Arzalluzen abertzaletasuna nabarmendu dute Azkoitiko jeltzaleek

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 28a, 18:35
Xabier Arzalluz. (Argazkia: EAJ)

Xabier Arzalluz (Azkoitia, 1932-2019) zendu berri den politikariak arrasto sakona utzi du, eta herriko hainbat jeltzalek nola gogoratuko duten jaso dugu. Arzalluzen ibilbideari eta balioei buruz galdetu diegu Nerea Zubizarretari, Asier Aranbarriri eta Arantxa Zubizarretari:

 

Nerea Zubizarreta (alkate ohia): «Ezeren gainetik bere abertzaletasuna eta herriarekiko zuen maitasuna nabarmenduko nituzke»

«Zenbaitek betiko izan beharko lukeela pentsatzen duzu, eta hura zen haietako bat. Oso txundituta gaude. Gure alderdiarentzat ikaragarria izan da, eta nola ez, Euskal Herriarentzat. Denborak esango du zein neurritako politikoa izan zen eta zein izan ziren hark emandako pausoak.

Niri arlo ezberdinetan tokatu zitzaidan, bai alderdi milan, bai erakunde mailan. Harremana izan nuen berarekin. Maisu handi bat zen. Ezeren gainetik bere abertzaletasuna eta herriarekiko zuen maitasuna nabarmenduko nituzke.

Azkoitiarekin lotura beti izan du. Bere familia Azkoitikoa zuen eta urtero etortzen zen, ahal izan zuen bitartean, Santu Guztien Egunean eta andramaixetan salbera, besteak beste. Oso azkoitiarra sentitzen zen. Gizon handi bat galdu dugu».

 

Arantxa Zubizarreta (EAJko Gipuzkoako batzarkidea): «Niretzat ikaragarrizko erreferente politikoa zen»

«Xabier Arzalluz eredu politiko ikaragarria izan da niretzat. Erreferente bat. Lider petoa. Bera bezalako politikoak sortzeko belaunaldiak beharko dira. Baina, hala ere, bere eredua argi dugu, batez ere, Gipuzkoan, eta goian bego.

Batez ere, bere abertzaletasuna nabarmenduko nuke. Erabateko izaera abertzalea zuen Arzalluzek. Ez dut berekin harremanik eduki inoiz, baina ni EAJn afiliatzeko arrazoi nagusia, nire amaren jardunaz gain, Arzalluz izan zen. Niretzat ikaragarrizko erreferente politikoa zen. Aspalditik jarraitzen nuen.

Benetan hunkituta nago. Arzalluz bezalako pertsonak behar ditugu, Euskal Herriak aurrera egiteko».

 

Asier Aranbarri (alkate ohia): «Gaur daukagun Euskadi, neurri handi batean, Xabier Arzalluzi esker da»

«Xabier Arzalluz zerbait izan bada, abertzale handi bat izan da; burutik hasi eta hanketaraino, bere zentzurik zabalenean. Momentu zailetan eta gogorretan herria bide egokitik eramaten jakin izan du. Gaur daukagun Euskadi, neurri handi batean, Xabier Arzalluzi esker da, dudarik gabe.

Azkoitiarra izanda, nola ez, harreman zuzena izandakoa naiz berekin. Duela urte batzuk, EAJn ardura batzuk izatea egokitu zitzaidan, eta berekin harreman zuzena izan nuen orduan.

Gainera, oso Azkoitia maitea zen, zentzu guztietan. Elkartzen ginenean beti galdetzen zuen Azkoitiari buruz, eta Azkoitiaren nondik norakoak oso gertutik jarraitzen zituen. Eta horren ezaugarri nabarmenena da zapatuan izango den bere aldeko hileta-elizkizuna Azkoitian izatea».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide