Adinekoen egoitzetan ratioak igotzea da gaur egungo aukera bakarra

Erabiltzailearen aurpegia
Azkoitiko San Jose egoitza.

Gaur, irailak 16, Aldundiarekin eta Kabiako teknikoekin udaletxean egindako bileran, Azkoitia Bai herri plataformako zinegotziak esandakoa.

Politikariok behin eta berriz diogu pertsona jartzen dugula erdigunean, gizarteari eta ongizateari une oro garrantzia gehiago ematen diogula. San Jose egoitzan, ordea, atzeraka goaz; ez dugu inolako zalantzarik. Terrazetan saguak ibiltzen dira eta goroldioa dago; izorratu eta konpondu ez diren toldoak daude, itoginak daude eta leiho asko izorratuta.

Lehen etxeko kroketak izaten zituzten egoiliarrek, eta orain, izoztutakoa izaten dute dena.Langileek edo egoiliarrek eraman dituzten ilea lehortzeko gailuak, orraziak edota haririk gabeko telefonoak ere. Lehen, musika entzuten zen egoitzako txoko guztietan; urteak betetzen zituen egoiliarra zoriontzen zuten. Orain, musika entzuteko haria izorratu zenetik, ez da entzuten egoiliarrentzat horren garrantzitsua den musikarik. Azken bi urte eta erdian, gainera, sukaldeko ke-erauzgailua izorratuta dago.

Ostiral gauean norbaitek min hartzen badu, eta hil edo bizikoa ez bada, astelehenera arte zain egon behar izaten dute egoiliarrek, asteburuetan egoitzan ez batago sendagilerik. Psikiatra, berriz, hilean behin joaten da egoitzara, baina ez ditu egoiliarrak ikusi ere egiten; erizainek diotenarekin hartzen ditu erabakiak hark. Askotan, halaber, senideren bat kezkatzen denean hasten dira pilulen tratamenduak aldatzen.

Lehen, egoiliar bakoitzaren hortzak ondo identifikatu ahal zitezkeen bere izenarekin, baina, orain, ez dago hori egiteko denborarik, eta badira beren ordezko hortzak ez direnekin atera direnak ere; arropekin gauza bera gertatzen da, baita aulki egokituekin eta betaurrekoekin ere.

Pertsona orok bezala, egoiliarrek etxetik aterako balira bezala, ongi prestatuta atera nahi izaten dute beren gelatik, hala nola orraztuta, makilatuta eta bizarra moztuta. Jaterakoan ere, itolarri bat edo beste ere pasatu behar izan dute egoiliarrek. Presaka sartu behar izaten zaie janaria, alboan dagoena gosetuta zain egon ohi baita. Jakinekoa da, adin batetik gorako pertsonek ez dutela ordu askoan egiten lo. Nahiz eta lehenago jaiki nahi izan, egoiliarrek, batzuetan, hamalau edo hamabost ordu pasatzen dituzte ohean.

Egoitzako harreran, berriz, asteburuetan ez da inor egoten, eta guztiek dakite egoiliar batzuk ihes egiten dutela kontrol falta horregatik. Ibiltzeko zailtasunak dituzten pertsonek beharrezkoa dute eguneroko paseorako laguntza, eta laguntzaren beharrean, eserita pasatzen dituzte ordu gehienak. Hurrengoan, jaikitzen direnean, egin duten atzerapausoaz ohartzen dira, eta mugimendurako duten gaitasun guztia galtzen dute berehala. Komunera joateko gogoa izanez gero, ostera, denbora luzez itxaron behar izaten dute askotan, laguntzeko ez baitute inor aurkitzen. Eta abar luze bat.

Pertsona erdigunean jartzea ondo dago, baina zertarako? Erdigunean jarri eta beste aldera begiratzeko?Gure taldeak azaldu dituen arazo ia guztiak langile, pertsona –horiek ere pertsonak baitira–, gehiago jartzearekin zuzentzen da, hau da, ratioak igotzearekin. Erregistroei izugarrizko garrantzia ematen die zuzendaritzak. "Guztia erregistratu behar da", esaten diete langileei, hala nola armairuak garbitutakoan, egoiliarrei gauetan posturak aldatutakoan, hortzak garbitutakoan edota egoiliarrak paseora ateratakoan.

Aspalditxoan, ordea, ezin da gauza asko egin, eta gutxi dago erregistratzeko. Langileek egiten duten lana behin eta berriz goraipatu izan digute egoiliarren senideek, izugarrizko lana egiten dutela diote. Baina, noiznahi, negar batean bukatzen dute laneguna, pertsonei ezin dietelako behar luketen denbora guztia eskaini.

Ez dakigu nondik ateratzen duten indarra. Ordu gehiago egiteko borondatea azaldu digute, eta beraz, garbi dago ratioak igotzeko lehen urratsa non eman behar den. Lehen, mojek edota boluntarioek egindako lanak asko disimulatzen zituzten gabeziak hauek guztiak, baina orain jasanezinak dira. Ratioak igotzea da gaur egungo aukera bakarra.

Bestalde, lehen mojak bizi ziren eremua batasuneko gunea deitzen zaionari itsasita dago. Lau egoiliar gela berean eta laurentzako komun batekin bizitzea ekidin ahal izateko, horma hori eraitsi eta eremua aprobetxatzeko eskatu nahi dizuegu, azken urteetan eskatzen ari zaizuen bezala. 

Ez dakigu San Jose egoitzan gertatzen dena beste egoitzetan ere gertatzen den, baina ez diogu beste inori opa. Gertatzen ari baldin bada, berriz, zuen buru dagoen politikariari hemen entzundakoa helarazteko eskatzen dizuegu; gero, Batzar Nagusietan lanean berehala buru belarri jar daitezen, eta behar diren erabakiak har ditzaten. Eraldaketa sakona behar da, egoitzak traste zaharrak uzten diren ganbara bihurtu ez daitezen.

Pertsonak garen heinean, guztiok behar dugu enpatia lantzea, besteak beste, maitasuna, elkarbizitza, komunikazioa eta laguntza; guk lanean jarraituko dugu. Erabakia Batzar Nagusietan hartuko denez eta udaletxe honetan bi ordezkari baditugunez, ea datorren urteko Aldundiko aurrekontuetan zuen borondate ona islatzen den, eta benetan, pertsona erdigunean jartzea lortzen dugun.

Jakinda gaur udaletxera etorri zaretenok ez duzuela erabakitzeko ahalmen handirik, eskatuko genizueke zuen politikari buruari hemen gaur entzundakoa eta bizitakoa helaraztea. Ea horrela bai egoitzako langileei eta bai egoiliarrei falta zaien laguntza heltzen zaien, eta berehala bizimodu duin batera bidean aurrerapausoak ematen ditugun, gaia larria eta presazkoa baita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide