San Jose egoitzako langileen, egoiliarren eta senideen ordezkarien agerraldi eskaera onartu dute Batzar Nagusietan

Andoni Elduaien 2021ko urr. 6a, 13:10
Azkoitiko San Jose egoitza.

Datozen asteetan egingo dute agerraldia egoitzako langileen komiteko ordezkariek eta egoiliarren nahiz senideen ordezkariek agerraldia Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Gaur, asteazkena, Azkoitiko San Jose egoitzako langileen, egoiliarren eta senideen agerraldi eskaera onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Azkoitiko EH Bilduk jakinarazi du, koalizioko batzarkide-taldeko Iraitz Otañok eskatu duela Gizarte Politiketako Batzordean egoitzako langileen komiteko ordezkariek eta egoiliarren nahiz beraien senideen elkarteko kideen ordezkariek agerraldia egitea. Eskaera aho batez onartu dute Batzar Nagusietan, eta koalizioak jakinarazi du datozen asteetan hartuko dutela hitza.

San Jose egoitzako aferaren harira egin du eskaera EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Izan ere, abuztuaren 27an, bi elkarretaratze egin zituzten egoitzako langileek, han "bizi duten egoera salatzeko". Era berean, irailaren 16an, Azkoitiko Udalak eta Kabiak bilera egin zuten udaletxean, eta langileek, egoiliarrek, senideek eta beste zenbait herritarrek elkarretaratze jendetsua osatu zuten herriko plazan. Elkarretaratze hartan salatu zuten egoitzetan "zaintza duinaren beharra" dagoela. Bide beretik, eskatu zuten udaletxean egindako bileran langileek eta egoiliarren senideek ere parte hartu behar zutela. Udal ordezkariek Kabiako kideekin egindako bilera, oro har, positiboki baliotsi zuten alde guztiek, "borondate" eta "asmo onak" jarri zituztelako mahai gainean. Aste batzuen buruan, aztergai izango dute Batzar Nagusietan Azkoitiko San Jose egoitzaren gaia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide