"Asmo onez" betetako bilera izan dela nabarmendu dute parte hartzaileek

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 16a, 17:46
Udaleko eta Kabiako kideak, udaletxeko bilkura aretoan. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Kabiako kideekin goizean egindako bileraren inguruko iritziak plazaratu dituzte Azkoitiko Udaleko ordezkari politikoek. Oro har, bilera positiboki baliotsi dute guztiek, borondate eta asmo onak jarri dituztelako mahai gainean. Hala ere, bileran langile, egoiliar eta senideen ordezkariak falta zirela nabarmendu dute EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak.

Gaur goizean Azkoitiko Udala osatzen duten alderdi politikoetako ordezkariek eta Kabiako kideek San Jose egoitzaz hitz egiteko bilera egin dute udaletxean. Eta, hain zuzen ere, bilera horretan parte hartzen utzi ez dietelako, plazan protesta jendetsua egin dute egoitzako langileek, egoiliarrek, senideek eta hainbat herritarrek. Behin bilera bukatuta, han hitz egindakoaren inguruko iritziak plazaratu dituzte parte hartu dutenetako hainbatek. 

Eskaera politikariei

Azkoitia Bai herri plataforma izan da Maxixatzenera oharra bidaltzen aurrena, Joxe Joakin Etxaniz zinegotziak bileran esandakoa hitzez hitz azalduz. Egoiliarrak nola bizi diren erakusten duten adibideak zerrendatu ditu aurrenik; esate baterako: terrazetan saguak ibiltzen direla; itoginak daudela; musika entzuteko haria izorratu zenetik, musikarik entzun ezinik daudela; azken bi urteotan sukaldeko ke-erauzgailua izorratuta dutela; asteburuetan sendagilerik ez dutela; pskiatra hilean behin joaten dela eta egoiliarrak ez dituela ikusi ere egiten; norberarenak ez diren hortzekin, betaurrekoekin, arroparekin eta aulki egokituekin kalerako prestatu izan dituztela; ohean hamalau edo hamabost ordu pasatu behar izaten dituztela; asteburuetan egoitzako harreran inor ez dela egoten eta egoilar batzuek ihes ere egin izan dutela; komunera joateko denbora luzez zain egon behar izaten dutela eta abar. 

"Pertsona erdigunean jartzea ondo dago, baina zertarako? Erdigunean jarri eta beste aldera begiratzeko?". Arazo horiei guztiak langile gehiago jarrita konpon daitezkeela nabarmendu du Etxanizek, eta bileran parte hartu duten Kabiako ordezkariei eskatu die beren politikari buruari helarazteko "hemen gaur entzundakoa eta bizitakoa, ea horrela bai egoitzako langileei eta bai egoiliarrei falta zaien laguntza heltzen zaien, eta berehala bizimodu duin batera bidean aurrerapausoak ematen ditugun, gaia larria eta presazkoa baita".

Arazoak konponbidean

Azkoitiko Udal Gobernuak ere oharra kaleratu du bilerak eman duena azalduz. Nabarmendu du denek izan dutela aukera Kabiako ordezkariekin zalantzak kontrastatzeko eta haiei beharrezkotzat jo dituzten galderak eta eskaerak egiteko. "Aurretik, Kabiako arduradunek puntuz-puntu erantzun die EH Bilduk eta Azkoitia Bai-k igorritako idatziari. Argi azaldu dute zer egiten ari diren aurkeztutako kexei dagokienez, eta nola ari diren bakoitzari konponbidea ematen eta bideratzen. Esandakoaren arabera, guztiak konponduta egongo dira epe laburrean edo ertainean".

Udal Gobernuaren irudiko, bilerak balio izan du "argi uzteko alde guztien helburua amankomuna dela, alegia, egoiliarrek ahalik eta bizi-kalitate hoberena izatea", eta denek erakutsi dutela horretarako borondatea.

Sakontzeko beharra

Azkoitiko EH Bilduk, bere aldetik, positiboki balioetsi du bilera, nahiz eta han falta ziren langile, egoiliar eta senideen parte hartzea ezinbestekotzat jo duen. "Bilera modu egokian gauzatu da eta Kabiako ordezkarien asmo onak entzun ditugu. Positiboki baloratzen ditugu arazo konkretuei eta txikiei emandako erantzunak eta horiei irtenbidea emateko asmoak. Bileran, ordea, ez da sakondu benetan egoitzetan dagoen arazo nagusian, langileen lan baldintzetan, alegia. Azkoitiko zein Gipuzkoako egoitza gehienetan langileak lan baldintza kaxkarretan ari dira lanean egunerokoan eta errefortzuen beharra agerikoa da".

Horiek horrela, egoiliarren eta egoitzetako langileen bizi eta lan baldintza duinen defentsan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du koalizioak. "Gaurkoa pauso bat izan da eta horretan sakontzeko eta jarraitzeko beharra ikusten dugu. Gaur agindutako hobekuntzen eta aldaketen gainean jarraituko dugu, horiek aurrera eramateko". Azkenik, aipatu du Maite Peña Foru Diputatuari uztailean bidali zioten gutunaren erantzunaren zain daudela oraindik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide