Um Blem Blem tabernarien elkartea: «Udalaren kudeaketarik ezak tabernarioi egiten digu kalte handiena»

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 14a, 11:08

Azken boladan Azkoitiko parrandaren inguruan gertatzen ari denarekin kezkatuta daude Um Blem Blem tabernarien elkarteko ordezkariak. Diotenez, asko borrokatu dira herrian festa izateko, eta, behin hori lortu dutenean, galtzeko arriskuan ikusten dute beren burua. “Gu tabernatik bizi gara, eta gure eskubideak defendatu behar ditugu”.

 

“Azkoitiko Udalak uste du arazo txarra dela herrian jende asko ibiltzea, baina horrek arazo ona izan beharko luke”, diote tabernariek. “Arazo hori udalak jakin behar du kudeatzen. Nork nahi du bere herria hilda egotea? Inork ez. Gure arazoa taberna barruan gertatzen dena da; tabernako atetik kanpora gertatzen dena udalaren arazoa da”, gaineratu dute. “Guk kalekoa kudeatzeko eskumenik ez dugu. Horregatik, guri komeni zaigu udalak kudeaketa ona egitea, hala nola komun publikoak jartzea, udaltzaingoa bueltaka ibiltzea eta autobus zerbitzu gehiago egotea. Herrian dagoen arazoa tabernariok ari gara ordaintzen. Udalaren kudeaketarik ezak kalte handiena tabernarioi egiten digu”.

Joan den urtarrilean, herriko guraso talde batek sinadura bilketa hasi zuen, eta guztira 250 sinadura inguru bildu zituzten. Horrez gain, udalean gutun bat aurkeztu zuten, “Azkoitian gazteen artean gertatzen ari den aldaketa dela eta”. Tabernariek diote sinadurak bildu dituzten gurasoen taldea oso multzo txikia izan dela eta ume horien heziketak etxetik hasi behar duela. “Errua ez diote barran lanean ari den zerbitzariari bota behar; guk barratik, nahiz eta gurasoek ez uste, lan handia egiten dugu. Baina zenbait gaztek edan nahi duen hori edatea lortzen du, guk zerbitzatu ez arren. Eta beste asko kaleko edana eginda sartzen dira tabernara. Etxean kontrolatu ezin dituztenak dira gazte horiek, eta gero tabernetan adin txikikoei alkohola ateratzen zaiela esaten hasi dira. Hori gezurra da. Tabernetan erre egiten dela ere esaten dute; hori leku guztietan gertatzen da. Gainera, guk ezin dugu zerbitzari, polizia eta hezitzaile lana egin, eta, hala ere, denak egiten ditugu”, azaldu dute. “Goizeko 04:30ean 15 urteko gazte bat kalean badago, hori gurasoen arazoa da, ez gurea”.

Herriko kexak ugaritzen ari zirela ikusita, udala herriko hainbat talderekin bildu zen joan den martxoan, alkohol eta droga kontsumoaren prebentzioaz hitz egiteko. Bilera horien ondoren, ordenantza berri bat onartu zen udalaren osoko bilkuran. Tabernariak, ordea, ez daude ados ordenantza horretan hartutako zenbait neurrirekin. Besteak beste, ezingo dute herriko plazan kontzerturik jarri uztailera arte, eta segurtasuna bermatu beharko dute. “Taberna bakoitzak urtean 6.000 euro jartzen ditu musika taldeei ordaintzeko; orain, gainera, herritarrek zerbait puskatzen badute eta kontzertu horrek eragina izan duela uste bada, kalte horiek ere tabernariek ordaindu behar dituzte. Dena guk ordaindu behar dugu, eta, gainera, geroz eta muga gehiago ari zaizkigute jartzen. Alderantzizko mundua da gurea: guztiek euren herrira jendea etortzea nahi dute, eta gure ordezkariek, berriz, ez dute nahi inor etortzerik. Bestalde, ostalaritzako elkarteak azken urteetan Azkoitian izandako gertakariei buruzko txostena eskatu zuen –bahiketak, erasoak…–, eta ezer ez zegoen. Beraz, horrekin ere ez dator bat udalaren azken ordenantza”.

 

‘Azkoiti bizi eta alai baten alde’ egitasmoa

Debeku horiek ikusita, tabernariek ere sinadura bilketa hasi zuten joan den maiatzean, Azkoiti bizi eta alai baten aldelelopean. Guztira ia 1.300 herritarrek sinatu zuten hamar egunean, eta tabernariek azpimarratu dute 16 urtetik gorako gazteez gain nagusi eta guraso askok sinatu zutela. “Guk herriaren babesa jaso dugu argi eta garbi. Herriak hitz egin du, ez guk. Gainera, inolako kanpainarik egin gabe lortu ditugu sinadura guztiak. Batez ere, kanpora joan beharrik ez izateko sinatu du jendeak. Jendea ez egotea arazo larriagoa da jendea egotea baino, eta herritarrek, bat aukeratzekotan, nahiago dute oraingo parranda lehengoa baino. Jendea sinatzeko gogoz etorri da tabernetara. Hori sentitu egin dugu”. Maiatzaren 12an utzi zituzten sinadurak udaletxean. “Hainbeste sinadura lortuta, gaiak zeresana emango du, eta udalak hausnarketa egitea espero dugu”.

Tabernarien esanetan, kexarik gabeko herririk ez dago, kexak beti egongo baitira, baina udalak gauza asko egin ditzake kexa horiek gutxitzeko. “Ikusten genuen duela bi urte pilota bazetorrela, zapatu gauetan Azkoitira gero eta jende gehiago etortzen ari baitzen. Hilero batzeko proposamena egin genion udalari, arazoari irtenbide bat emateko elkarlanean. Baina, hala ere, bi urtean bakarrik hiru aldiz biltzea lortu dugu, eta guztietan errieta bakarrik egin digute. Guk herriko taldeekin –gurasoekin, bizilagunekin, eskolekin– egon nahi dugu, denok batera, guztioi gauza bera azaltzeko eta elkarren berri denok izateko. Gu guztiekin hitz egiteko prest gaude. Ados jartzea geuri interesatzen zaigu gehiena, baina tabernatik kanpo pasatzen dena guk ezin dugu kudeatu, eta horregatik eskatzen dugu kudeaketarako elkarlana. Guretzat oinarrizkoa da hori”.  

“Jenderik ez badago, arazorik ez dago besteentzat, baina guretzat bai”, diote tabernariek. “Lehen, hainbeste kostata jendea herrian gelditzea lortu genuen, eta orain lehengora itzultzeko arriskuan gaude”. Azken bi hilabeteetan jende gutxi ibili da herrian, eta beheraka doala konturatzen ari dira.

Tabernek dinamismoa ematen diote herriari, eta bizi sozialerako ezinbesteko espazioa dira, tabernarien ustetan. “Herriarentzat oinarrizkoak dira tabernak; hori errealitatea da. Txikiteoa jendearekin erlazionatzeko egiten dute herritarrek. Bizitza soziala tabernan egiten da Euskal Herrian. Herri guztietan udala tabernariei laguntzak ematen ari da, eta guri dena kendu digute. Orain, aprobetxatuz lortu dugula jendea herrian gelditzea, koordinazio handiagoa eduki nahi dugu udalarekin eta herriko eragileekin. Elkarrekin hitz egin nahi dugu”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide