Beste bizitza batean_17

Hurrengo hilabetetan, hamaika medikuk eta adituk ikusi ninduten; dena alferrik. Hori bai!; denak ados zeuden diagnostikoarekin eta sekula ez zutela ikusi horrelako kasurik.

-Ez dirudi mutikoa gezurretan dabilenik -esan zieten aita-amei.

-Dena den, proba batzuk egingo dizkiogu. Berehala jakingo dugu zer den.

Berehala? Proba batzuk? Urte osoa eman nuen sendagile artean. Hainbat ospitaletan psikologia-testak eta proba anitz egin zizkidaten. Makina handietan sartu ninduten, tak-tak-tok-tok gisako zarata handiak egiten zituztenetan. Dena alferrik.

-Nahastuta gaude. Ez diogu ezer txarrik aurkitzen –ondorioztatu zuten, urtebetea iragan ondoren.

Aita-amak lasaitu egin ziren. Baina ni gero eta aspaldiko pasarte gehiagoz gomutatzen nintzen. Baserriko ipi-apa guztiak nituen buruan eta mihian: sarreran, ateko eguzki-lorea eta lizar adarra biziki gogoan nituen; habe eta zutoin zahar haiek nola eusten zioten teilatu zabalari; nolakoak ziren kako eta soka pila, denak txerrikiak zintzilikatzeko, edo emakumezko buruko jantzi mordo hura.

Gogoan nituen apaletan zeuden laiak eta labanak, horietako batzuk, ezpatak bezain luzeak, eta, halaber, karraka, aizkorak eta igitaiak, kaikuak eta erretiluak, antoxinak eta brontzeko balantza bat... Eta gogoan nuen hura guztia eguargia bezain argi, goizeko gosaria gogoan dudan bezain garden.

-Ezin dugu aurkitu zer duen zuen semeak –esan zuten azkenik medikuek-. Gure esku ez dagoen zerbait da.

-Nola? –gurasoek galdezka-. Ez dugu ulertzen. Zer esan nahi du horrek?

-Beno, zera, oraindik ere burua da gorputzeko organorik misteriotsuena. Askotan ez dugu ulertzen nola funtzionatzen duen. Horixe da gure kasua. Ez dakigu nola sortzen diren oroitzapen horiek zuen semearen buruan. Garbi dugun gauza bakarra da ez dituela asmatzen. Benetako oroitzapenak dirudite. Dena den, axola ez bazaizue, kide bati hots egingo diot, gaur bertan. Parapsikologia psikiatrikoan aditua da. Kasua azalduko diot eta zerbait argituko digulakoan nago. Koska bakarra, Bartzelonatik etorri behar izatea. Hartara hobe litzateke hara joatea mutikoarekin. Sentitzen dut. Hori da gure azken esperantza.

Azken esperantza.

Hura gehiegi izan zen gurasoentzat. Eta egun hartan, afaltzen etxean geundela, haserretu egin ziren nirekin. Izan ere, ez nintzen isiltzen, beti beste bizitza batean banengo bezala portatzen nintzen.

-Laga behingoz hori, aditu! -errieta egin zidan amak eskuak dardaraka zituela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide