ERNIARRAITZ, BAILARAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Maxixatzen.eus 2013ko ira. 23a, 06:46

Bertsoaren erreferentzia gure inguruan

Bertsolaritza Txapelketa Nagusia aurkeztu berri den udazken hasiera honetan, egokia iruditu zaigu Erniarraitz bertsozale elkartearen berri izatea.

Hara hemen bertako kideei egindako elkarrizketa:

Nondik eta nora sortu zen Erniarraitz Bertsozale Elkartea?

1999 urtean Herri-arteko txapelketa antolatu zen, eta Azpeitian hiru talde osatu ziren, oker ez bagaude. Hiru-lau bertsolari, gai-jartzailea eta epailea. Hor ibili ginen hamabost-hogei lagun urte osoan halako harmonia ederrean, eta hura bukatzean afari bat egin genuen AƱotan.

Bukaeran, Imanol Lazkanok bota zuen: "Eta orain zer? Hau honetan bukatzea merezi al du? Ez al genuke ahalegintxo bat egingo, Hernani eta beste herri batzuetan bezala zerbait txukuna antolatzeko? Bertsolaritza bailara honetan berez etorri izan da orain arte, baina laster agortzeko zorian egon daiteke ez badiogu laguntzen".

Halaxe, orduko berotasunean, Bertsozale Elkarte bat antolatzea erabaki genuen. Helburua, bertsolaritza eskolatik hasi eta helduen mailan ere bertsolaritza lantzea, bat-batean egiten zuten bertsolariei laguntzeko eta bertsolarien arteko giroa sortzeko, eta, bide batez, bertsozaleei aukerak eman bailaran bertsoak entzuteko eta bertsoaz gozatzeko. Hasieran Zestoa ere barruan ikusi genuen eta bertako bertso-eskolarekin harremanetan hasi ginen, eta baita zenbait urtez ekintzak antolatu ere, baina ez genuen ikusi lankidetzarik beren aldetik ,eta bertan behera utzi genuen, Azkoitia, Azpeitia eta Errezil mailara mugatuz.

Helburua beraz, bertsolaritza geroratzea zen, baina, zaleen arteko elkarlana bultzatuz, geuk ere bertsoaz gozatzeko parada izatea. Herrietan bertso-giroa sortzea.

Zein da elkartearen jardunbidea gaur egun?

Azpeitia, Azkoitia eta Errezilen bertsolaritza sustatzea, eta bertso-eskolak dira horretarako gure baliabide nagusiak.

Zer gizarte arlotan ahalegintzen zarete bereziki?

Gaur egun gaztetxoekin ikastetxeetako bertso eskolatan egiten den lana gero eta pisu handiago hartzen ari da. Hala ere, saiatzen gara bertsoa bertso eskoletatik kanpora ateratzen, eta horren adibide, bi urtetik behin egiten den bertso parranda da.

Zein gabezia eta indargune dauzkazue zuen eragin esparruan?

Beste kultur arloen antzera, murrizketan ondorioak jasaten ari gara, eta indargunea berriz, gazte, heldu eta zaharren arteko transmisioa da, eta horri eskerrak lortu dugun giro ona.Zein ekintza dituzue esku artean epe motzera?

Ikasturte berrian bertso eskolak martxan ipini, abenduan egiten den Txapelen saioa eta 2 urtez behin egiten dugun Erniarraitz sariketa, aurten urtarril amaieran hasiko dena.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide