Ana Azkoitia

Erredakzioa 2023ko mai. 25a, 15:00
Ana Azkoitia

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, Azkoitiko EAJren alkategaia izango da Ana Azkoitia.

1. Zein da Azkoitiko EAJ-PNVk Oletako Buruzai proiektuaren inguruan duen iritzia?
Aitor

Kaixo Aitor,

Energia trantsizioaren beharra garbia da. Hiru arlo aipatu nahi nituzke: 1) Klima aldaketa. CO2 emisioak murriztea ezinbestekoa da, muturreko egoera klimatikoak ekiditeko. 2) Segurtasuna. Ukrainako gerrak, adibidez, garbi utzi du Europak daukan dependentzia energetikoa gasari dagokionez. 3) Ekonomikoa. Gure familien ongizatea eta enpresen lehiakortasuna bermatzeko, beharrezkoa da energia prezio baxuak izatea.

Beraz, zerbait egin beharra daukagu. Gure mix energetikoan berriztagarri gehiago behar dugu. Euskadik %90ko dependentzia dugu. Beraz, dependentzia murriztu, energiaren prezioa jaitsi, familien ongizatea eta enpresen lehiakortasuna bermatu, segurtasuna indartu eta kutsadura murrizteko berriztagarriak beharrezkoak ditugu. Honetarako proiektu txiki, ertain eta handiak beharko ditugu. Proiektu guzti hauek arau eta ingurumen irizpide guztiak bete beharko dituzte, beste edozein proiektu bezala. Aldi berean, herriari begira ahalik eta onurarik gehien lortzen saiatuko gara.

Buruzai proiektuaren inguruan, Elkarguneko mahai inguruan gure ikuspuntua azaldu genuen. Oraindik proiektua hastapenetan dago eta ez dakigu egingo den edo ez. Gu momentuz, bai Ingurumen Sailarekin eta baita proiektua aurrera eraman nahi duen enpresarekin harremanetan gaude eta ahalik eta informazio gehien lortzen saiatzen ari gara eta orain arte dugun informazioa beste alderdi politiko eta eragileekin elkarbanatu dugu.

Eskerrik asko,

2. Kulturari buruz hitz egindakoan, sortzaileei eta instalazioei buruz aritu zineten mahai inguruan. Zergatik daude kontzertu gehienak Baztartxora bideratuta? Zergatik ez plazan kontzertu gehiago?
Andrexito

Kaixo, Andrexito

Aisialdia eta deskantsuaren arteko oreka topatzea da gure helburua. Ez dut uste Kontzertu gehienak Baztartxora guk bideratzen ditugunik. Baztartxo aukeratzea askotan, taldeen erabakia izaten da. Plazan kontzertuak egiten dira eta batzuetan, batzuek nahi baino gehiago. Lehen esan bezala, oreka topatzea da gure helburua.

Eskerrik asko,

3. Asko hitz egiten da konbustible fosilen erabilera murriztu beharraz, baina baduzue alde zaharratik kotxeak murriztu eta berau peatonalizatzeko proposamenik?
Teo Aseginolaza

Kaixo, Teo

Alde Zaharrean lehentasuna Plaza Berriren eraberritzea dugu, bere esentzia mantenduz. Horretarako lehenik bertako aparkalekuei irtenbidea eman behar diegu. Azkoitian 11600 biztanle gara eta 6.081 ibilgailu ditugu. Oinezko, bizikleta eta autoen arteko oreka topatu behar dugu. Programan jaso dugun eran, gure nahia bada Plaza Berri oinezkoentzat bideratzea.

Eskerrik asko.

4. Udal Gobernure sartze bazeate, zeuek erabakiko al dezute Plaza Berrixe etorkizunin nolakue izengoan eo Azpeittixen plazie berritzeko eintzeben bezela parte hartze prozesu bidez eingozute? Eskerrik asko.
Ana

Kaixo, Ana

Aurreko galderan erantzun dudan moduan, gure lehentasuna bada Plaza Berri eraberritzea, bere identitatea mantenduz. Honek inbertsio garrantzitsua suposatzen du. Datorren legealdian, proiektua bideratzea izango litzake gure nahia eta ez dugu baztertzen ondo diseinatutako prozesu parte hartzaile bat egitea.

Eskerrik asko.

5. Alde Zaharra oinezkuentzat biderauko al dezute? Eta hala baldima, zein da zuen proposamena?
Ainhoa

Kaixo, Ainhoa

Aurreko bi galderen erantzunekin uste dut erantzunda gelditzen direla bi galderak.

Eskerrik asko.

6. Herrian dagoen aparkalekuen arazoari erantzuteko zer proposamen duzue?
Iraitz

Kaixo, Iraitz

Arazoa daukagu aparkaleku faltarekin. Guk programan jaso dugun konpromisoa da aparkalekuen inguruko azterlan sakona egitea, ikusteko zein eremutan egokitu daitezkeen. Noski, hemen ere oreka bilatu behar dugu. Jakitun izan behar gara baita egiten dugun kotxearen gehiegizko erabileraz. Neurria hartu behar diogu.

Eskerrik asko.

7. Herriko gazte asanbladie gaztetxe eske ai da. Zein izengo da zuen erantzune udal gobernuen sartze bazeate?
Jokin

Kaixo, Jokin

Pare bat bilera egin ditugu Azkoitiko Gazte Asanbladako kideekin, Gaztetxea eskatzen duten gazteekin eta beraien beharrak zein diren ere azaldu dizkigute. Uste dugu, orain arte Matadeixek betetzen zuela funtzio hau, ala ere azaldu digutenez orain arazo batzuk sortu dira. Uste dut espazio publikoak guztionak diren heinean, optimizatu eta partekatu egin behar ditugula. Eutsiko diogu gai honi agintaldi berrian.

Administrazioak neurtu beharra dauka zerbitzu eta instalakuntza berrien ezarpena. Kontuan hartu, zerbitzu edo instalakuntza berri bakoitzak udalaren gastu arrunta igo egiten duela eta baliabideak mugatuak dira. Udal arduradunon egitekoa lehentasunak finkatzean datza.

Eskerrik asko.

8. Konfiantza transmititzen dezu, langilea zara eta hedabideetan hitz egiteko balio dezu. Alkate aterako bazina zure legealdiko azken egunean zer egingo zenuen? Hau da hemendik 4 urteetan egingo zenuen azken gauza.
Xabat

Kaixo, Xabat

Eskerrik asko zure hitzengatik. Azken eguna irudikatzea zaila egiten zait, baina ziur nago azken egunetan pasatako 4 urteei begirada bat botako niekeela eta baita orain aurkezten dugun programa irakurriko nukeela eta balantzea egin. Eta baikorra naizenez, balantze oso positiboa egingo nuke, gogoz eta ilusioz bai nago alkate izateko.

Eskerrik asko.

9. 2019ko PNVren proposamenetako bat hau izan zen: “Udalak 2019ko aurrekontu orokorretan Plazaberri eraberritzeko proiektuaren erredakzio lana burutzeko partida jarrita du. Baina nolakoa nahi dugu izatea etorkizuneko Plazaberri?. Galdera honi erantzuteko, parte-hartze prozesua jarriko dugu martxan”. Zer gertatu da partida horrekin? Non geratu da parte-hartze prozesu hori? Lau urte pasa dira eta ez da ezer egin. 2023ko proposamenetako bat hau da: “Plazaberri eraberritu nahi dugu, eta hori lortzeko, hurrengo legealdian proiektua landuko dugu”. Proposamen berdina. Aurreko lau urtean ezer ez bada egin, nola sinetsi oraingoan?
Javier Beristain

Kaixo, Javier

Arrazoi duzu. Pandemia tarteko proiektu batzuk atzeratu egin dira eta Plaza Berrirena horietako bat izan da. Gure asmoa datorren agintaldian proiektua egitea litzateke eta ondoren, inbertsio altua izango duelako, bere bideragarritasuna landu.

Eskerrik asko.

10. 2019ko PNVn beste proposamen bat hau izan zen: “Trenbidearen Zumardian ur parkea eraikitzeko asmoa dugu”. Lau urte pasa eta gero...Non dago ba ur parke hori?
Javier Beristain

Kaixo, Javier

Aurreko erantzunarekin honi ere erantzun bera eman diezaiokegu. Proiektu hau ere, pandemia tarteko, atzean gelditu da. Udal baliabideak mugatuak dira eta herritarren beharrak eta lehentasunak aldatzen doaz. Oso gustuko dugun proiektua da eta noizbait Azkoitian eginda ikusi nahi nukeena, baina lehenetsi beharra dugu.

Eskerrik asko.

11. Herrian bada talde bat lanean ari dena San Jose Egoitza gaur egungo kokalekutik, herrira hurbildu nahi duena. Gogorazi nahi dizut 3.224 azkotiarren sinadura bildu zituztela hau horrela gerta dedin (zure partiduak 2.717 boto jaso zituen azken hauteskunde munizipaletan). Bestalde, Azpeitian ez dute Egoitza Kalera bezelako talderik behar Zaharren Egoitza herri erdian kokatuta baitago. Hala ere udalak lortu du Aldundiaren partetik egoitza berri bat egiteko promesa, hain zuzen beheko solairu eta bost altuerako eraikin berri bat. Azkoitian lortu da Eguneko Zentroa kalera jaistea eta gaur egungo egoitzan berrikuntzak egitea eta zuk diozu “hito” bat lortu duzutela. Zer iruditzen zaizu hau?
Javier Beristain

Kaixo, Javier

2022ko uztailean Aldundiarekin sinatutako protokoloa lorpen handi bat izan zen. 4,7M€ bideratuko dira hitzartutako akordioari esker. Eguneko Zentroa tokiz aldatzeko Udalak erosi ditu lokalak Burdinoleta kalean eta atzoko ez ohiko udalbatzarrean Aldundiari lagapena egitea onartu zen. Gaur egun baino 10 plaza gehiago izango ditu. Apartamentu tutelatuak ere herrigunera jaisteko konpromisoa hartuta dugu. Psikogeriatria Unitatea guztiz berrituko da eta zaintza eredu berria ezarriko da San Jose Egoitzan. Bada zerbait.

Eskerrik asko.

12. Azkoitiko Udal Gobernua osatzen duten zinegotzien soldatak Gipuzkoako altuenak dira (Donostikoenak ez ezik). Azkoiti Bai plataformaren proposamen bat goi karguen soldatak %20 murriztea da. Hori egiteko prest egongo al zinake?
Javier Beristain

Kaixo, Javier

Ia 70 langile eta 2023an 16,7M euroko aurrekontua kudeatu behar da eta gaur egungo soldatak EUDELek jarritako baldintzak betetzen dituzte. Oso populista iruditzen zait soldatak jaitsiko direla esatea.... uste dut udal ordezkarion soldatak agintaldian egindako kudeaketarekin eta emaitzekin lotu behar direla eta guk erakutsi dugu kudeatzen badakigula. Bestalde, hautagaien ibilbide profesionala ere ezin da ahaztu. Nire kasuan Laboral Kutxako bulego bateko zuzendaritza kargua nuen eta eszedentzia eskatu nuen herrigintzan aritzeko. Politika eta politikariok gaur egun hartuta gauden bezala, ez zen erraza hautu hori egitea.

Eskerrik asko.

13. Gure attitte eta amaman azken urteak nola liteke enpresa pribatu baten esku lagatzea. Enpresa hauen objetivo bakarra, jakinda dirua ateratzea dela.. Zer egingo zenuke?
Zaintzaile Nekatua

Kaixo, Zaintzaile Nekatua

San Jose Egoitzaren kudeaketa ardura Foru Aldundiarena da, Kabiarena. Udalak ez du eskumenik. Horrekin ez dut nahi esan Udalak ez duela ardurarik. Guztiok nahi duguna da egoiliarrak etxean bezain ondo egotea.

Eskerrik asko.

14. Axkottin Gaztetxe berra daola ikusi da azken urtetan; herrixen espazixo huts asko daude, udalak bere jabegun dauzkenak barne... Gauzek hola, ze iritzi daukeuzte arazo honen ingurun, udalin ze hitzein da eta azkenik, ze ingouzte honen aurrin?
Mikel

Kaixo, Mikel

Zuk egin duzun antzeko galdera bat lehentxeago erantzun dut. Eskaera egiten duen Azkoitiko Gazte Asanbladako kideekin hitz egin dugu eta hitz egiten jarraituko dugu.

Eskerrik asko.

15. Zenbat diru gastatu du zure alderdiak propaganda egiten hauteskunde hauetan? Nondik etortzen da diru hori? Zenbat eta zerren arabera berreskuratzen da?
Javier Beristain

Kaixo, Javier

Ni EAJren Azkoitiko alkategaia naiz eta gure kasuan, programa eta esku orrien edukiak geuk landu ditugu arren, Gipuzko Buru Batzarretik eraman da kanpainaren finantziazioa. Beraz, neuk pertsonalki, ez dakit zenbat gastatu den.

Eskerrik asko.

16. Eguerdion, Axkottiko Gazte Asanbladatik idazte deu. Azkeneko urtebetin gure jardune Gaztetxe bat eskuratzea beire biderau deu herrixen, asterokotasunin aixialdixe ta eduki politikue lantzie bermatziez gain. Oñarte udaletxin alkatetzan daon PNVkin eongea ber honi aterabide bat eman naxen, baino argi ikustea eztaola inongo zintzotasunik ta borondate politikoik honi irtenbide bat eman ahal izeteko ta Axkottiarrok ber ta nahi deun azpiegitura hau euki ahal izeteko, horreatik ganontzeko alderdixek ze postura daukeuzten nahiko genuke jakin.
Azkoitiko Gazte Asanblada

Kaixo, Azkoitiko Gazte Asanbladako kideok

Zeuek diozuen bezala, PNVkin egon zarete eta konkretuki nirekin egon zarete. Eskatu duzuen bakoitzean elkartu gara eta gure aldetik zintzotasunez eta borondate on guztiaren jardun dugu. Agintaldi honetan ere elkartzeko prest eta ea irtenbidea aurkitzeko gai garen.

Eskerrik asko.

17. Igerileku berriaren proiektua gauzatuko duzue?
Instalakuntza Duinak Orain

Kaixo, Instalakuntza Duinak Orain-eko kideok

Agintaldi honetan mimo handiz hartu dugun proiektua izan da eta uste dut, izan dugun elkarlanaren ondorioz, exekuzio proiektu eder bat egitera iritsi ginela. Pandemia tarteko, eta lehengaien prezioen gorakadaren ondorioz, proiektu hau eguneratu beharra dagoela iruditzen zaigu. Gaur egun dugunak 3,5M euroko inbertsio aurreikusten du eta eguneraketarekin dezentez gora joango dela iruditzen zaigu, beraz, bere bideragarritasuna ondo aztertu eta landu behar dugu. Ez bai da egitea soilik, inbertsio honek hurrengo urteetako gastu arrunta igotzea suposatuko bai du.

Eskerrik asko.

18. KAIXO AZKOITIA'TAR ANA ANDEREA: DONOSTIN TRENA LURPERATZEN AI DIE, BAKIÑABAT DIRU XAUUTU. ONDOREN ZAUTZAKUE DATOR. ZUEK, 1988EKO OTSAILIN ITXI ZENUTEN " GURE UROLAKO TRENA- Z-Z ZUMARRAGA-ZUMAIA; ONOKO ERRIEK OSATZEN ZUTEN: ZUMARRAGA-AZKOITIA-AZPEITIA- ZESTUA TA ZUMAIA AZKENIK.AIN ZUZEN, ZESTUN,KOTXE GARABIRIK EZTAGOELA EDOZEIÑ MODUZ APARKATZEN DA, OTEL AROZENA ATARIN. URTEAN ZEAR DONOSTIN ANTOLATZEN DIREN EKINTZAK GOZATU NAI DEU; ANTZERKIA, MUSIKA, KURSALIN ENTZUTERA SARRIAGO JUNGO GIÑAKE, BAÑAN MUGA AZKEN BUSAK AZKOITIA-DONOSTI-AZKOITIA ORDUAK AGINTZEN DIGU, AMAITU AURRETIK IRTEN BEARRA. KOTXIE GARAJIN UTZ DEZAGUN AURRETIK PLAN SERIO BAT EGIN BEARRA DAO. ALEGIA; TOLOSALDEKO ATARIA ALDIZKARIN OARRA BIDALIA VILLABONAKO UDALA: IÑAUTERIAK TOLOSA(ORRELA EZ DA GARRAIOA SUSTATZEN) RENFE TA LURRALDEBUS PREBISIOAK GAÑEZKA IÑAUTERI OSUN; TAXIA TA KOTXE PRIBATUE ERABILIARAZI. PLAENTXIA ALDIZKARIA(SORALUZE-tik gazteiz, bilbo ta donostire bus bakarra eta jendie kanpuz geratuz. DEBA tik bilbo ta donostire siñadura bilketa ikas-orduetan maiztasun geiagoz eskatuz. Arrasate avanza busak su-artuz! Gora urolako trena denontzat,Burniak eta abar eramateko txirringa, surf taulak, erosketa poltsak, kotxie beingoz garajin utz dezagun, plan serio bat , ja! GORA UROLAKO TRENA, PLAZAOLA TA MALTZAGA!
ASIER

Kaixo, Asier

Garraio publikoa sustatu behar dugula garbi daukagu eta diozun bezala, Donostiara maiztasun zabala dugun arren, batzuetan motx gelditzen da. Gipuzkoako Garraio Publikoaren eskumena Aldundiarena den arren, guk bailara mailako erronka gisa ulertzen dugu. Bailarako herriok bat eginda Aldundia bultzatu behar dugu zerbitzua hobetzera eta zerbitzu berriak ezartzera. Datorren agintaldian gai hau landuko dugu.

Eskerrik asko.

19. Basoen gaia Diputazioaren eskumena izan arren udaletxeak ere egin beharko du ba zerbait hainbeste eukalipto arbolen landaketen aurrea ezta? Zein da basogintzarako zuen politika?
Julio

Kaixo, Julio

Ondo diozun bezala, basoen gaia Aldundiaren eskumena da. Udalak Ingurumen Mahaia sortu du eta elkarlanean saiatuko gai hau bertan lantzen eta Aldundiari gure proposamenak bideratzen.

Eskerrik asko.

20. Maxixatzeneko azken elkarrizketan galdetzen duzu ea 200 edo 1000 sinadura nahiko al diren proiektu edo zerbitzu bat aurrera ateratzeko. Eta 3224 sinadura? Hauek dira Egoitza Kalera taldekoek lortu zituztenak, San Jose Egoitza kalera jaisteko eskatzen, zuen alderdiak azken hauteskunde munizipaletan lortutako 2.717 boto baino zerbait gehiago. Nahiko al dira 3224 sinadura proiektu bati gogor heltzeko?
Juan Luis

Kaixo, Juan Luis

San Jose Egoitzako gaiari gogor eutsi diogu eta emaitzak ikusten ari gara. Gure ibilbidea programan markatu dugu eta hori jarraitzen saiatuko gara.

Eskerrik asko.

21. Elkargunea enpresa pribatu batek kudeatzen badu, irabaziak lortzen dituelako izango da. Enpresa publiko batek kudeatuko balu irabazia berdinak izango litzake eta diru hori herriko beste eginkizun batzuetan erabiligarri izango litzake. Non ikusten duzu arazoa?
Dorleta

Kaixo, Dorleta

Gaur egun Elkargune defizitarioa da eta mahai inguruan esan zen moduan datorren urtean kontratazioa berria egitea dagokigu, beraz, 2023 eta 2024 ditugu nolako eredua nahi dugun aztertzeko eta buru belarri jarriko gara horretan gobernuan sartzen bagara.

Eskerrik asko.

22. Alkate izatea ez baduzu lortzen jarraituko al duzu oposizioko zinegotzi izaten?
Mª Karmen

Kaixo, Mª Karmen

Bai.

Eskerrik asko.

23. Aurreko galderari lotuta, nola ikusten duzue ibaien zikinkeriaren kontua?. Ibaiak garbitzeko aurrekontuetan dirua ipintzeko prest al zaudete?. Urola bailarako beste herriekin hitz egingo al duzue gai honi buruz?
Jexux

Kaixo, Jexux

Ibai garbiketa ondo diozun moduan beste herriekin hitz egin beharreko gai bat dela argi daukat eta datorren agintaldian horretan saiatuko gara.

Eskerrik asko.

24. Kaixo Ana, Azkoitiak aldaketa behar du. Modernizatzea eta eraberritzea. Horretarako, herriko jendearen partaidetza sustatzea beharrezkoa iruditzen zait. Prest al zaudete? Berdura plaza eraberrituko al duzue? Plaza berriko proiektua landuko al duzue? Azpeitiko plazarekin egin zuten herri galdeketa moduko bat egiteko asmorik ba al dago?
Ane

Kaixo, Ane

Azken 8 urte hauetan partaidetzari bideak ireki dizkiogu eta horretan jarraitzeko asmoa badugu. Berdura plaza eraberritu beharra daukagu, Azokako eragileekin lan taldea osatuta dugu eta elkarrekin lehentasunak markatuta ditugu eta Next Funtsetatik diru laguntza lortuta ere bai. Lehenago erantzun dudan moduan, Plaza Berriko proiektuari ere helduko diogu.

Eskerrik asko.

25. Politikoki ondo geratzeari utzi egin beharko lioke zure lista kideek eta herriagatik gehiago egin. Zergaitik urtean zeharreko gauzetan eta egunerokotasunean ez dira agertzen zure listakideak eta argazkia atera behar denean agertzen dira?? Prentsaren aurrean ondo geratzeko?? Hasi beharko dezue lan egiten herritarrentzat eta ez hedabideetarako.
Unai

Kaixo, Unai

Oso garbi dut, azken 8 urteetan eta datozen 4 urteetan herritarrentzat begira egin dugula lan eta egingo dugula lan. Guk herrigintzan lan egiteko eman dugu pausua eta herrigintzan lan egiteko prest gaude berriro. Azkoitirako eta azkoitiarrentzat.

Eskerrik asko.

26. Anbulatorioak eskaintzen dituen zerbitzuekin konforme al zaude? Zer egingo duzue larrialdi zerbitzua berreskuratzeko?
Maria

Kaixo, Maria

Osasunaren eskumena Jaurlaritzarena den arren, guk herritarrek ahalik eta zerbitzu hoberenak izan ditzaten bultzatuko dugu, horretarako Jaurlaritzarekin orain arte bezala, elkarlanean.

Eskerrik asko.

27. Azkoitian jatorri atzerritarreko pertsona ugari daude, baina gaur egun elkarbizitzan hutsunea somatzen dut herritar bezala. Ez dago kulturartekotasuna sustatzeko eta herri bezala ditugun erronkei aurre egiteko ekintza-plan zehatzik... Zeintzuk dira zuen asmoak? Nola sustatuko duzue kultura-aniztasuna? Eta jatorri askotarikoa duten pertsonen parte-hartzea eta inplikazioa nola gauzatuko zenukete politikatik?
Amaia

Kaixo, Amaia

Zuk diozun moduan, Azkoitian jatorri desberdinetako pertsona ugari gaude eta elkarbizitzan pausoak emateko beraiekin elkarlanean emango genituzke. Herrilab prozesu parte hartzailean beraiekin bilerak egin ziren eta prest daude eta nahi dituzte pausuak eman. Saiatuko gara bideak topatzen.

Eskerrik asko.

28. Azkoitian hiletak elizan bakarrik egin ahal dira. Gero eta ateo gehiago dago herrian, hileta zibilak egiteko tokirik prestatuko duzue?
Mikel

Kaixo, Mikel

Hileta zibilak egiteko ordenantza baten zirriborroa egina dugu, ea datorren agintaldian bukatu eta martxan jartzen dugun.

Eskerrik asko.

29. Kaixo, Azkoiti eta kale garbiak aldarrikatzen dituzue. Kultura ekintzen, kontzertuen eta talde politikoen kartelak kentzen dituzue segituan, adierazpen askatasuna mugatzen. Karteldegietan ez da ia lekurik egoten eta gainera orain gehienak kendu egin dituzue. Bestetik, hauteskundeak direla eta, zuen kartelak non nahi daude. Nola ulertzen da hipokresia hau? Adierazpen askatasuna guztiontzat!
Javier

Kaixo, Javier

Kartelak eta pankartak jartzeko ordenantza bat dago. Guk herriak txukun nahi ditugu eta kartelak jartzeko karteldegiak daude. Gehiago behar badira, aztertuko dugu gaia. Momentu honetan batzuk falta izatearen arrazoia, konpontzen ari direla da eta berehala jartzekoak dira berriak.

Eskerrik asko.

30. Zergaitik da Elkarguneko kuota Gipuzkoako garestiena ??? Urteko kuota familiarra hiru gazte 17 urtetik gorakoak izanda 1000 € tik gora.
Iñigo

Kaixo, Iñigo

Garestiena den edo ez, ez dakit. Datorren urtean kontratua berritzea tokatzen da eta orduan dena aztertzeko aukera izango degu.

Eskerrik asko.

31. Hirigune historikoan dauden etxebizitzak birgaitzen laguntzeko Udal mailako lege bat ba omen dago baina horretara ez omen da diru-partidarik dedikatzen. Aldatuko al da hori hurrengo agintaldian?
Miren

Kaixo, Miren

Hirigune historikoan zerbait egin beharra dugula argi dugu. Birgaitzen laguntzeko bere garaian bazen ordenantza bat, gaur egun eguneratu beharko genukeena. Aztertuko dugu. Bestalde, Alde Zaharreko eraikinetako eta baserrietako jarduketak erregulatzen dituzten araudia aldatzeko asmoa dugu, gaurkotuz eta herritarrei erraztasunak eman asmoz.

Eskerrik asko.

32. Atsaldeon Baserritarrak feure terrenotan betidanik, naturalki sortutako iturrixetan kontadoriek jartzeko agindue jaso genun udaletxetik. Mendeetan zehar, mendietatik geure ataire, geure terrenota, dohanik datorren ure kobratzie ez alda izengo zuen asmue?? Euskal Herriko herri batzutan gertau da eta zuen asmue zein dan jakin nahiko nuke. Erantzunen zai Xabi
Xabi

Kaixo, Xabi

Azkoitiko uraren kudeaketa Gipuzkoako Urakek egiten du. Jarriko gara beraiekin harremanetan eta gaiaren nondik norakoak aztertuko ditugu.

Eskerrik asko.

33. Hauteskundeetara aurkezten zareten taldeen proposamenak eta lan-taldeak ikusita, EH Bildu eta zuenak dira proposamenik sendoenak eta sinesgarrienak. Gainera, eztabaidan ikusi genuenaren arabera, desberdintasunak desberdintasun, ez duzue kanpaina batere erasokorra egin elkarrekin. Hori asko gustatu egin zaigu herritar askori. Horregatik, igandeko emaitzak direnak izanda ere, Azkoitiarentzat estrategikoak diren erabakietan eta proiektuetan kontsentsuetara iritsi eta elkarlana bultzatzeko aukerak ikusten dira. Ze iritzi duzu zuk horri buruz?
Jon

Kaixo, Jon

Uste dut alderdi politiko guztion erantzukizuna dela elkarrekin hitz egitea. Guk elkarrizketaren, adostasunaren eta akordioen alde beti egingo dugu, bai nik eta baita alderdiak ere.

Eskerrik asko.

34. Oteiza Frontoietan auzokideei bere garaian erakutsitako proiektua zertan geratu zen, non 200 plazako aparkaleku subterraneo bat azaltzen zen bertan?
Ion1973

Kaixo, Ion1973

Zuk diozun proiektu hori 2015ean saiatu ginen heltzen, Aldundia eta Jaurlaritzako ateak ere jo genituen eta ez genion bideragarritasunik bilatu.

Aparkalekuen arazo atera zen auzokideekin Zazpi Frontoietan egin genuen bileran eta saiatuko gara irtenbide bat topatzen.

Eskerrik asko.

35. Autonomoak itota bizi dira eta egoera larrian daude herriko hainbat dendari txiki. Horren inguruan zer diozue? Ze neurri proposatzen dituzue? (bonoen aparte). Eskerrik asko.
Ane

Kaixo, Ane

Herri Bizia nahi badugu komertzio txikia behar dugu. Merkatari Elkartearekin harreman zuzena dugu eta elkarlana bultzatuko dugu. Iraurgi Berritzenetik ere eskualdaketen gaia eta ekintzailetza ere bultzatzen dira. Pandemiak gogor kolpatu duen sektorea da, aurretik internet egiten ari zen moduan. Herria bizirik nahi badugu, herrian erosi behar dugu eta hor kontzientziazio landu beharra dago.

Eskerrik asko.

36. Kaxo Ointxe bertan irakurri det 5G teknologixen buruzko artikulue herriko aldizkarixen. Oso kezkaute gerau naiz. Udalak ze etteko asmue dauke? Ion E.
Ion

Kaixo, Ion

Udalak eskatuta egin da azterketa eta frekuentzia altuko eremu elektromagnetikoen behaketa da. Telefonia mugikorrak sortzen dituen potentzia fluxuen neurketa da egin dena, ez 5G teknologiaren eragina. Gauza ezberdinak dira. Legea betetzen dugu.

Eskerrik asko.

37. Kaixo, Aurreko hauteskunde batzuetako programan Altzibar eta Oteiza Frontoiak lotzeko proiektu bat prometitu zenuten. Oraindik ez da egin eta orain ya ez dezute aipatzen. Egiteko asmorik? Altzibar nahiko aislatuta dago oraindik. Eskerrik asko.
Juanjo

Kaixo, Juanjo

Ez da ahaztuta dugun proiektua. Altzibar Jausororekin lotu genuen eta nahiko genuke Oteiza Frontoiekin lotzea. Legealdi honetan aztertzeko asmoa badugu.

Eskerrik asko.

Agurra

Eskerrik asko galderak egin dituzuen guztioi. Denbora arazoak tarteko, batzuk erantzun gabe gelditu dira.

Azkoitia martxan dago eta martxan jarraitzea nahi dugu. Gu prest gaude eta saxauko gea!


Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide