EAJk gutxiengoan gobernatzeko erabakia hartu du

Andoni Elduaien 2023ko eka. 29a, 09:21
Ekainaren 17an egin zen kargu hartze ekitaldiko irudia. (Ane Olaizola)

Udal osatzeko alderdien arteko negoziaketa epea "gainditutzat" eman du EAJk, eta hori horrela, jeltzaleek bakarrik osatuko dute datozen lau urteetako Udal Gobernua. EAJren arabera, Azkoitia Baik "biko gobernua osatzeko eskaintza" egin dio EAJri, baina herri plataformak jeltzaleei jarritako baldintzak "onartezinak" dira. Datorren astelehenean egingo dute agintaldiko lehen udalbatzarra, udal antolaketa berriari dagozkion erabakiak hartzeko.

Bi aste beteko dira larunbatean Ana Azkoitia alkate izendatu zutela, eta gaur, osteguna, Azkoitiko EAJk oharra kaleratu du jeltzaleek gutxiengoan gobernatzeko erabakia hartu dutela adierazteko. Udala osatzeko alderdien arteko negoziaketa epea "gainditutzat" eman ondoren hartu du erabaki hori EAJk.

Ekainaren 21ean bildu ziren udalean ordezkaritza lortu duten alderdiak udal berriaren antolaketa adosteko, eta ordutik alderdien arteko hartu-emanak "etengabeak" izan direla nabarmendu du Ana Azkoitia alkateak. Haren hitzetan, azken egunetan "eskuzabaltasunez" jokatu du EAJk. "Gure nahia lauko gobernua osatzea zen, baina ezinezkoa izan da. Hala eta guztiz, "elkarlana" aldarrikatu du hark. "Akordioen agintaldia izango zela aurreratu nuen, eta halaxe izango da. Gauzak aurrera atera nahi baditugu, batzuekin zein besteekin adostu beharko ditugu. Seguru nago aberasgarria izango dela guztiontzat".

Azken egun hauetako nondik-norakoei buruz, alkateak adierazi du proposamen bat aurkeztu zietela beste alderdiei. "Gutxiengo gobernuaren aldeko apustua egitea erabaki dugu. EH Bilduk hasieratik utzi zigun garbi ez zela gobernuan sartuko, baina gure arteko elkarrizketak bide onetik joan dira. Hasieratik gauzak garbi utzi dizkigute, eta hori ere eskertzen da".

Bestalde, alkateak jakinarazi du Azkoitia Bai herri plataformak "biko gobernua osatzeko eskaintza" egin diola EAJri, baina jarritako baldintzak "onartezinak" izan direla nabarmendu du. Hautetsien kargu hartze ekitaldia baino lehen EAJk Ingurumen eta Gizarte Zerbitzuen sailak eskaini zizkion Azkoitia Bairi, eta jeltzaleek nabarmendu dute "mantendu" egin dutela proposamen hori. "Oposizioan egon arren, Azkoitia Baik hiru lan esparru hartuko ditu bere gain hala nahi badu: Ingurumen Mahaiaren kudeaketa, San Jose egoitza eta aurrekontu parte hartzaileen antolaketa".

Tokiko Udal Gobernu Batzarra

EAJk bakarrik osatuko du datozen lau urteetako Udal Gobernua. Dena den, jeltzaleek adierazi dute beste alderdiekin hartutako konpromisoaren arabera, alderdi guztiei zabaldu dizkietela Tokiko Gobernu Batzarreko ateak. "Gure erabakia izan da Tokiko Udal Gobernu Batzarrean alderdi guztiek izatea ahotsa eta botoa". Hori horrela, EAJk hiru ordezkari izango ditu batzar horretan, eta bana gainontzeko alderdiek.

Halaber, EAJk egin duen proposamenaren arabera, hiruna ordezkari izango dituzte batzordeetan EAJk eta EH Bilduk, bi Azkoitia Baik, eta bat PSE-EEk. Halaber, jeltzaleek liberazioak proposatu dizkie oposizioko alderdi guztiei.

Lehen udalbatzarra, astelehenean

Datorren astelehenean, uztailak 3, egingo dute 2023-2027 agintaldiko aurreneko ohiko udalbatzarra, 18:00etan. Bertan Tokiko Udal Gobernu Batzarreko kideen, alkateordeen zein batzordeburuen eta udal sailetako arduradun politikoen izendapenen berri emango dute. Udalaren menpeko erakundeen osaketak, ordainsariak edota udal antolaketaren ildo nagusien proposamena ere egin du alkateak, eta horiek asteleheneko bilkuran bertan bozkatuko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide