Xabier Arzalluz hil da

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 28a, 16:30
Xabier Arzalluz. (Argazkia: EAJ)

EAJk jakinarazi berri duenez, EAJko buru historikoa hil da. Azkoitian jaioa (1932ko abuztuaren 24a) euskal politikagintzako pertsonairik ezagunenetakoa izan da. EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidentea izan zen 1980tik 1984ra eta 1987tik 2004ra. Haren aldeko hileta-elizkizuna datorren larunbatean izango da Azkoitiko parrokian, 19:00etan.

Xabier Arzalluz Antia EAJko lider historikoa gaur hil da, 86 urte zituela, EAJk sare sozialetan jakinarazi berri duenez:

EAJren eta abertzaletasunaren azken hamarkadetako buruzagi esanguratsuena izan da Arzalluz. Rol garrantzitsua jokatu zuen Espainiako trantsizioan, eta Gernikako Estatutuaren negoziazio eta garapenean. Bere alderdiaren baitan egondako krisialdirik larrienaren protagonista ere izan zen, Eusko Alkartasunaren sorrera ahalbidetu zuena. Bestela, karisma handiko buruzagia izan zen haren ibilbide osoan zehar, Espainiako politikariekin zein abertzalearekin ika-mikak izandakoa.

Garaikoetxea 1980an Eusko Jaurlaritzako lehendakari aukeratu zuten, eta Arzalluzek alderdiaren gidaritza hartu zuen urte berean.

Alderdiko presidentetzaren lehen urteetan, ETArekin harremana izan zuen hainbat batzordetako kide izan zen.

Garai horretan lehertu zen EAJk izan duen alderdi baitako krisirik larriena. Lurralde Historikoek Legeari buruzko eztabaida dela eta, haustura izan zen alderdian. Ezin ulertu horren ondorioz, Eusko Alkartasuna sortzea erabaki zuten Garaikoetxeak eta haren aldekoek. Eztabaida giro horretan, etena egin zuen Arzalluzek alderdiaren gidaritzan. 1984an EBBko presidentetza utzi zuen Cambridgen (Erresuma Batua) ingelesa ikasteko. 1987an izendatu zuten berriro ere EAJko buru.

Arzalluzen ibilbide politikoari buruzko xehetasun gehiago BERRIAn.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide