San Jose egoitzako "egoera jasanezina" salatu dute langileek, egoiliarren senideek eta herritarrek eliz atarian

Anartz Izagirre 2021ko abu. 27a, 20:41

19:00etan hasi da elkarretaratzea, eta alde batean langileak eta bestean senideak zein herritarrak izan dira. Mobilizazioaren amaieran egoitzako egoera "jasanezina" dela nabarmendu du langileen bozeramaileak. Horren aurretik, 18:00etan, San Jose egoitzan bertan mobilizatu dira langileak egoiliarrekin batera.

Azkoitiko San Jose zaharren egoitzako egoera "jasanezina" salatzeko bi elkarretaratze izan dira gaur, ostirala. Lehenik, 18:00etan, San Jose egoitzan bertan mobilizatu dira langileak zein egoiliarrak, eta, ondoren, 19:00etan, eliz atarian izan dira langileak, egoiliarren senideak zein beste hainbat herritar. Bi aldetan banatuta egin dute elkarretaratzea, eta errefortzuak behar dituztela zioen pankartak: "San Jose egoitzan ezinezkoa zaigu baldintza hauetan zerbitzu duin bat ematea, errefortzuak behar ditugu". Beste aldean, berriz, egoiliarren senideak zein hamaika azkoitiar zeuden langileei babesa adierazten eta beren familiartekoen egoera salatzen. Hainbat lelo ikusi dira; esaterako, Egoitza heriotza, Zuzendaritza esnatu!, Egoiliarren familiarrak zuekin bat , Kabia lapurra eta Alkatea non, argazkia hor ziotenak.

Elkarretaratzearen amaieran, bat egin dute eliz atariaren erdialdean langileek, herritarrek zein senideek, eta langileen bozeramaileak egoiliarren senideei eskerrak emanez hasi du hitzartzea: "Eskerrik asko urteetako gure borroka honetan parte hartu duzuelako. Beti izan da jasanezina bizi izan dugun egoera, eta aspertuta gaude arduradunek pilota beti elkarri pasatzen dietelako", azaldu du. Bozeramaileak nabarmendu du arduradunek "ratioen aitzakia" jartzen dutela beti: "Lehen egoera ezinezkoa bazen, pandemiak are gehiago okertu du egoera". Horrez gain, langileak "mugara" iritsi direla azpimarratu du: "Gure osasuna egoera larrian dago".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide