Udalaren antolaketa berria zehazteko udalbatzarra egingo dute arratsaldean

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 3a, 09:00
Azkoitiko udaletxea, plazatik. (Andoni Elduaien)

Hasi berri den 2023-2027 agintaldiaren udal antolaketari dagozkion hainbat erabaki hartuko dituzte udal ordezkariek, 18:00etan hasita. Besteak beste, udalbatzarren maiztasuna, batzordeen eraketa, ordainsarien zenbatekoa nahiz udalaren menpeko erakundeetarako ordezkarien izendapena izango dituzte hizpide.

Ekainaren 17an Azkoitiko udalbatza berria eratu ostean, gaur, astelehena, arratsaldean egingo dute udal ordezkariek 2023-2027 agintaldiko bigarren ezohiko bilkura. Udalaren antolaketa berrirako erabakiak hartuko dituzte 18:00etan hasita udaletxeko bilkura areto nagusian egingo duten udalbatzarrean.

EAJk gutxiengoan gobernatzeko erabakia hartu zuen joan den astean, eta Azkoitia Bai herri plataformak jeltzaleek egindako proposamenaren aurka bozkatuko dutela argitu zuen. Tokiko Udal Gobernu Batzarreko kideen, alkateordeen zein batzordeburuen eta udal sailetako arduradun politikoen izendapenen berri emango dute udalbatzarrean. Udalaren menpeko erakundeen osaketak, hautetsien ordainsariak edota udal antolaketaren ildo nagusien proposamena ere egin du alkateak, eta horiek guztiak bozketa bidez erabaki beharko dituzte 18:00etan hasiko den udalbatzar irekian.

Honako hau da asteleheneko udalbatzarreko gai zerrenda:

  1. Udalbatza plenoen ohiko bilkuren maiztasuna erabakitzea.
  2. Batzorde informatzaileen eraketa.
  3. Batzorde informatzaileen osaketa.
  4. Batzorde informatzaile iraunkorren ohiko bilkuren maiztasuna erabakitzea.
  5. Udal korporazioaren ordezkarien izendapena egitea beste organoetan nahiz udalez kanpoko erakundeetan.
  6. Dedikazioen erregimen ekonomikoa, beste hautatuen asistentziengatiko dietak eta talde politikoen diru-izendapenak erabakitzea.
  7. Behin behineko lanpostuen kopuru, ezaugarriak eta ordainsariak erabakitzea.
  8. Alkatetzaren ebazpenen berri ematea:
    • Alkateordeen izendapena. 
    • Delegazioak. 
    • Tokiko Gobernu batzarreko kideen izendapena.
  9. Udal talde politikoen eraketa eta haien bozeramaileen izendapenaren berri ematea

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide