'K-baret' antzerki musikala garaile Buero Sarietan

Erabiltzailearen aurpegia Bigoterik Gabea Antzerki Taldea 2019ko mai. 10a, 14:07

Cocacolak antolatutako Buero Vallejo gazte antzerki topaketetan EAEko antzerki obra onenaren saria jasoko dute 'K-baret' antzerki musikaleko kideek, eskolaz kanpoko mailan.

Lehiaketa hori antolatzen dute gazteen artean antzerkirako grina eta afizioa sustatzeko asmoz. Cocacola Fundazioak antolatzen duen 16. edizioa izan da aurtengoa, eta aurreko edizioetan ere jaso izan dituzte sariak 'Rise And Shine' eta 'Shine Again' obrekin.  

Sari nagusiaz gain beste aipamen bereziak ere egoten dira, eta 'K-baret' obrak ere jaso ditu sariak hainbat aspekturen inguruan: 

·     Korreografia.

·     Eszenografia.

·     Zuzendaritza: Kari Alberdi eta Xabier Barquero.

·     Interpretazioa: Aitor Ayerdi.

 

Oso pozik daude taldeko kideak eta orain ekainaren 8an Gasteizen ospatuko den sari banaketa ekitaldian egongo dira taldeko kideak sariak jasotzen.

Orain beraz fase nazionalera sailkatu da Azkoitiko taldea eta ekainera arte itxaron beharko dute estatu mailako irabazleen berri jakiteko. Oso zaila da bertan irabaztea, baina Madrilen antzerki obra egin beharko litzateke irabaziz gero. Denek egiten dute horrekin amets, obran dioten bezala “ilusioa da mundua mugitzen duena”.

Bi urte eman dituzte obra berria prestatzen eta inoiz baino erronka handiagoak izan dituzte. Xehetasun oro zaintzen saiatu dira, eta obra behin baino gehiagotan ikusi behar da guztiaz ohartzeko.

Sariez gain, publikoaren harrerarekin ere oso gustura daude taldekideak. Azkoitian izandako bi emanaldietan eta Azpeitian izandakoan goraino bete zuten aretoa, eta jendearen erantzuna oso ona izan zen. Oraindik ez dute beste emanaldirik itxi, baina etorkizunean gehiago izatea espero dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide