JUAN KARLOS MERINO: EGUNGO PERNANDO AMEZKETARRA LAN BILA

 

San Inazio egunean, Azpeitira etorri zen Pernando Amezketarra. Festa-gogoak baino gehiago, lanen bat aurkitzeko esperantzak erakarri zuen gure bailarara. Izan ere, Interneteko gizarte-sare batean irakurri baitzuen Urola Erdiko enpresariak bildu egingo zirela elkarte gastronomiko bateko bazkari batean; eta azkar otu zitzaion ideia ona izango zela hara gerturatzea Curriculumarekin.

Eta horixe egin zuen. San Inazio egunean Azpeitira etorri zen. Hemen ibili zen goiz osoan, norbaitek enpresarien bazkaria non zen esango ote zion. Tabernetan ere galdetu zuen; alferrik, inork ez zion bazkari horren berririk eman. 

Eguerdi aldera, azkenik, gosez eta amorru bizian elkartea topatu zuen. Barrura sartu, eta lan eske hasi zen; baina, ezustean, bestelako mahai-ingurua zen hura. Iluntze aldera bueltatu zen etxera Pernando, Curriculum bakar bat eskura ematea lortu gabe.

Hurrengo egunean, Pernandori galdera hau egin omen zion beste langabetu batek:

-Zer moduz ibili zinen Azpeitian? Lanik topatu al zenuen?

-Ez, motel. Ikaragarria da! Aditua nian krisiak enpresariei kalte itzelak eragin dizkiela, baina ez nian espero hainbesterako izango zenik.

-Kalte! Zer kalte?

-Bai, motel, krisia dela eta denak itsu zeudek.

-Nola itsu? Ez dut ulertzen!

-Hara! Bati zein besteri neure burua aurkezten saiatu ninduan, baina inork ez zidaan ikusten. Curriculumak laga nitian mahai gainean, bazkari-menua izango balitz bezala, baina alferrik;  papera ere ez ziaten ikusten.

-Alajaina! Eta zer egin zenuen orduan, Pernando?

-Bada, inork ikusten ez ninduenez, bazkaltzera gonbidatu nian neure burua. Denetik jan eta edan nian, inork ez ninduen ikusten eta.

 

Juan Karlos Merino

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide