Arzalluzi 2001ean egindako elkarrizketako hainbat pasarte

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 28a, 18:34

Maxixatzen Herri Aldizkariak 2001eko maiatzean plazaratu zuen Xabier Arzalluz buruzagi jeltzaleari egindako elkarrizketa. Sabin Etxeako bere bulegoan hartu zituen politikari azkoitiarrak Irene Elorza eta Idoia Alberdi kazetariak. Solasaldi hartatik hainbat pasarte ekarri ditugu gogora:

  •  Haurtzaroa: «Txakurzulon jaio nintzen. Orain dena aldatuta dago. Gogoan dut han zegoen putzu bat; emakumeek arropak garbitzen zituzten bertan, eta Errexil tabernakoek ardoa edota sagardoa izaten zuten bertan freskatzen. Han ibiltzen ginen gu, gora eta behera. Garai hartan ez zegoen auto asko. Hori zen gure mundua».

 

  • Ikasketak: «Haurtzaroko ikasketak Floreagan egin nituen. Ondoren, jesuitetan jarraitu nuen, Durangon eta Xabierren. Batxilergoa amaituta, Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasketak egin nituen. Zaragozako Unibertsitatean Zuzenbidea ere ikasi nuen. Alemaniara joan nintzen ondoren, alemana ikastera eta neure ikasketak sakontzera».

 

  • Abertzaletasuna: «Esan daiteke, kanpoan egin nituen urteetan areagotu zitzaidala kontzientzia abertzalea. Nire esperientzia eta beste askorena izan da hori. Kanpoan zaudenean zu nor zaren, nondik zatozen… galderak erantzuten hasten zara. Zure kontzientzia, nortasuna… indartu egiten dira».

 

  • Politika: «1968ko abuztuan afiliatu nintzen EAJra. Garai hartan, dena isilpekoa izaten zen, inork ez zuen horren berri. Madrilen nengoela alderdikoak etorri zitzaizkidan, batetik, argitalpen klandestino bat aurrera ateratzeko laguntza eske, eta bestetik, Europara joateko norbait behar zutela esanez. Niretzat gogorra izan zen, nik unibertsitatean eskolak ematen ikusten nuen orduan neure burua. Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen, eta 1971ean EBBko kide egin ninduten. Handik urte batzuetara, Gipuzkoako Aldundira bidali ninduten… Lehendakarigai izatea ere bat baino gehiagotan proposatu izan didate. Ez dut uste harrokeria denik hori esatea. Ni nintzen garai hartako aurpegi ezagunenetakoa. Lehendakari izatea nahi izan banuen, izango nintzatekeen. Herri hau aurrera atera behar dela konbentzituta nago, eta horrek motibatzen nau politikan jarraitzera». 

 

  • Politikako unerik atseginena eta garratzena: «ETAren su-etena, Lizarra Garaziko garaia, zalantzarik gabe, unerik atseginena. Emozio handiko garaia izan zen. Perspektiba ederrarekin, gustura aritu ginen lanean. Zerbait zetorrela sinistuta geunden… Unerik garratzena, berriz, gure alderdiaren zatiketa».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide