Udal antolaketarako EAJk egin duen proposamenaren aurka bozkatuko du astelehenean Azkoitia Baik

Andoni Elduaien 2023ko eka. 30a, 11:36

Janire Astigarraga, Jose Joakin Etxaniz eta Nerea Machado, kargu hartze egunean. (Ane Olaizola)

"Markatutako gutxiengoak betetzen ez" direla eta, udal antolaketa zehazteko EAJk egin duen proposamenaren aurka egingo du astelehenean Azkoitia Bai herri plataformak. Jeltzaleek beraien proposamena EH Bilduren babesarekin onartuko dutela uste du Azkoitia Baik, eta horren aurrean, koalizioari zuzendu zaio, "guztia aldatzeko oraindik garaiz" daudela iritzita.

Datorren astelehenean, uztailak 3, egingo dute 2023-2027 agintaldirako Azkoitiko Udalaren antolaketa zehazteko udalbatzarra (18:00). Datozen lau urteetan udalak hartuko duen bidea zein den erabakiko dute bilkura horretan, eta Azkoitia Bai herri plataformak ohar bidez jakinarazi du EAJk egindako proposamenaren aurka bozkatuko duela; gutxiengoan gobernatuko duela jakinarazi zuen atzo alderdi jeltzaleak. "Aurka bozkatzeko erabakia hartu dugu, eta horrela adierazi diogu EAJri, guk markatutako gutxiengoak ez baitira betetzen", azaldu dute.

Asteleheneko erabakiak gehiengo soilarekin hartu beharko dituzte ezinbestean. Hori horrela, oposizioan dauden taldeen proposamenak onartzea ere posible da, nahiz eta alkatetza duen taldeak beste proposamenen aurka bozkatu. Hori horrela, jeltzaleek beraien proposamena "EH Bildurekin aurrera" aterako dutela uste dute herri plataforman, eta hala "boterea alkateak" izango duela.

Udaleko erabakiak hartzeko bi modu nagusi daude: batetik, alkateak dekretu bidez atera ditzake aurrera erabakiak, edota, bestetik, Tokiko Udal Gobernu Batzarrean erabakiak hartuta. Tokiko Gobernua osatu ohi dute alkateak eta hainbat zinegotzik, eta horri bide emateko, ondorengoa proposatu du Azkoitia Baik: alkateaz gain, EAJren zinegotzi batek, EH Bilduren bik eta Azkoitia Bairen batek osatzea Tokiko Udal Gobernu Batzarra. Hori horrela, gehiengo osoak eragoztea nahi du Jose Joakin Etxaniz buru duen plataformak. Dena den, herri plataformak jakinarazi du EAJren proposamena bestelakoa dela: alkateaz gain, EAJren bi zinegotzik eta EH Bilduren, Azkoitia Bairen eta PSE-EEren zinegotzi banak osatuko lukete Tokiko Udal Gobernu Batzarra.

Herri plataformak adierazi du, jeltzaleen proposamenak aurrera egingo balu, "EAJren esku" egongo liratekeela gobernu horretan hartzen diren erabaki guztiak; izan ere, berdinketa kasuetan alkatearen botoak deuseztatzen du berdinketa. "EAJren esku egongo litzateke gehiengo osoa kasu guztietan, erabakiak dekretuz edo Tokiko Udal Gobernu Batzarrean hartzea parekatuz. Badirudi EH Bildu hori onartzeko prest dagoela".

Azkoitia Baik argi du EAJk "ahalik eta botere metaketa handiena lortu nahi" duela, "nahiz eta behin baino gehiagotan esan guztion arteko lanketa baten ondorio izan beharko duela datozen lau urteetako agintaldiak". Hala eta guztiz ere, horrek ez ditu "ezustean harrapatu" herri plataforman, eta EH Bilduri zuzendu zaizkie. "Ulertzen ez duguna da EH Bilduk hori onartzea, eta bere burua oposizioan begirale soil gisa kokatu nahi izatea, hainbestetan aipatutako aldaketaren beharra eta lanerako gogoa albo batera utzita". Izan ere, koalizioaren eta herri plataformaren botoak batuta, "udal eredu guztiz ezberdina lortzeko aukera" ikusten du Azkoitia Baik.

Horren aurrean, plataformak azaldu du "guztia aldatzeko garaiz" daudela oraindik; ordea, "erabakia EH Bilduren eskuetan" dagoela azpimarratu du. "Hauteskundeetako emaitzek argi utzi dute herriaren aniztasuna mantentzeko modu bakarra dela proposamena atzera botatzea eta akordio zabalago bat lortzea".

Liberazio kopurua, "zertxobait handiagoa"

Liberazioen inguruan herri plataformak azpimarratu du "hasieratik" proposatu izan duela talde bakoitzak "udalean lortutako zinegotzi kopuruaren araberako liberazio banaketa" egitea; hain justu, zinegotziko 0,25eko liberazioa onartzea babestu du. "EAJri 1,75eko liberazioa, EH Bilduri bat eta erdikoa, Azkoitia Bairi 0,75ekoa, PSE-EEri 0,25ekoa eta alkatetza duen taldeari 0,25eko liberazio gehigarria ematea proposatu dugu. Horrela, guztira, 4,5 liberazio izango lirateke; nahikoa da udala aurrera ateratzeko".

Horren aurrean, Azkoitia Baik azaldu du EAJk egin duen proposamena dela jeltzaleek 4,4ko liberazioa izatea, EH Bilduk bat, Azkoitia Baik 0,5 eta PSE-EEk 0,15. Hori horrela, liberazio kopurua 5,95era igoko litzateke, "horrek suposatzen duen gastuarekin". Hori horrela bada, liberazio kopurua aurreko agintaldian baino "zertxobait altuagoa" izango dela aipatu du herri plataformak, eta EH Bilduri zuzendu zaio berriro. "EH Bilduk behin baino gehiagotan adierazi du soldatak nabarmen jaisteko kemena; orain, aldiz, EAJren proposamenarekin aurrera jarraituko dutela dirudi".

Ardurak eta soldatak

Herri plataformako ordezkariek ardura banaketen eta goi karguen soldaten inguruan ere eman dituzte azalpenak. "Azkoitia hobe bat lortzeko eta herritarren iritzia udalean islatzeko, alderdi guztiek hartu beharko lituzkete ardura batzuk, ondoren beste taldeekin adostu eta aurrera atera ahal izateko". Azkoitia Bairentzat, hori lortzeko "ez da beharrezkoa" Udal Gobernuan sartzea, "nahikoa da alkateak ardurak banatzea, oposizioan daudenak ere kontuan hartuta". Inguruko herrietan horrelako "adibide bat baino gehiago" aurki daitezkeela nabarmendu dute. Gainera, herri plataformak ardurak hartzeko aukera izaten badu, horiekin "aurrera" egingo dute, "ahalik eta eraginkorrenak" izateko. "Horrek gu gobernuan sartzen garela pentsaraztera eramaten badu norbait, pentsa dezala horrela", azaldu dute.

Era berean, EH Bilduk "eskainitako zereginak albo batera utzi" dituela esan du Azkoitia Baik, "beraien gain hartu zitzaketen eskumen guztiak EAJren eskuetan" utzita. "Beraien proposamenak aurrera eraman ordez, EAJk hartuko duen ildoa moldatzea besterik ez zaie geratuko modu horretara, proposamenei zuzenketak eginez edo atzera botaz. Hau al da azken bi hilabeteetan behin eta berriz adierazi duten lanerako gogoa?".

Soldaten inguruan ere hitz egin du herri plataformak; goi karguen soldatak %20 jaistea proposatu du, "herriak dituen baliabideak ikusita, proposamen egokiena" dela iritzita. Era berean, Azkoitia Baik dio alkatearen soldata "78.000 eurotik 70.000 eurora" pasatzea proposatuko duela astelehenean EAJk; alegia, %10 jaistea aurreikusten dute. Hori ikusita, Azpeitiko Udalak onartu dituen soldatak izan ditu hizpide plataformak. "Azpeitian aste honetan bertan onartu dituzte soldatak, eta alkateak 55.000 euro inguruko soldata izatea adostu dute, kontuan izanda Azpeitiko herria gurea baino handiagoa dela eta aurrekontu handiagoa duela".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide