Oposizioaren lanaz ez jabetzeko eskatu diote EH Bilduk eta Azkoitia Baik Udal Gobernuari

Andoni Elduaien 2021ko ira. 1a, 17:30

Udal ordezkariek eta Kabiako ordezkariek irailaren 16an San Jose egoitzaren hainbat puntu jorratzeko bilera egingo dute. Bilera "alkatearen kontaktuen ondorioz" lortu dela irakurri izanagatik, "harridura" azaldu dute Azkoitiko EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak.

Azkoitiko Udalak gaur, asteazkena, jakinarazi duenez, udalak eta Kabiak San Jose egoitzaren hainbat puntu jorratzeko bilera egingo dute, irailaren 16an. Azkoitiko EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak batera sinatutako oharrean azaldu dutenez, bi udal taldeek joan den uztailean gutun bana bidali zieten Kabiako Elena Basagoitia zuzendariari eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuari. Koalizioak eta herri plataformak jakinarazi dutenez, Kabiatik bilera egingo zutenaren erantzuna jaso zuten "segituan", baina diputatuaren partetik erantzunik ez dutela jaso adierazi dute.

Era berean, bi udal taldeek beren "harridura" erakutsi nahi izan dute. "EH Bilduk eta Azkoitia Baik sinatu genuen gutun hura, EAJk eta PSE-EEk ez zuten beharrik ikusten gutun hura bidaltzeko, egoitzan arazorik ez baitute ikusten. Gaur, ordea, harritu egin gaitu bilera hori alkatearen kontaktuen ondorioz lortu omen dela irakurtzeak".

Horren aurrean, Udal Gobernuari "beste taldeen lanaz horrela ez jabetzeko" eskatu diote koalizioak eta herri plataformak. "Egoiliarren, egoitzako langileen eta senideen alde lana benetan egin nahi badu, beste taldeekin batera egin dezala, eta ez soilik titular bat atera nahi duenean", azaldu dute EH Bilduk eta Azkoitia Baik. Hala eta guztiz ere, bi alderdiek bileran parte hartuko dutela jakinarazi dute. "Egoitza duin baten alde lanean jarrituko dugu".

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide