Egoiliarrek, langileek eta senideek elkarretaratzea egingo dute ostegunean, bileran parte hartu beharko luketela aldarrikatzeko

Andoni Elduaien eta Nerea Uranga 2021ko ira. 10a, 12:14

10:00etarako deitu dute elkarretaratzea, udaletxearen aurrean. Ordu berean, Azkoitiko San Joseko egoitzako hainbat kontuz hitz egiteko bilduko dira udaletxean Kabiako eta Azkoitiko Udaleko alderdi guztietako ordezkariak. Egoitzako egoiliarren senideen ustez "inplikatutako alde guztiak" bilkuran izatea beharrezkoa da, eta udaleko oposizioak ere eskari hori egin zion Kabiari. Erakundeak, baina, ezezkoa eman dio eskaerari.

Datorren ostegunean, irailak 16, Azkoitiko San Jose egoitzako egoiliarrek, langileek eta senideek elkarretaratzea egingo dute udaletxearen aurrean, 10:00etan. Hain zuzen ere, udaleko eta Kabiako ordezkariek udaletxean egingo duten bileraren atarian egingo dute kontzentrazioa. Horren bueltan, egoiliarrak, langileak eta senideak hainbat ahots mezu ari dira zabaltzen sare sozialen bidez azken orduetan. Egoitza S.O.S. Entzuten ez gaituztenez, ikus gaitzatela lelopean, deialdira deitu dituzte azkoitiarrak. Egoiliarren senideek azaldu dute, "inplikatutako alde guztiek" parte hartu beharko luketela udaletxean egingo den bileran.

Senideek aldarrikatu zuten moduan, Azkoitiko EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak ere eskatu zioten Kabiari batzar horretara egoiliarren, senideen eta langileen ordezkariak gonbidatzea; Kabiak ezezkoa eman zien, ordea. Bi udal talde horiek, gainera, "oposizioaren lanaz ez jabetzeko" eskatu zioten Udal Gobernuari. San Jose egoitzako egoiliarren senideak ere bat datoz koalizioak eta herri plataformak osteguneko bileraren inguruan egindako eskaerarekin, Mari Karmen Elorza senideetako batek azaldu duenez: "Egoitzaren inguruan hitz egiteko, bilera horretan inplikatutako alde guztien ordezkariek egon behar dute. Egoitzaren egoeraz hitz egiteko izanda, zer zentzu dauka gehien inplikatutako aldeak falta izatea bileran?".

Elorzaren esanetan, adinekoen egoitzako egoerak "lehenago edo geroago" herritar guztiei eragiten die, eta arazoa ez da gaur egun egoiliar direnena bakarrik. "San Jose egoitzako egoera gero eta okerragoa da, eta han egunero dabiltzanek badakite hori. Egoitzaren egoera aztertzen hasi eta sinistu ezin diren datuak azaltzen dira. Egoera barrutik ezagutu behar da, kanpotik ikusten ez diren gauza asko daudelako han", adierazi du Elorzak.

San Jose egoitzako langileek egoiliarren senideen "babes osoa" dutela azpimarratu du Elorzak: "Gure egonezina azaltzeaz gainera, langileekin bat egiten dugula azaldu nahi dugu, haiek ere egoera honekin gaizki pasatzen ari direlako". Izan ere, Elorzaren arabera, egoitzako arazoaren muina langileak falta izatea da. "Egoitzan gertatzen dena langile faltaren arazoa. Arazo horrek, noski, egoiliarrengan ere eragina dauka. Gainera, langile falta izatea ez da Azkoitiko egoitzaren arazoa bakarrik, egoitza askotan ari da gertatzen".

Horregatik guztiagatik, San Jose egoitzako egoiliarren senideen arabera, "garrantzitsua" da datorren osteguneko bileran "interesa duten alde guztiek" parte hartzeko aukera izatea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide