Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, Azkoitiko EH Bilduren alkategaia izango da Asier Altuna.
1. Asko hitz egiten da konbustible fosilen erabilera murriztu beharraz, baina baduzue alde zaharratik kotxeak murriztu eta berau peatonalizatzeko proposamenik?
Teo Aseginolaza
Kaixo Teo arratsaldeon.
Horrela da, erregai fosilen erabilera murrizten joatea ezinbestekoa izateaz gain Europatik bultzatzen ari diren plana da. Azkoitira begira, badugu plana, garraio ez motorizatuen erabilera bultzatzeko eta oinezkoena lehenesteko. Beharrezkoa da kontzientziazio kanpaina burutzea eta herri barruan kotxeen erabilera mugatzea. Horrek bitartekoak ipintzea eskatzen du.
Ez motorizatuen erabilera diogunean, oinezkoentzat lehenetsi nahi dugu. Bestetik bizikleta parke bat sortu eta bere erabilera bultzatuko dugu, urbanoak ere paper garrantzitsua beteko du norabide horretan.
Eskerrik asko.
2. Udal Gobernura iritsiz gero, egungo Udal Gobernuam egin duen bezala musika kontzertuak Baztartxora bideratuko al dituzue?
Andrexito
Kaixo Andrexito. Kultur eskaintza zabala bermatu nahi dugu herritarrentzat. Kultura herrira, kalera atera nahi dugu. Baztartxon kontzertu ederrak egon dira eta aurrera begira ere izango dira ikuskizunak bertan. Kalean ere kultur ekintzak egitea garrantzitsua da. Bestalde, elkargunean, herriko plaza aretoa daukagu ekipatua eta kontzertu zein bestelako ekintzetarako prestatua. Han ere egin daitezke kontzertuak.
Erantzunak balio dizulakoan.
Eskerrik asko.
3. Udal Gobernure sartze bazeate, zeuek erabakiko al dezute Plaza Berrixe etorkizunin nolakue izengoan eo Azpeittixen plazie berritzeko eintzeben bezela parte hartze prozesu bidez eingozute? Eskerrik asko.
Ana
Kaixo Ana, Plaza berrixe nolakoa nahi dugun herritar guztiekin erabakiko dugu, bereziki bertan bizi eta lan egiten dutenekin. Proiektu handixe izangoa plaza berrikue eta ahalik eta esku hartze zabalena izatea nahi dugu.
Eskerrik asko.
4. Herriko gazte asanbladie gaztetxe eske ai da. Zein izengo da zuen erantzune udal gobernuen sartze bazeate?
Jokin
Kaixo Jokin, arratsaldeon.
Gazteentzak egungo sistemak eskaintzen dituen aukera kontsumisten bestelako baloreetan oinarritutako aisialdia sustatu nahi dugu. Gaztetxe baten aldarrikapena urte askotan ez da entzun, besteak beste gazteak beraien lokaletan egoten zirelako. Gaztetxe zabala eta gazte guztientzako irekia izango dena bultzatu nahi dugu. Bestelako baloreak bultzatuko dituena, aisialdirako kontsumismoan oinarritzen ez diren ekintzak antolatuko dituena... Ni ere ibili nintzen gazte asanbladan eta badakit gaztetxe bat izatearen garrantzia eta eskeintzen dituen aukerak.
Eskerrik asko
5. Kaixo, Asier
Asko gustatu zitzaizkidan zure azalpenak mahai inguruan. Beste herrietako zenbait proiektu interesgarri herrian txertatzeko ideia azaldu zenuen: Usurbilgo etxebizitza komunitarioak, Durangoko buru osasuneko proiektua… Politika eta proposamen haize freskoa dela deritzot, baina horiek nola gauzatzea aurreikusten duzue?
Eskerrik asko
Jon
Kaixo Jon,
EHbildu proiektu herritarra izateko bokazioz jaio zen eta herrigintza komunitarioan oinarritutako lan handia egin dugu. Hernani, Usurbil... etxebizitza komunitarioen proiektuak egin dituzte. Horretarako herriko arau subsidiarioak herriaren beharretara egokitu ditugu. Usurbilgo proiektua oso interesgarria da eta gure herrian ere egingarria. Azkoitian etxebizitza politika berri bat bultzatuko dugu.
Durangoko osasun psiko emozionalaren proiektua oso proiektu berria da. Covid pandemiaren osteko egoeraz kezkatuta, politika berritzailea egin dute. Osasun mentalaren arazoa orokorra dela esango nuke, beraz udaletxean gaudenean azterketa serio bat egingo dugu eta arlo horretako profesionalekin elkarlanean hartu beharreko neurriak hartuko ditugu.
Eskerrik asko.
6. Alde Zaharra oinezkuentzat biderauko al dezute? Eta hala baldima, zein da zuen proposamena?
Ainhoa
Kaixo Ainhoa:
Alde zaharraren bizi berritze plana bultzatu nahi dugu eta plan horren barruan, garraio ez motorizatuen erabilera sustatu nahi dugu. Modu asko daude horretarako eta gure lehentasuna kontsentsu zabala lortzea izango da.
Alde zaharrean bizi direnen beharrak kontutan hartuz eta soluzioak emanez.
Eskerrik asko.
7. Herrian dagoen aparkalekuen arazoari erantzuteko zer proposamen duzue?
Iraitz
Kaixo Iraitz: Gure taldean luze hitz egin dugu gai honen inguruan. Alde zaharraren bizi berritze plana aurrera emateko beharrezkoa da aparkalekuen arazoa konpontzea. Herri ingurunean dauden espazioak aztertzen ari gara aparkalekuen arazoari irtenbidea emateko.
Eskerrik asko.
8. Azkoitiko Udal Gobernua osatzen duten zinegotzien soldatak Gipuzkoako altuenak dira (Donostikoenak ez ezik). Azkoiti Bai plataformaren proposamen bat goi karguen soldatak %20 murriztea da. Hori egiteko prest egongo al zinake?
Javier Beristain
Kaixo Jabier:
Goi karguen soldatak jeistea egokia eta beharrezkoa ikusten dugu. 2011ean, oker ez banaiz, %20a baino gehiago jaitsi genuen eta orain ere horrela egingo dugu. Udalean gaudenean proportzionaltasunean jaitsiko ditugu.
Eskerrik asko.
9. Zenbat diru gastatu du zure alderdiak propaganda egiten hauteskunde hauetan?
Nondik etortzen da diru hori?
Zenbat eta zerren arabera berreskuratzen da?
Javier Beristain
Kaixo Javier:
Ez dakit zehazki zenbat gastatu dugun, asko ez da izan.
Gure udal zinegotziek komisioko jasotzen duten dirua Azkoitiko EHbilduren kutxan ipintzen dute eta horrela, hauteskundeak zein bestelako kanpainak aurrera emateko poltsa bat izaten da.
Nazio mailako egitura gara eta gure soporte grafikoak bermatu ditu. Beste guztia herritik egin dugu. Dena den, hauteskundeak pasata Herri kontuen euskal epaitegiak auditoria pasatzen da.
Zenbat eta zerren arabera berreskutzen den. Ez dakit zehazki. legeak ezartzen dituen irizpideen arabera izango da.
Eskerrik asko.
10. Gure attitte eta amaman azken urteak nola liteke enpresa pribatu baten esku lagatzea. Enpresa hauen objetivo bakarra, jakinda dirua ateratzea dela.. Zer egingo zenuke?
Zaintzaile Nekatua
Kaixo arratsaldeon,
Ulertzen dut zure kezka, nekea eta haserrea. Azken urteak gogorrak izan dira eta gure helduak izan dira gehien pairatu dutenak. Zaintza negozio iturri bihurtu da eta horrek gure helduak merkantzia balira bezala tratatzea ekarri du. Gu ez gaude horrekin ados eta aitona-amonak baldintzarik egokienetan egotea nahi dugu. Horregatik, herri programan jaso dugun bezala bi lan lerro ditugu: 1.- Bertan izi diren egoiliarren zein langileen eguneroko bizitza hobetzeko neurriak hartuko ditugu eta 2.- Egoitza kalera jaisteko gure esku dagoen guztia egingo dugu.
Eskerrik asko.
11. Altzibar auzoa abandonaturik dago, espaloiak egoera oso txarrean, Altzibar Plazako lurra tamalgarri, plaza atzeko errepidea ere oso gaizki... Zer proposatzen duzu Altzibar hobetzeko?
Julian
Arratsaldeon Julian:
Altzibar auzoari begirako hainbat proposamen landu ditugu. Goiko kaletik, altzibarrerako erreka ondoko pasabidea ez da batere erosoa, oso estua da, eguraldi txarrarekin oso desegokia bihurtzen da eta plan morearen barruan, puntu iluntzat jo zen. Bide hori estali eta zabaltzea egokia ikusten dugu, argiztatze egoki batekin eta gune segurua izango dena.
Horretaz gain, espaloia ere tamalgarri dago eta berritu on bat behar du. Udaletik, altzibarko auzokideekin batera egin nahi ditugu hobekuntzak, auzotarren beharretara egokituz.
Eskerrik asko
12. Axkottin Gaztetxe berra daola ikusi da azken urtetan; herrixen espazixo huts asko daude, udalak bere jabegun dauzkenak barne... Gauzek hola, ze iritzi daukeuzte arazo honen ingurun, udalin ze hitzein da eta azkenik, ze ingouzte honen aurrin?
Mikel
Kaixo Mikel,
Lehen erantzun det galdera hau.
Gazteentzako egungo sistemak eskaintzen dituen aukera kontsumisten bestelako baloreetan oinarritutako aisialdia sustatu nahi dugu. Gaztetxe baten aldarrikapena urte askotan ez da entzun, besteak beste gazteak beraien lokaletan egoten zirelako.
Gaztetxe zabala eta gazte guztientzako irekia izango dena bultzatu nahi dugu. Bestelako baloreak bultzatuko dituena, aisialdirako kontsumismoan oinarritzen ez diren ekintzak antolatuko dituena...
Ni ere ibili nintzen gazte asanbladan eta badakit gaztetxe bat izatearen garrantzia eta eskaintzen dituen aukerak.
Eskerrik asko.
13. Eguerdion, Axkottiko Gazte Asanbladatik idazte deu. Azkeneko urtebetin gure jardune Gaztetxe bat eskuratzea beire biderau deu herrixen, asterokotasunin aixialdixe ta eduki politikue lantzie bermatziez gain. Oñarte udaletxin alkatetzan daon PNVkin eongea ber honi aterabide bat eman naxen, baino argi ikustea eztaola inongo zintzotasunik ta borondate politikoik honi irtenbide bat eman ahal izeteko ta Axkottiarrok ber ta nahi deun azpiegitura hau euki ahal izeteko, horreatik ganontzeko alderdixek ze postura daukeuzten nahiko genuke jakin.
Azkoitiko Gazte Asanblada
Kaixo AGA-ko kideok.
Aurreko galderan eman dut gai honekiko erantzuna, dena dela, gustatuko litzaidake zuekin elkartzea eta gaiari buruz lasaiago hitz egitea.
Asko eskertzen dizuet taldearen izenean idaztea.
Eskerrik asko,
14. Igerileku berriaren proiektua gauzatuko duzue?
Instalakuntza Duinak Orain
Kaixo,
Gure udal taldeak proiektua babestu zuen eta orain ere gure lehentasunen artean dago. Udaletxera iristean legegintzaldi honetan eskatutako diru kreditua nola dagoen aztertuko dugu eta gure esku dagoena egingo dugu.
Jakitun nahiz, Instalazio duinak orain taldeak egindako proiektuaz. Lan bikaina egin duzue eta hori ez da alferrikakoa izango.
Eskerrik asko.
15. Kaixo Asier,
ikusirik bere garaian kondenatua izan zinela Bizkargi aparkalekuetako tokian ETAren lehergailuak edukitzeagatik, zure burua gaitzat ikusten al dezu azkoitiar guztien alkate izateko?
Bratbakk
Kaixo Bratbakk:
Nire konpromisoa; bakearekin, bizikidetza demokratikoarekin eta biktimekin argi eta garbia da. Azken 10 urteak Aieteko akordioaren 3. puntua, gatazkaren ondorioak lantzen jardun dut.
Alkatetzatik ere elkarbizitzaren aldeko lanean jarraituko dut.
Eskerrik asko.
16. Kaixo, Asier
Zuen asmoetako bat arau subsidiarioen aldaketa aurrera eramatea dela irakurri berri dut. Hala ere, asmo honen atzean ez dut oso argi zer nolako erabakiak hartzekotan zabiltzaten. Zehaztu ditzakezu zenbait neurri, mesedez.
nietzsche
Kaixo Nietzsche:
Egungo arau subsidiarioak zaharkituak gelditu direla uste dugu. Arau hauek, 2006-2016, herri ereduari erantzuten diote baina gure ustez eredu hori agortua dago. Gainera, hurrengo urteetan aldaketa handiak emango dira Europa zein Azkoitian eta behar beharrezkoa da aldaketa horietara prestatzea.
EHBilduk badu beste herri eredu bat. Azpeitia, Hernani, Usurbil... Bestelako herri eredu bat egiten ari dira. Usurbilgo alkatea gure artean izan zen duela gutxi eta berak azaldu zigun, zein irizpide izan zituzten kontutan herriaren diseinu integrala egiteko orduan. Irisgarritasuna, ikuspegi eko-feminista... Aipatu dudan bezala, herri antolaketan ezagutza handia dugu EHbilduren komunitatean eta jakituria hori baliatu nahi dugu, Arau subsidiario berriak egiteko orduan.
Eskerrik asko.
17. Maxixatzeneko azken elkarrizketan esan duzu Bilduk ez duela babesten Buruzai eolikoen proiektua, baina “Oletan ere Ez” taldeak mozioa aurkeztu zuenean udaletxean proiektu honen aurka, zuen zinegotzi bakarra izan zen mozio honen alde agertu zena, besteak kontramozio bat aurkeztu zuten. Nola uler dezakegu hau?
Dorleta
Kaixo Dorleta:
Trantsizio energetikoa hurrengo urteetan gure artean izango dugun gaia da. Gai konplexua zalantzarik gabe. Erregai fosilen gutxitzeak bestelako energia iturrien beharra ekarriko digu. EHBilduk eztabaida sakona egin du gai honen inguruan eta proposamena publiko egin dugu.
Azkoitiko EHbilduk ez du babesten Buruzai proiektua eta horrela esan dugu behin baino gehiagotan. Udaletxean aurkeztu genuen mozioak ez zuen bakarrik oletako eolikoaz hitz egiten, komunitate energetikoa zein beste proposamen batzuk azaltzen ziren. Guk, oletan ere ez, plataformarekin elkarlanerako ez dugu inolako arazorik. Proiektuen arteko nabardurak egon daitezke baina funtsean gure mendiak babestu nahi ditugu baina herritarrak ere babestu behar ditugu, energiaren transnazionalen negozio gosearen aurrean.
Eskerrik asko
18. Kaixo, Asier
Zentral eolikoaren kontuan " baldintza hauetan" proiektua hori babesten ez zenutela azpimarratzerakin batera, " herriarentzat onurak" izan beharko lituzkela adierazten duzue etengabe. Onura hitzaren harira, nola neurtzen duzue onura? esaterako,gure mendigunea txikitzea eta industrializatzea Azkoitiko herritarrei % 20a euren argi-faktura jeistea? ez litzateke normalagoa, plaka fotoboltaikoak herriko eraikinetatako teilatuetan jarri edota jarri eta altuera txikiko errotak herriko puntu estrategikoetan jartzetikhasita, eta hori gauzatu ostean beste mendiguneak ez diren toki batzuetan zentralak planteatzea,eta hau guztia erreferendum bidez herritarrek onartzea, nahiz eta agian balio juridikorik ez izan?
nietzsche
Kaixo Nietzsche:
Trantsizio energetikoa hurrengo urteetan gure artean izango dugun gaia da. Gai konplexua zalantzarik gabe.
Erregai fosilen gutxitzeak bestelako energia iturrien beharra ekarriko digu. Erregai fosilak (gero eta urriago), energia berriztagarriak (eolikoak, eguzki-plakak, biomasa), elektrizitatea. Eguzki plakak ere erabili beharko dira teilatuetan baina, bertatik ekoizten den energia oso txikia da eta bitarteko gehiago behar dira.
EHBilduk eztabaida sakona egin du gai honen inguruan eta proposamena publiko egin dugu.
Transnazional energetikoek, kapitalismo berdeaz baliatu nahi dute euren negozio eta mozkinekin jarraitzeko. Azkoitiko etxe askotan beste toki askotan bezala, pobretze energetikoa ematen da hau da, herritar askok energia kontsumitzeari utzi dio, ezin duelako energiaren prezioa ordaindu.
Guretzat hau onartezina da eta neurriak ipini behar dira. Neurrien artean proposatzen dugu; komunitate energetikoa sortzea. Eskualde mailako prozesu deliberatiboa ipiniko dugu martxan, elkarlanean trantsizio energetikoa nola emango dugun aztertzeko.
Eskerrik asko.
19. Egoitza kontuaren harira, argi dut gaur egun errentabilidadea gure aiton-amonen beharren gainetik dagoela. Ez da kasualitatea Fondo- putreak ala enpresa garrantzitsuak, ACSren Florentino Perez esaterako egoitzen arloan inbertsioak biderkatzea azken urteotan . Gure zaharrak estutu eta dituzten azken apurrak kentzea nahi ditzuten erakundeek irabazi handiko " Hiltegi neoliberalak" sortzen dituzte. Ahoztar Zelaieta kazetariak " Residencias S.A." liburuan Azkotiko egoitza jartzen du horren adibide: PNVri hertsiki loturik dauden Agiriano azpeitiarrak eta Lasuen, Otxandioko alkate ohiak, Biharko S.L sortu zuten euren irabaziak nabarmen igotzeko bertan bizi direnei baldintza penagarriak eskainiz.
Kontuan izanda, populazio-piramideak adindunen kopurua asko igoko duela, zein da Bilduk Azkoitirako eta EAErako plantetzen duen eredu berritzailea arlo honetan?
Eskerrik asko,txapa earra sartu diat...
nietzsche
Kaixo Nietzsche,
Kapitalismo finantzarioak gizakiaren merkantilizazioa ekarri du. Ongizate estatua desegiteko urratsak ematen ari dira, horien artean egoitzen pribatizazioa, negozio handia bihurtu dute. Gizartearen zahartzea gero eta azkarrago ematen ari da eta hurrengo hamarkadetan zaintza oso garrantzitsua izango da.
EHBilduk zaintza erdira ekarri behar dela diogunean proposamen integralaz ari gara hitz egiten. Zaintza komunitarioa, egoitzen baldintzak hobetu... Usurbilgo udalak proiektu berri bat egin du. Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa egin dute. Emantzipatu nahi duten gazteen eta bakarrik bizi diren helduen artean... Horrelako proiektu asko ari gara gauzatzen eta Azkoitirako ere, zaintza bere osotasunean landuko duten politikak egingo ditugu.
Eskerrik asko
20. Denok herrira begira ari zareten bitartean gure mendiak kalte ugari ari dira pairatzen. Pinuen gaitza dela eta hauek botatzen ari dira eta ez modu egokinean, matarrasa erabiliz pinudietan dauden beste espeziek ere mozten dituzte, mendi bideak guztiz izurratuta usten dituzte eta hori gutxi balitz orain eukalitoak ari dira landatzen... Honi irtenbiderik ikusten al diozue?
Jexux
Kaixo Jexux,
Aste honetan izan dugu biodibertsitatearen nazioarteko eguna eta hitzaldi zein jardunaldi asko izan dira gai onen inguruan.
Mendietan hurrengo hamarkadetan landatu beharreko baso masa zehaztea tokatzen zaigu. Pinuen banda gorriaren gaitzak mendiko pinuak gaixotu eta hiltzea ekarri du. Pinudiak ateratzerako orduan, ongi diozun bezala, matarrasak egin dira, mendiko pistak puskatu, lur zorua kaltetu... Adituek diote, klima aldaketak hurrengo urteetan ekarriko duen Tº igoerak, baso sute gehiago izateko arriskuak areagotuko duela. Egoerari aurre egiteko prestatu behar gara.
Instituzioen partetik ez dagoenez politika zehatz bat basogintzari dagokionez eta honek nahasketa sortzen du lur jabe askoren artea. Batzuk eukaliptoa landatzen ari dira, etekin ekonomikoa lehenetsiz.
Azkoitirako basogintza politika berria diseinatu nahi dugu. Herriko lurrak erosi eta publiko egingo ditugu eta baso mistoak bultzatuko ditugu. Horrek biodibertsitateari orekatzen laguntzen dio eta baso suteen aurrean ere ezkutu naturala osatzen du. Guzti hau aurrera emateko, Nekazaritza, abeltzantza eta basogintzako teknikari baten beharra ikusten dugu.
Eskerrik asko
21. Aurreko galderari lotuta, nola ikusten duzue ibaien zikinkeriaren kontua?. Ibaiak garbitzeko aurrekontuetan dirua ipintzeko prest al zaudete?. Urola bailarako beste herriekin hitz egingo al duzue gai honi buruz?
Jexux
Kaixo Jexux;
Aurreko galderan esan bezala biodibertsitatearen galerak ibaietan ere eragin zuzena du. Urola ibaiaren baldintzak asko hobetu dira azken urteetan baina beharrezkoa da plan zehatza izatea. Arrainen birpopulaketarako baldintzak ipini, errekara isurtzen den zaborra bildu eta atera...
Azkoitian duela gutxi ibaia garbitzeko ekimena izan da, horrelako ekintzak behar beharrezkoak dira eta gurekin kontatzen duzue.
Eskerrik asko
22. Kaixo, Asier. Kaleko karteletan ikusi ditut zenbait proiekturen irudiak. Kuriositatez, non kokatzeko asmoa duzue skate parkea? Milesker.
Mikel
Kaixo Mikel,
Kalean karteletan ipini ditugu guretzat garrantzitsuak diren proiektuak, horietako bat skate parkea. Ez dugu herriko toki zehatz batean ipini. tokirik egokiena eta baldintza egokienak non ematen diren herritarrekin batera erabaki nahi dugu.
2011-2015 legealdian, aurrekontu irekien bidez hainbat proiektu eraman genituen aurrera (musika eskola, parke estalia, floreagako igogailua), guretzat oso emankorra izan zen prozedura. Orain ere, lan estilo berarekin jarraitu nahi dugu.
Skate park en kasuan, Irisgarritasuna, zarata zein bestelako aldeko zein kontrakotasunak aztertu eta tokirik egokiena deritzogun gunean jarriko dugu.
Eskerrik asko
23. Azkoitian jatorri atzerritarreko pertsona ugari daude, baina gaur egun elkarbizitzan hutsunea somatzen dut herritar bezala. Ez dago kulturartekotasuna sustatzeko eta herri bezala ditugun erronkei aurre egiteko ekintza-plan zehatzik...
Zeintzuk dira zuen asmoak? Nola sustatuko duzue kultura-aniztasuna? Eta askotariko jatorria duten pertsonen parte-hartzea eta inplikazioa nola gauzatuko zenukete politikatik?
Amaia
Kaixo Amaia;
Gure herria ere gero eta anitzagoa da eta azkoitiko gizartearen %10a atzerritik etorritako komunitateek osatzen dute. Elkarbizitza politikak jorratu behar dira, komunitateen arteko integrazioa eta interkulturalitatea bultzatuz.
Apirila hasieran gurekin izan genuen Robert Mashi (ERCko senataria), jatorriz Indiarra den Katalana. Mashi-k urteak daramatza integrazio politikak diseinatzen eta lantzen. Proposamen ezberdinak landu genituen.
2011-2015 legealdian politika berritzaile asko eman genituen aurrera. Hilabetero elkar trukaketa interkulturalak, euskaraz ikasteko politikak... Bide horretatik jarraitzea da gure asmoa.
Eskerrik asko.
24. Udaltzaingoaren zenbait erabaki, gutxienez euskarari dagokionez eta komunikabide honetan irakurritako gutunei eta kexei erreparatuta, ez dira herritar euskaldunok gustukoak izan. Zer nolako Udaltzaingo edo polizia eredua proposatzen duzue herrirako?
Antton
Kaixo Antton;
EHBilduk urteak daramazki bestelako polizi eredu berri baten beharra azpimarratzen. Beharrezkoa da polizi eredu zaharkitua albo batera utzi eta beste polizi eredu bat lantzea.
Udaltzaingoa, herritarrengandik gertuen dauden agenteak dira eta horrenbestez herriaren ezaugarriak barneratu (horien artean euskararen erabilera) eta egokitu behar dira.
Eskerrik asko
25. Azkoitiko EH Bildutik, zer daukazute eskaintzeko, beste alderdiek ez daukatena?
Aitor
Kaixo Aitor;
Mahai inguruan esan bezala, Herri eredu berri batekin gatoz. 8 urte egon gara oposizioan eta denbora horretan gure proiektua eguneratu dugu.
Herritarrak erdian jarriko dituen proiektua da gurea. arlo soziala zein ekonomikoa jorratuko dituena. Maite dugun Azkoitia eraiki nahi dugu.
Ilusioa eta lanerako gogoa badugu.
Eskerrik asko
26. Zer proposamen dituzue turismoa bultzatzeko?
Urola Erdiko turismoa bultzatzeko AC gune bat (Autokarabana Gunea) izatea oso interesgarria izan daitekeela uste dut. Loiola izango litzateke leku aproposetako bat. Honelako proposamenak aintzat hartuko al zenituzkete?
Aitor
Kaixo Aitor;
Turismoa garrantzitsua da herri batentzat, beti ere sostengarria egiten bada. Turismoari buruzko proposamena lantzen ari gara. Zentzu horretan, egin duzun proposamena aztertzekoa iruditzen zait.
Eskerrik asko.
27. Kaixo,
Azkoittixe Ueman sartzie beher beherrezkue dala iruitze zait, eta ikustet zueke horren alde eittezutela. Ezta normala Azkoitti eta Azpeitti 5 kilometron barrun eonda, 20 puntuko aldie eotie euskerien kale erabileran! Euskerien arlue nola sustatzie aurreikustezute?
Eskerrik asko
Ion
Kaixo Ion,
2011-2015 legealdian Bildu saiatu zen Azkoitia UEMA sartzeko urratsak egiten baina udaleko beste alderdiek ez zuten proposamena babestu. Udaletxetik berriro prozedura abiatuko dugu Azkoitia UEMA sartu dadin.
Uemak udalei eskeintzen dizkion zerbitzuak eta herrietan sustatzen dituen politikak oso garrantzitsuak dira euskararen biziberritzeko. Kale erabilera handitzeko. Gure esku dagoen guztia egingo dugu, Azkoitia arnas gune izaten jarraitu dadin.
Eskerrik asko
Kaixo guztioi,
Bukatu aurretik eskerrak eman nahi dizkizuet galderak egin dituzuen guztioi eta esan atsekabez utzi ditudala beste galdera batzuk erantzun gabe. Denbora agortu zaigulako.
Herri bizia eraiki nahi dugu eta herritarren ekarpenak, proposamenak... garrantzitsuek izango dira. Azkoitia berri bat eraikitzeko.
Maite dugun Azkoitia eraiki nahi dugu.
Eskerrik asko zuen konfiantzagatik.
Beste bat arte.