Egoiliarrak, langileak eta senideak bilerara gonbidatzeko oposizioak egindako eskariei ezezkoa eman die Kabiak

Andoni Elduaien 2021ko ira. 3a, 12:48
Azkoitiko San Jose egoitza.

Azkoitiko EH Bilduk ez du erabakia "inondik inora ulertzen". Era berean, Kabiari eskatu dio egoiliarrak, langileak eta senideak hilaren 16ko bilerara gonbidatzeko egindako eskaerari "beste aukera bat" emateko.

Irailaren 16an, Kabiak eta udal ordezkariek San Jose egoitzaren inguruko hainbat puntu aztertzeko bilera egingo dute udaletxean. Horren bueltan, Azkoitiko EH Bilduk gaur, ostirala, ohar bidez jakinarazi du Kabiak ezezkoa eman diola bilera horretara egoitzako egoilarrak, langileak eta senideak gonbidatzeko koalizioak egindako eskariari. Bide beretik, jakinarazi du Azkoitia Bai herri plataformak ere eskari bera egin diola erakundeari.

Asteartean jaso zuten udal talde guztiek Kabiaren bilera deialdia. Oposizioan dauden udal taldeek, baina, Udal Gobernuari eskatu zioten beren lanaz ez jabetzeko. Koalizioak gaur adierazi du egoiliarrekin, senideekin nahiz langileekin hitz egin dutela harrezkero. "Bai beraiek eta bai guk beharrezkoa ikusi genuen beraiek ere bilera horretan parte hartzea; beraz, atzo, Kabiako Arantza Lekuona gerentearekin jarri ginen harremanetan, gure nahia azaltzeko".

"Tamalez" Kabiak bileraren planteamendua aldatzeko asmorik ez duela azaldu du EH Bilduk. "Ez dugu erabakia inondik inora ulertzen, ezta partekatzen ere. Bilera EH Bilduk eta Azkoitia Baik eskatu arren, EAJ eta PSE-EE taldeak gonbidatu bazituzten, zergatik utzi dituzte orain egoitzako egoiliarrak, langileak eta senideak kanpoan, hitz egiteko gehien beraiek dutenean?", adierazi du EH Bilduk.

Koalizioak azpimarratu du oraindik "garaiz" dela erabakia atzera bota eta bilerara egoiliarrak, langileak eta senideak gonbidatzeko. "Kabiari gure eskaerari beste aukera bat emateko eskatzen diogu, eta Udal Gobernuari hori lortzen saiatzeko". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide