… orokorrean erabiltzen da, jendeak behintzat horrela adierazten du. Maila formalean aldiz gauzak aldatu egiten dira, euskaraz idazteko zailtasunak ditugu, irakurtzeko ohiturarik ez dugu, kontsumitzen ditugun komunikabide gehienak erdarazkoak dira… Ildo horretatik, motibazioan eta kontzientziazioan zer egina badagoela iruditzen zait.

Gure herriko euskarari dagokionean, zein dira etorkizunerako erronkak?

Maxixatzen Euskaldunon Elkartetik begiratuta erronka motibazioan eta kontzientziazioan lanean jarraitzea dela uste dut. Ikerketaren aurkezpenean esan bezala, herriko datu soziolinguistikoak ikusita eta gure pertzepzioei kasu eginda, bertan goxo geratzeko arriskua egon daitekeela uste dugu eta horrek ez liguke egoera hobetzen lagunduko.

Hala ere, etorkizuneko erronkak eragile desberdinen artean adostu behar ditugula uste dut. Bakoitzak herriko egoera alde desberdinetik ikusten baitugu, eta denon ikuspuntua beharrezkoa izango baita herrian euskararen egoera hobetzeko.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide