MOONLIGHT MELODIES: MAKETA, KONTZERTUA, ELKARRIZKETA

Maxixatzen.eus 2013ko uzt. 5a, 00:44

Moonlight melodies
Maketa aurkezpena

Gaur Matadeixen maketa aurkezteko emanaldia eskainiko dute Moonlight melodies taldekoek, eta, azken orduko eragozpenik ez bada Kontrako eztarrixe irratiazuzenean eskainiko du.

Horiek horrela, honako elkarrizketa egin diegu azkoitiar musikari gazteei:

  Nondik eta nora sortu zen zuen taldearen izena?

Egia esan nahiz eta izen xelebre xamarra izan, ez dauka beste munduko esanahirik, beste talde batzuetan duena bezala. Gure lehenengo kontzertua prestatzen ari ginela, kartela egiten, hain zuzen, izenik ez geneukala konturatu ginen, eta bost minutuko kontua izan zen erabakitzea. Azkenean nahiko gustura gaude hautatutakoarekin, uste dugu gure musika eta letrekin bat datorrela zeharo, nahiz eta jendeari arraroa egin Azkoitiko talde batek izena ingelesez edukitzea.

  Zein ibilbide egin duzue orain arte musika munduan?

Arlo pertsonalean Xabi (bateria) da musika munduan esperientzia handiena duena; gaztetatik hasi  zen  musika eskolan bateria jotzen, eta ordutik gelditu gabe dabil: Pill Head taldea zenarekin, Skandalue txarangarekin, kontzertu akustikoak jotzen, musika eskolako Jazz taldearekin… Tomas (ahotsa eta gitarra) ere musika munduan dabil, gaztetatik musika eskolan hasia hau ere (biolina eta saxofoiarekin), Sardintzarrak  taldearekin, kontzertu akustikoetan…  Amaia (baxua)  eta Vero (gitarra) ere gaztetatik musika  eskolan ibiliak dira, Amaia  akordeoiarekin eta Vero gitarrarekin, musika eskolako beste hainbat jarduerez gain.

Talde bezala, berriz, gure ibilbidea orain dela gutxi hasi zen, hain zuzen aurreko urteko urtarrilak seian  Matadeixen eman genuen gure lehenengo  kontzertua.  Ordundik sei bat kontzertu jo ditugu baina denak ere Azkoitia-Azpeitian: Beckett, Zurt, Orkatz, Azpeitiko gaztetxean… Orain arte denetan oso ondo ibili gara, eta bereziki kontzerturik onena Azkoitiko Andramaixetan izan da, jende aldetik eta geure aldetik. Orain maketarekin pixka bat aldatu egin dugu gure ibilbidea. Vero sartu da taldean gitarrista bezala, eta ostiralekoa izango da bere lehen kontzertua. Irrikaz gaude jendearen erantzuna ikusteko, bai taldearen aldaketa txiki honi begira, eta bai maketari begira.

  Zer musika estilo lantzen duzue?

Hasiera batean, lantzen genuen musika bakarra akustikoa zen, gitarra akustikoa, ahotsa, baxua eta bateriarekin. Baina orain gitarra elektrikoa ere sartu dugu, musika pixka bat landuagoa eta pertsonalagoa egiteko asmoarekin. Taldearen oinarriak, ordea, berdinak izaten jarraitzen dute, nahiz eta gitarra elektrikoa sartu, soinu garbiarekin jarraitzen baitugu, distorsiorik gabe.

Zer hizkuntzetan abesten duzue? Zergatik?

Maketan zazpi kantu agertuko dira, horietatik lau euskaraz, bi ingelesez eta bat  gazteleraz. Letra asko taldea hasi baino lehenago Tomasek eginak dira, eta ez zuten helburutzat publiko batengana heltzea; horregatik dauzkagu hiru hizkuntza letren artean. Orain, berriz, taldea pixkanaka finkatzen dioan heinean, erabaki dugu letrak euskaraz egitea, eta ingelesa ere ez dugu baztertzen, baina gaztelera, berriz, arrazoi ezberdinengatik gure taldetik at geratuko da. Esaterako: zailtasunak gure inguruko  jendearengana heltzeko, gure ama hizkuntza euskara delako, eta letrak idazterako  orduan erosoago sentitzen garelako euskara edo ingelesarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide