Sinadura bilketa abiatu zuen herriko guraso talde bat

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 14a, 11:11

Gure sinadurak jaso ostean, hainbat bilera egin zituzten gaiarekin zerikusia zuten hainbat talderekin. Kexak zituzten bizilagunek eta guk batera egin genuen bilera. Lehen harremana izateko antolatu zuten bilera, bakoitzak zituen kexak aurrez aurre azaltzeko.

 

Bizilagunek, esaterako, esaten zuten bebarruetan zarata handia egoten zela, txiza eta botaka egiten zutela, txirrina ere apurtu izan dietela eta balkoira ere igo zaizkiela. Kexa horiek, antza, guk sinadura bilketa hasi baino lehen jakinarazi zizkieten udaleko ordezkariei.

Bileran esan ziguten ordenantza berria egiten ari zirela eta harremanetan egongo ginela. 

Gero gutun bat ere iritsi zitzaigun, kontrako arrazoibideak aurkeztu nahi bagenituen ere. Eta, gero, ordenantza berria onartu zen. Ez dakigu, ordea, noiz hasiko diren arau horiek betetzen; izan ere, oraindik ere tabernetan alkohola ateratzen diete adin txikikoei, eta taberna barruan ere erre egiten dute.

Ondoren, tabernarien sinadura bilketa hasi zen, eta gurasook negozioa kendu nahi geniela esan zuten; horrez gain, adierazi zuten udalak gure sinadura bilketarengatik autobusen zerbitzuak kendu dituela eta herria inkomunikatuta utzi nahi dutela… Eta argi utzi nahi dugu gure sinadura bilketa ez zela izan horretarako.

Guk gazteekin legea bete zedila bakarrik eskatzen genuen. Guk ez dugu beste guztia defendatzen. Azkoitiko gazteen onerako eta etorkizun hobe baterako hasi genuen sinadura bilketa.

Hau ez da sinadura gehiago lortzeko taldeen aurkako lehia. Guk legea bete dadila bakarrik eskatzen dugu, gazteen onerako. 14 urteko gazteak etxera mozkortuta iristen direla ikusten dugu. Nik ez dakit hori normala den, edo tabernek normaltzat jotzen duten edo herriko kulturagatik dela uste duten.

Nahiago nuke etorkizunean ere gure seme-alabek ez balute parrandara herritik kanpora joan beharrik izango. Hori guraso guztiok nahi dugu; nola nahiko dugu, ba, herritik kanpora joatea gure gazteak? Hori pentsaezina da. Eta esan diren gauza asko testuingurutik atera dituzte. 

250 sinadura inguru lortu genituen astebetean. Bagenekien udalean bilerak egiten hasiko zirela, eta behintzat gehiagoren babesa bagenuela ikusteko egin genuen. Ez ginen joan mila edo bi mila sinadura lortzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide