Udal eta foru hauteskundeak 2023

Lau alkategai izango dira datorren asteko elkarrizketa digitaletan

Erredakzioa 2023ko mai. 16a, 10:03
Elkarrizketa digitaletan parte hartuko duten lau alkategaiak. (Erredakzioa)

Azkoitia Bai Elkarrekinen Jose Joakin Etxaniz zerrendaburuak hasiko du elkarrizketa digitalen erronda, astelehenean. PSE-EEren Janire Igoa alkategaiak asteartean erantzungo ditu herritarren galderak; asteazkenean, EH Bilduren Asier Altuna alkategaiaren txanda izango da, eta ostegunean, EAJren Ana Azkoitia zerrendaburuarena. Herritarrek dagoeneko bidal ditzakete lau hautagaientzako galderak.

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako kanpaina iritsi da erdi bidera, eta azken txanpan, alkategaiekin elkarrizketa digitalak antolatu ditu Maxixatzen.eus-ek. Hain zuzen ere, Azkoitia Bai Elkarrekinen zerrendaburu Jose Joakin Etxanizen, PSE-EEren alkategai Janire Igoaren, EH Bilduren zerrendaburu Asier Altunaren eta EAJren alkategai Ana Azkoitiaren elkarrizketa digitalak izango dira datorren astean.

Etxaniz izango da herritarren galderak erantzuten aurrena; zerrendaburua astelehenean, hilaren 22an, izango da Maxixatzenen erredakzioan, 15:00etatik aurrera. Igoaren txanda asteartean izango da, 15:30ean. Altuna asteazkenean izango da Maxixatzenen egoitzan herritarrek bidalitako galderak erantzuten, 16:00etan. Elkarrizketa digitalen erronda Azkoitiak itxiko du ostegunean, 15:00etan. PPren Fernando Aguilar-Galindo alkategaiari ere egin dio proposamena hedabideak, baina hark ez du parte hartuko.

Dagoeneko lau zerrendaburuei galderak bidaltzeko aukera dute herritarrek: Etxanizi galderak bidaltzeko egin klik honako lotura honetan; Igoari galdetzeko, hemen; Altunari bidaltzeko, honako honetan; eta azkenik, Azkoitiari galdera egiteko, hemen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide