Urratsa egiteko ordua

2.982 herritarrek hartu dute parte herri galdeketan

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 7a, 21:31
Urrats taldeak balorazioa egin duen uneko irudia.

9.448 azkoitiar zeuden gaurko herri galdeketan botoa ematera deituta. Guztira, 2.982 herritarrek eman diote erantzuna Urrats taldeak antolatutako herri galdeketari. Boto eskubidea zutenen artean, %31,56k hartu dute parte erabakitze eskubidearen inguruko galdeketan.

 

20:00etan hauteslekuak eta boto kutxak itxi ondoren, botoak zenbatzen hasi dira antolatzaileak. Azken parte hartze datuak egiaztatu ondoren, Urrats talde osoa herriko plazako eszenatokira igo da balorazioa egitera. Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar? galderari 2.899 herritarrek eman diote erantzuna. %97,1ek, baietzaren aldeko botoa eman dute, eta 49 herritarrek, %1,64k ezezkoaren hautua egin dute. Baliogabeko botoak 8 izan dira, eta zuriak 26.

Urrats taldeak balorazio positiboa egin du. "Gaurkoa egun handia izan da, eta benetan pozik gaude", adierazi du Leire Gorrotxategi Urrats taldeko kideak jendez beteta zegoen plazak txaloka hartzen zituzten bitartean. 150 boluntarioei eskerrak emanez jarraitu du, eta galdeketa eguna "festa egun" bihurtu duten sortzaileekiko ere esker hitzak izan ditu.

Udalari eta herriko eragileei ere eman dizkiete eskerrak. Iñaki Tolosa kidea, ordea, herritarrei zuzendu da bereziki. "Zorionak gaurko protagonista nagusioi, etorkizunaz iritzia ematera hurbildu zaretenoi, erabakitzeko eskubidea gauzatu duzuenoi", azaldu du Tolosak.

"Lehen aldiz etorkizunaz erabakitzeko eskubidea izan dugu azkoitiarrok, eta ez dugu hutsik egin, Euskal Herriko beste 51 herritan bezalaxe", gehitu du Gorrotxategik. "Ariketa demokratiko honek erakutsi digu herrian galdetzeak gizartea kohesionatu eta elkartu egiten duela, ezberdinen arteko konplizitateak sortzen dituela, gizarte osoa ateratzen dela garaile horrelako prozesuetan", azpimarratu du Urratseko kideak. "Olatu honek argi eta garbi erakutsi digu herri galdeketak edonon direla posible, tamaina eta errealitate guztietako lekuetan, tokian tokiko herri borondateak hala ahalbidetzen badu", jarraitu du.

Balorazio sakonagoa egiteko ordua iritsiko dela esan dute, baina emaitza "onak" izan direla azpimarratu dute. "Galdetu egin zaigulako eta iritzia emateko aukera hutsa lorpen handia delako", azaldu du zergatia Tolosak. "Lurra ereiten ari gara, lantzen, goxatzen, konplizitatea bilatzen eta herritarrak ahalduntzen".

Urratseko kideek azaldu dutenez, gizarte osoa ateratzen da garaile horrelako prozesuetan. "Proba guztiak gainditu ondoren, lortu dugu hautetsontziak plazara ateratzea, zilegitasun, legaltasun eta berme guztiekin, eta normaltasun osoz gainera", azaldu du Tolosak.

"Hauxe da bidea, herriak hitza hartu, eta bidea denon artean marraztu", gehitu du Gorrotxategik. "Lan horri esker etorriko da Euskal Herriko herritar guztiek etorkizunaz galdera modu ofizialean egingo den eguna", adierazi du azkenik Gorrotxategik.

Urratsek duela bost-sei hilabete ekin zion bideari. Bidea elkarrekin ikasiz egin dutela onartu dute. Bide horretan aurrera egingo dutela esan dute, "dagokigun eskubidea aitortu arte". "Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta herritarron garaia da. Aurrean biderik ez da norberak egina ez bada. Eskerrik asko denoi", amaitu dute Urratseko kideek. Erabakitze eguna Erabaki kanta eskainiz amaitu dute herriko plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide