Azkoitian emango diote azken agurra Xabier Arzalluzi

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 1a, 09:44
Xabier Arzalluz. (Argazkia: EAJ)

Atzo, osteguna, Bilbon hil zen Xabier Arzalluz politikari azkoitiarra, 86 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna bihar, zapatua, izango da Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan, 19:00etan.

Azkoitian jaioa (1932ko abuztuaren 24a) euskal politikagintzako pertsonairik ezagunenetakoa izan da Xabier Arzalluz Antia. EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidentea izan zen 1980tik 1984ra eta 1987tik 2004ra. Politikari azkoitiarraren aldeko hileta-elizkizuna datorren larunbatean izango da Azkoitiko parrokian, 19:00etan. Bere hil kapera Bilboko ehorztetxean izango da bihar arte.

Azkoitiko jeltzaleek Arzalluzen abertzaletasuna nabarmendu duteArzalluzen ibilbideari eta balioei buruz galdetu diegu Nerea Zubizarretari, Asier Aranbarriri eta Arantxa Zubizarretari. «Maisua», «erreferentea» eta «abertzale handia» bezalako hitzak izan dituzte jeltzale azkoitiarrek Xabier Arzalluzentzat.

Maxixatzen Herri Aldizkariak 2001eko maiatzean plazaratu zuen Xabier Arzalluz buruzagi jeltzaleari egindako elkarrizketa. Sabin Etxeako bere bulegoan hartu zituen politikari azkoitiarrak Irene Elorza eta Idoia Alberdi kazetariak. Solasaldi hartatik hainbat pasarte ekarri ditugu gogora.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide