San Jose egoitzan "zaintza duinaren beharra" dagoela aldarrikatu dute herritarrek

Andoni Elduaien 2021ko ira. 16a, 14:43

300 lagun inguru elkartu dira plazan, Azkoitiko San Jose egoitzaren eta han lan egiten duten langileen egoera salatzeko. Elkarretaratzean hitza hartu dute Xanti Ugarte Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza plataformako kideak, Janire Diaz ELAko ordezkariak, Koldo Campos egoiliarrak eta Nagore Silvan egoitzako egoiliar baten senideak.

Gaur, irailak 16, Azkoitiko San Jose egoitzako langileek, senideek, egoiliarrek eta herritar ugarik elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, egoitzan "zaintza duina" behar dela aldarrikatzeko. SOS San Jose egoitza. Zaintza duinaren alde, errefortzuak orain zioen pankartaren atzean elkartu dira 300 lagun inguru. Bien bitartean, ordu berean, udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariak Kabiako kideekin elkartu dira, udaletxeko bilkura aretoan, egoitzari buruzko zenbait alor jorratzeko. 

Udaletxean bilera egin dute udaleko eta Kabiako ordezkariek. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Zaintza hobetzea eskatzeaz gain, plazan elkartutako jendetzak beste aldarrikapen bat ere izan du gaurkoan. Hain zuzen ere, udaletxean egin den bileran parte hartzea eskatu zuten langileek eta senideek, baina Kabiak atzera bota zuen haien eskaera. Horregatik, egoiliarrek, langileek eta senideek grabatutako hainbat ahots mezu zabaldu dituzte azken egunotan, herritarrei gaurko elkarretaratzean parte har zezaten eskatzeko. Egoitza S.O.S. Entzuten ez gaituztenez, ikus gaitzatela lelopean deitu dituzte azkoitiarrak deialdira; izan ere, egoiliarren senideek uste dute "inplikatutako alde guztiek" parte hartu behar zuketeen gaurko batzarrean.

Txilibituen hotsarekin hasi den protesta txalo artean amaitu dute plazan bildu diren herritarrek, eta emozio handiko uneak ere bizi izan dira zenbait momentutan. Bozgorailu baten bitartez, egoitzako egoiliar batek langileen alde abestutako bertsoak jarri dituzte lehenik, eta ondoren, sareetan zabaldu dituzten ahots mezuak. 

Egoitzako egoeraz

Elkarretaratzea amaitu aurretik, ordea, mikrofonoa hartu dute lau kidek. Xanti Ugarte Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza plataformako kidea izan da hitz egiten lehena. Ugartek salatu duenez, egoitzetan egun aplikatzen duten sistema "atzeratuta" dago. "Herriaren gehiengoak ez du sistema hau nahi. Egoitzak pribatizatzea erabaki zuten, horrekin gauzak konponduko zirela pentsatuta". Ugartek nabarmendu du, Europako gainerako leku askotan bezala, adinekoen egoitzek herrigunetik gertu egon behar dutela, eta gainera, horiek "txikiak" izan behar dutela. "Oraindik orain, ehun lagun baino gehiago sartzeko egoitzak ari dira eraikitzen; Europako zenbait estatutan, berriz, debekatuta daude halakoak".

Janire Diaz ELA sindikatuko ordezkariak hitz egin du segidan, eta zoriondu egin ditu langileak, senideak, egoiliarrak, eta, oro har, azkoitiarrak, egoitzako egoera salatzeko egiten ari diren lana "sekulakoa" delako. Diaz Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bizi duten gatazka azaltzen hasi da lehenik, eta Azkoitiko egoitzan bizi duten egoera "kasualitatea ez" dela azpimarratu du. "Ustelduta dagoen sistema baten ondorioa da. Pandemia aurretik, langileen baldintzak ez ziren onak, eta orain egoera areagotu egin da: sekulako prekarietatea dago, lanaldi partzialak dituzte, egutegiak ezin dira jasan eta egun batetik bestera lanera joateko deitzen diete".

ELAko ordezkariaren arabera, egoitzetako langileek bizi duten borrokaren ardatzetako bat da 2007. urtetik hobetu gabe dauden ratioen hobekuntza. "Enpresaren aitzakietako bat da ratioaren gainetik daudela langileak, pertsonala badagoela diote, baina hori gezurra da. 2006ko egoera eta egungoa guztiz desberdinak dira; orain, lan karga bikoiztu edo hirukoiztu egin zaie langileei, eta pertsonala falta da. Beste aldera begiratzen dute". Horren aurrean, datorren astean beste bi greba egun deitu dituzte sindikatuek, zehazki, irailaren 23rako eta 24rako.

Egoiliarrak eta senideak, haserre

Egoiliarrek eta senideek ere hitz egin dute plazan. Koldo Campos egoitzako egoiliarren izenean aritu da. Emozionatuta eta txalo artean hartu du hitza hark, eta azaldu du egoiliar talde batek egoitzako langileei babesa publikoki emateko erabakia hartu zuela. "Langileen auzia gurea ere bada. Langileen falta da egoitzako arazo ia guztien atzean dagoen arrazoi nagusia. Adineko egoitzen eredu soziala aldatzeko beharra sumatzen da, eta ez gara etorkizunerako eskatzen ari, horri buruz orain pentsatzen hastea eskatzen dugu; horretarako urratsak ematen has daitezen nahi dugu".

Camposek jakianarazi duenez, Kabiaren gutuna jaso zuten langileei babesa eman eta lau egunera. "Hamalau egoiliarri gutun bana bidali zigun Kabiak, egoiliarrak ezinbestekoak ginela esateko. Beraiekin biltzeko gonbidapena egin ziguten, dituzten asmoak guri helarazteko eta gure ekarpenak entzuteko. Azaldu genien idatzia langileei solidaritatea adierazteko eta langile gehiago eskatzeko egin genuela, eta inkontsekuentea iruditzen zitzaigula bileran langileak eta gure senideak falta izatea. Ezinbestekoak ginela esatetik, alde batean uztera pasatu dira orain, eta bilera egin dute udalak, Aldundiak eta Biharkok, egoitzari buruz hitz egiteko. Asko eskatzea al da bilera horretan alde guztiak mahai batean elkartzea, elkar entzuteko eta arazoak zein diren ezagutzeko?".

Egoiliarren senideen ahotsa Nagore Silvanek eraman du plazara. Elkarretaratzean parte hartu duten guztiei eskerrak emanez hasi da hura solasean. "Bilera asko egin ditugu beste senideekin, baita langileekin eta egoiliarrekin ere. Egoitzan daudenak, konsziente direnak, oso gaizki ari dira pasatzen; konsziente ez direnak ez dakigu, baina ziurrenik gaizki ariko dira pasatzen. Horrelako gatazketan, entzun behar gaituztenek guri kasurik ez egitea da gogorrena, eta hori da gertatzen ari dena. Ez gaituzte entzun nahi, ez dute gurekin bilerarik egin nahi, eta hori lotsagarria da. Egoitzan ezin da mantendu egoera, ezinezkoa da. Ez daukate bizitza duin bat, eta gure adinekoei hori gertatze ezin dugu onartu".

Horregatik, "borrokan" jarraitzeko deia egin du Silvanek. "Bileran daude, ez dago langileen ordezkaririk, ez dago senideen ordezkaririk, ezta egoiliarrenik ere. Ez dakigu zeri buruz ariko diren hitz egiten. Ezin dugu ulertu, eta oso minduta gaude. Udal Gobernu honen jarrera lotsagarria da, eta berdin zaigu zein alderditakoa den. Senideok ikusten dugu langile falta dagoela. Orain arte, senideen eta langileen arteko giroa kakaztu nahian ibili dira, baina orain ikusi dute guztiok batera gaudela". Zaintza duin bat eskatzen jarraitzeko, elkarretaratzeak egiten segituko dutela ere aurreratu dute senideek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide